Euskaltelek hitzarmen bat sinatu du Estatu osoan Adamoren zuntz optikoaren sarerako sarbidea izateko

  • Hitzarmen horri esker, Euskaltel Taldeak Adamoren zuntz optikoaren sare osorako sarbidea izango du; sare horrek Estatu osoko milioi bat etxe baino gehiago biltzen ditu.
  • Hitzarmenak 5 urteko indarraldia du, bi aldeek adostuta luza daiteke, eta Adamok aurten bere sarean sartzea espero duen beste 500.000 etxeetara heda daiteke.
  • Euskaltel Taldeari bere sarearen kudeaketan eraginkortasuna hobetzen jarraitzeko aukera emango dio.

Bilbo, 2020ko irailaren 8a. Euskaltel Taldeak gaur jakinarazi du hitzarmen bat sinatuko duela Adamo zuntz optikoko operadorearekin, eta horren bidez haren zuntz optikoaren sare osorako sarbidea izango duela Estatu osoan. Handizkako hitzarmen horri esker, Euskaltel eta bere marka guztiak Estatu osoko milioi bat etxe baino gehiagotara iritsiko dira, eta Adamok bere aurreikuspenen arabera aurten bere sarean gehituko dituen beste 500.000 etxeetara ere heda daiteke hitzarmena.

Hitzarmenak 5 urte iraungo du, eta bi aldeek hala adosten badute luzatu egingo da. Haren bidez, Euskaltelek Adamoren sarerako sarbidea izango du bitstream modalitatean, bai eta Euskaltel Taldeak Adamoren sarean Estatu mailan egiten duen merkataritza-jarduera erabat egokia eta eraginkorra izateko behar diren ekipo eta sistema tekniko guztietarako sarbidea ere.

Hitzarmen hori guztiz onuragarria izango da Euskaltel Taldearentzat, zeina Virgin telco markarekin hasi baitzen funtzionatzen Estatu osoan joan den maiatzaren 20an. Joan den uztailaren 23an 2020ko bigarren hiruhilekoko emaitzak aurkeztu zituenean adierazi zuenez, merkaturatze hori guztiz arrakastatsua izan da; izan ere, barne-itxaropenak gainditu ditu, eta Taldeak inoiz baino bezero gehiago izatea ekarri du. 2020ko ekainaren 30ean, Virgin telcok 6.500 bezero zituen.

Gainera, gaur jakinarazitako hitzarmenak aukera emango dio Euskaltel Taldeari bere sarearen kudeaketan eraginkorrago izaten jarraitzeko. Taldeak Orangerekin eta Telefonicarekin sinatutako hitzarmenen bidez dihardu Estatu mailan. Adamorekin sinatutako hitzarmenari esker, malgutasun eta eraginkortasun handiagoz erabiliko ditu sareak Estatu mailan, eta horrek ondorio positiboak izango ditu konpainiaren aurreikuspenetan.

2020ko bigarren hiruhilekoko emaitzekin batera, Euskaltel Taldeak jakinarazi zuen gutxi gorabehera 40 milioi euro erabili zituela urteroko sinergiak ezartzeko bide-orri estrategiko berria ezarri zuenetik; sinergia horiei esker, Taldeak inoiz ez bezalako errentagarritasun-maila lortu du. Halaber, Taldeak iragarri zuen epe luzeko ekimen gehiago egingo zituela salmenten arloan, bezeroari arreta emateko prozesuetan, sistemetan eta sarean. Sinatutako hitzarmena urrats bat gehiago da eraginkortasun horiek ezartzeko bidean.

José Miguel García Euskaltel Taldearen CEOak zera esan du: "Gaur sinatu dugun hitzarmena urrats garrantzitsua da Taldearen estrategian; izan ere, aukera ematen digu gure jarduera hedatzen jarraitzeko eta sarea modu eraginkor batez kudeatzeko, bai gure sarea hedatzeari dagokionez, bai etxe berrietara iristeko aukerari dagokionez, sareak partekatzeko hitzarmenak sinatuta; adibidez, Adamorekin. Gure helburua da gune eta herri guztietara iristea, baita urrun daudenetara ere, eta, hala, gure gizartean dagoen eten digitala desagerrarazten laguntzea telekomunikazio-zerbitzu aurreratuagoak eskainiz".

Adamoko CEO Martin Czermin-ek esan du "gustura" dagoela hitzarmenarekin, "bazkide garrantzitsu bat irabazi dugulako, eta, batez ere, Espainiako landa-eremuetan azken belaunaldiko telekomunikazio-zerbitzuak eskaini nahi dituen bazkide bat delako. Eremu horietan, Internetek Espainia hustuan duen presentziarik adierazgarriena gara".Hau ere esan du: "Adamo hazten ari da, eta ez bakarrik bezero propiotan, baita handizkako bezerotan ere. Adamoren sarea hasieratik egon da irekita beste operadore batzuei, eta handizkako akordio ugari ditugu Espainian osoan".

Adamok bere estaldura du Katalunian, Madrilen, Valentziako Erkidegoan, Kantabrian, Nafarroan, Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, Extremaduran, Errioxan Galizian, eta Andaluzian. Adamok tokiko partner aditu bat izaten du erkidego bakoitzean, eta, hala, bere sarea azkar hedatzea lortzen du: konpainia gai da hilero landa-eremuko 30.000 etxe berriri konexioa emateko.

Euskaltel Taldeari buruz

Euskaltel Taldea Espainiako telekomunikazio-konpainia nagusietako bat da, pertsona, erakunde eta enpresen komunikazio-beharrei erantzun integrala ematen diena. Euskaltel Taldea -Euskaltel markarekin Euskadin, R markarekin Galizian eta Telecable markarekin Asturiasen- lider da jarduten duen merkatu guztietan, tokian-tokian ondo errotua dago eta nagusi da zuntz optikoan eta telekomunikazioko zerbitzu bateratuetan.

Gainera, Virgin telco markaren bidez, Espainiako merkatu osora iristeko hedatze-estrategiari ekin dio, eta, era berean, abiadura handiko banda zabala, datu-bolumen handiko telekomunikazio mugikorrak eta telebista-eskaintza sendoa eskaini nahi dio 18,4 milioi etxebizitzako merkatuari.

IKTetako soluzioak eskaintzen ditu konpainiak etxeko eta enpresako bezeroen komunikazio-ziklo guztirako, zerbitzu teknologikoen aukera zabal baten bidez: Internet, telefonia finkoa, telefonia mugikorra, telebista digitala, banda zabala, eraldaketa digitaleko prozesuak, IoT soluzioak (gauzen Internet), smart cityetarako soluzioak eta 4.0 industria.

Adamori buruz

Adamok Bartzelonan du egoitza, eta nazio mailako operadorea da, baina eskualdeko eta tokiko negozioaren ikuspegia du. 2007az geroztik dihardu konpainiak Espainiako merkatuan, eta landa-eremuei eta biztanle-dentsitate handiko hiri-eremu berriei ematen die lehentasuna, merkatuko zuntz optikorik azkarrena eskainiz (1.000 Mb/s). EQTk (Adamoren % 80 du) egungo hedapen-plana babesten du, zeina 250 milioi eurorekin sustatu baitu duela gutxi. Azpiegitura propioa duenez, Internetez gain, telefonia finkoa eta mugikorra eskaintzen die bezeroei, bai eta enpresa-merkatuarentzako eta handizkakoentzako zerbitzuak ere.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com