• Euskaltel, enpresa-partzuergoaren kudeatzailea izateaz gain, datozen 30 hilabeteetan 5G errealaren proba pilotuak egiteko prestatutako sarearen operadorea ere izango da; proba horiek mugikortasunaren, industriaren, energiaren eta zibersegurtasunaren alorrean egingo dira, besteak beste.
  • "Euskadi 5G" proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babes sendoa du, ekimena funtsezkotzat jotzen baitu Euskadirako duen plan estrategikoa sustatzeko.
  • Esperientzia honen bidez, Euskadi eta Euskadiko enpresa-ingurunea eta zentro teknologikoak teknologia berri honen garapeneko eskualde aurreratuenen artean kokatuko dira.
  • Proiektua dagoeneko onartua dago, 7,1 milioi euroko inbertsioarekin; Red.es erakunde publiko estatalak 2,2 milioi euroko diru-laguntza eman du, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu da, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura.

2020ko irailaren 17a. "5G Euskadi" proiektuari adjudikatu diote teknologia berri hori garatzeko eta ezartzeko Espainiako Gobernuaren laguntza-programa, eta Euskaltelek kudeatuko eta koordinatuko du proiektua. Euskadiko 5G errealeko lehen proiektu pilotua da, eta Euskadiko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala sustatzeko konpromisotik sortu da.

"Euskadi 5G" proiektuaren esparruan, 5G azpiegituraren pilotu bat sortuko da, sare eta guzti, mugikor-operadore birtual baterako, non Euskaltelek jarriko baititu sarea kudeatzeko elementu nagusiak (CORE) eta oraingo ostatatze-hornitzaileak (Orangek), berriz, irrati bidezko sarbidea. Euskaltelen teknologia horri esker, 5G errealeko zerbitzuak eman ahal izango zaizkie etorkizunean Euskaltel taldeko bezeroei.

Pilotu honekin, 5G-k ahalbidetzen dituen teknologiak izango ditu Euskaltelek (banda zabal ultra azkarra, latentzia txikia, milioika gailuren konexioa). Lehen fasean, "Non Stand Alone? teknologia erabiliko da; 5G-ko hasierako teknologia da, eta horretan oinarritzen dira iragarritako merkataritza-hedapenak. Eta proiektuaren funtsezko muina den bigarren fasean, berriz, "Stand Alone" teknologia erabiliko da; hots, 5G erreala. 5G-ren etorkizuneko teknologia da, haren gaitasun guztiak eta garapen funtzionala ekarriko dituena.

Horretaz gain, arreta berezia jarriko da ertzeko konputazioko zentroak sortzean, funtsezkoak baitira -5G-ko gainerako teknologiekin batera- industriaren, energiaren eta mugikortasunaren esparruetan eta beste batzuetan hainbeste aplikazio dituen unibertso teknologiko hori ahalbidetzeko, eta, hala, gaur egungo prozesuak hobetzeko eta eboluzionatzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko zerbitzu eta funtzio berriak izateko.

Euskaltel, etxe eta enpresetarako 5G teknologiaren hornitzailea

Proba pilotu honi esker, Euskaltel 5G errealeko teknologiaren hornitzaile gisa posizionatuko da bai etxeko bai enpresako segmentuetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei lehiakortasuna hobetzen lagundu ahal izango die etorkizunean.

Proiektuan garatuko diren erabilera-kasuen artean, haririk gabeko sarearen eta finkoaren arteko konektagarritasuna dago, zuntzik izan ez arren banda ultrazabaleko abiadurak lor daitezen 5G teknologien abantailez baliatuz. Halako konexio-motei esker, eraginkortasun handiagoz ematen da zerbitzua dentsitate txikiko inguruneetan (hala nola landa-eremuetan), eta bertan behera gelditzen da, baldin badago, eten teknologikoa.

