Euskaltel Taldeak bere Administrazio Kontseilua berritzea proposatu du, Ana García Fau eta Beatriz Mato andreak kontseilari gisa onartuta

  • Proposamen honen bidez, Euskaltel Taldeak eredu aurreratuenen alde egiten du, eta bere Administrazio Kontseiluaren osaera Gobernu Korporatibo Egokiaren arauetara egokitu du.
  • Akziodunen Ohiz Kanpoko hurrengo Batzar Orokorra irailaren 29an egingo da, eta orduan onetsi beharko dira izendapen berri hauek. Izendapenen helburua da trantsizio digitalean konpainiak duen lidergoa indartzea eta Plan Estrategikoaren helburuei erantzutea, Espainiako merkatuan zabalduz hazteko eta bere betiko merkatuetan duen presentzia indartzeko.

Derion, 2020ko abuztuaren 25ean. Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak aho batez proposatu du Ana García Fau eta Beatriz Mato andreak konpainiaren Gobernu Organoaren kontseilari independente berri izendatzea. Proposamen horren bidez, Euskaltel Taldeak Gobernu Korporatibo Egokiaren arauak egokitzeko eredu aurreratuenei heldu die, osaera paritarioaren alde eginez -% 40 emakumezkoak- eta kontseilari independenteak sartuz bere Administrazio Kontseiluan.

Ana García Fau eta Beatriz Mato izan dira konpainiaren kontseilari izateko hautagai egokienak, enpresaren Izendapen Batzordeak gidatutako hautaketa-prozesuaren ondorioz. Batzordeak Administrazio Kontseiluari aurkeztu dio proposamena, eta kontseilukide guztien ahobatezko oniritzia jaso du.

Kontseilari berri horiek proposatzeko erabakia hartzeko, Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak, hautagai bien profil profesionala balioesteaz gain, telekomunikazioen sektorean -tokikoan, estatukoan zein nazioartekoan- duten eskarmentua eta jakintza zabala aitortu du.

Izendapen horiek une erabakigarrian datoz, Euskaltel Taldeak datozen bost urteetarako plan estrategikoa onartu berri baitu eta arrakastaz hasi baita estatuko merkatura hedatzen. Hautagai biek profil egokia dute konpainiaren bilakaeraren fase berriari ekiteko, konpainiak bere berezko merkatuetan dituen marka tradizionalak are gehiago sustraitzeko eta asko zabaltzen ari den estatuko merkatura iristeko, trantsizio digitalean duen lidergoa indartzen duen aldi berean.

Alde horretatik, Beatriz Matok Galiziako enpresa- eta erakunde-sarean duen esperientzia eta jakintza zabalari esker, Taldeak merkatu horretan duen galiziar-profila indartuko du R markaren bidez. Ana García Fau, bere aldetik, izen handiko profesional bat da, ibilbide eta esperientzia zabala duena enpresa-zuzendaritzan; gainera, kontseilari izan da nazioartean erreferente diren sektoreko hainbat konpainiatan, kotizatu zein ez-kotizatuetan.

Administrazio Kontseilua 10 kidekoa eta parekidea izango da, eta independente gehiago izango ditu

Bestalde, Gobernu Korporatiboaren arloko gomendioak aintzat hartuta, hala nola funtzionamendu eraginkorra lortzea, kontseilari guztiek parte-hartze aktiboa izatea eta erabakiak hartzeko azkartasuna ahalbidetzea, Administrazio Kontseiluak kide-kopurua murriztea proposatu du, eta hamar lagun izango ditu hemendik aurrera.

Proposamen biak -hau da, kontseilari berri horiek izendatzea eta Administrazio Kontseiluko kide-kopurua hamarrera murriztea- Taldeko Akziodunen Ohiz Kanpoko Batzar Orokorrak onetsi beharko ditu, irailaren 29an egingo duen saioan.

Orain arte, Administrazio Kontseiluak 11 kide zituen, baina haietako hiruren agintaldia amaitu da. Elisabetta Castiglioni, José Ángel Corres eta Miguel Ángel Lujuaren kasua da hori.

Irailean egingo den Akziodunen Ohiz Kanpoko Batzar Orokorrak aldaketa horiek onartzen baditu, Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak osaera hau izango du: kontseilari independenteak gehi kanpoko kontseilaria batuta kontseilari dominikalak baino gehiago izango dira.

Beraz, honela banatuko lirateke, onetsiz gero, Sozietateko Administrazio Kontseiluko 10 kideak: 4 kontseilari dominikal, 4 kontseilari independente, kontseilari exekutibo bat eta kanpoko kontseilari bat.

Eskarmentu handia estatuan eta nazioartean

Ana García Fau Zuzenbidean eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen Comillasko Pontifize Unibertsitatean, ICADE (E-3, finantzetako espezialitatea). Enpresa Administrazioko master bat ere lortu zuen Massachusettseko MIT Sloan School Of Management-en.

Gainera, zenbait erakunderen aholkularitza-kontseiluko kide da; besteak beste, DLA PIPER GLOBAL & DLA PIPER INTERNATIONAL,LLP eta SALESFORCE.COM IBERIA/EMEA erakundeetan. International Women Forum Spain-eko eta beste fundazio eta elkarte batzuetako kide ere bada.

Esperientzia handia du telekomunikazioen sektorean, eta erantzukizuneko zenbait lanpostu izan ditu Telefónica Taldean eta Yell-Hibu enpresan. Ardura exekutiboko hainbat zeregin bete zituen TPI-Páginas Amarillas enpresan, finantzetako zuzendari nagusi eta Garapen Korporatiboko zuzendari nagusi gisa, eta, aldi berean, zenbait enpresaren administrazio-kontseiluetako kide izan zen; adibidez, Publiguías-Chile, TPI Perú, Telinver-Argentina eta Adquira. HIBU enpresan (lehen, YELL), Espainiako, Latinoamerikako eta AEBko merkatu hispanoko kontseilari delegatua izan zen, HIBUren nazioarteko Batzorde Betearazleko kidea izan zen, bai eta Garapen Korporatiboko eta Estrategia Globaleko zuzendari nagusi ere.

Sektorean jardun aurretik, Espainiako eta nazioarteko zenbait konpainiatan egin zuen bere ibilbidea, hala nola McKinsey & Company-n, Goldman Sachs-en eta Wolff Olins-en.

Ana García Fau kontseilari independentea da Merlin Properties SA, Gestamp Automoción SA sozietate kotizatuetan, eta exekutiborik gabeko presidentea Finerge SA sozietatean.

Beatriz Mato Otero Barakaldon jaio zen (Bizkaia), 1965ean. Industria-ingeniaria da, Enpresa Antolakuntzako espezialitatean (Bilboko Industria Ingeniarien Goi Eskola), eta Enpresa Zuzendaritza eta Administrazioko MBA masterra du (A Coruñako Unibertsitateko Negozio Eskola). Gainera, Sozietateen Gobernu Egokiaren ziurtagiria lortu zuen Kontseilarien eta Administratzaileen Institutuan, eta Kontseilari Andreen Espainiako Elkarteko kide da.

Beatriz Matok 30 urteko ibilbide profesionala egin du enpresa pribatu eta publikoetan. Zenbait enpresa-proiektu gidatu ditu teknologien sektorean, eta ETE-en eta multinazionalen aholkularitzan. Kudeaketa publikoan ere aritu da, Galiziako Gobernu Autonomikoko kontseilari gisa.

Esperientzia zabala du aholkularitza espezializatuaren sektorean, kalitateko sistemen ezarpenaren alorrean, bai eta berrikuntzaren sektorean ere. IBM España enpresaren sistemen teknikari gisa ekin zion bere ibilbide profesionalari (1989-1991), eta, gerora, zerbitzu informatikoetako teknikari komertzial gisa jardun zuen Rank Xerox-en (1991-1993), eta, aurrerago (1993-1995), kalitateko ingeniari gisa Norcontrol ingeniaritzan (gaur egun, Applus).

Kudeaketa publikoan ere esperientzia zabala du, Galiziako Gobernu Autonomikoko sailburu gisa; lehenengo, 2009-2015 denboraldian, Lan eta Ongizateko sailburu izan zen, eta, gero, 2015-2018 denboraldian, Ingurumen eta Lurralde Antolaketako sailburu. Era berean, 2002tik 2005era, Arrantza Saileko ordezkari probintziala izan zen.

Sogaserso SA sozietate anonimoko lehendakari izan zen 2009 eta 2010ean, eta, 2009tik 2018ra, Galiziako hainbat erakunde publikotako administrazio-kontseiluetako kide, hala nola A Coruñako Portuko Agintaritzan, Ferrol-San Cibraoko Portuko Agintaritzan eta Ekonomia Sustapeneko IGAPE Institutu Galegoan.

Gainera, IGAPEren Berrikuntza Sailaren buru zelarik, 1995etik 2000ra bitartean, Galiziako zenbait enpresari informazioaren teknologietan eta aholkularitza-zerbitzuetan laguntzen jardun zuen, aholkularitza ekonomiko-finantzarioa, nazioartekotzeko zerbitzuak eta ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuak eskainiz.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com