Baterako ekimen horren bidez, batetik, 5G sare bat zabalduko eta gaituko da, datozen 30 hilabeteetan, Euskadiko Parke Teknologikoetan (Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban), eta aurrekontuaren % 65 erabiliko da horretarako. Bestetik, 9 erabilera-kasu garatuko dira, eta horrekin osatuko da aurrekontua. Mugikortasunaren, energiaren, industriaren, zibersegurtasunaren eta sareko zerbitzuen alorretako produktuen eta zerbitzuen merkaturatu aurreko garapena egitera bideratuak daude, zehazki, erabilera-kasu horiek. Horretarako, azken belaunaldiko 5G teknologiarekin esperimentatuko da (edge computing, network slicing eta sarearen birtualizazioa), eta testatuko da 5G-ak zer ahalmen dituen abiaduran (4G-a baino 20 aldiz azkarragoa), latentzian (4G-ak baino 100 aldiz latentzia txikiagoa) eta gauzen internet (IoT) masiboan (4G-arekin baino 100 aldiz gailu gehiago konekta daitezke km2 bakoitzeko).

Euskaltelek, halako proiektu bat aurrera ateratzeko, Eusko Jaurlaritzarekin eta beste erakunde eta organismo publiko eta probatu batzuekin lan egin du ekimen batzuetan, eta, azkenik, Red.es-ek partzuergoari adjudikatu dio "Euskadi 5G" proiektua.

Proba pilotu honetan eraikiko den azpiegitura, etorkizunean hura oinarri hartuta egin ahal izango diren proiektuen trakzio izateko sortu da, eta, alde horretatik, azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzak 5G-ko proiektuei laguntzeko programetan erakutsi duen ekimena.

5G teknologiaren garapena Euskadin

"5G Euskadi" proiektua Red.es programaren 2. deialdiaren parte da, eta 5G sareen etorkizuneko garapenari eta lurraldearen garapen sozial eta ekonomikorako duten garrantziari buruzko hausnarketatik sortu zen, kontuan harturik teknologia hori aplikatuko dela mugikortasunaren, energiaren, industriaren eta zibersegurtasunaren arloetan. Onetsitako proiektu guztiek helburu hauek dituzte: 5G sareen lehen hedapenak eta teknologia horrek sarea kudeatzeko ahalbidetzen dituen teknikak esperimentatzea, eta erabilera-kasuak garatzea eragile guztien inplikazioarekin, erabiltzaileak barne.

5G Plan Nazionalaren eta Lurralde Adimendunen Plan Nazionalaren esparruan egindako 5G pilotuen deialdien bidez, eskaera goiztiar bat sustatu nahi da, 5G-aren ahalmenekin esperimentatzeko eta ekosistemen garapena sustatu ahal izateko operadoreen, teknologia- eta soluzio-hornitzaileen eta inplikatutako gainerako eragileen artean.

Esperientzia honi esker, Euskadi eta Euskadiko enpresa-ingurunea eta zentro teknologikoak teknologia berri honen garapeneko eskualde aurreratuenen artean kokatuko dira. Hala, 5G-ak bere heldutasun teknologikoa eta komertziala lortzen duenean herrialdea prest egongo da zerbitzuak egoki emateko eta teknologia horren aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, funtsezko teknologia izango baita datorren hamarkadan herrialde aurreratuenetan gizartea eta ekonomia digitalki eraldatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza

Estatuko laguntza-programa "Euskadi 5G" proiektuari adjudikatu izana Euskaltelek Eusko Jaurlaritzarekin eta beste erakunde eta organismo publiko eta pribatu batzuekin halako beste ekimen batzuetan aldez aurretik egindako lanaren emaitza da, zalantzarik gabe. Garatuko den azpiegitura beste proiektu batzuen bultzatzaile potentziala izango da; izan ere, beste proiektu batzuek erabili ahal izango dute etorkizunean, 5G-ko proiektuak sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren programen esparruan.

"Euskadi 5G" proiektua Euskaltel kudeatzaile duela garatzeko, partzuergo bat osatu da, 13 bazkiderekin. Bazkideak ekosistema zabal batekoak dira, haien artean baitira telekomunikazioetako operadoreak, sareko ekipamenduen hornitzaileak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, erakunde publikoak eta enpresa pribatuak: Euskaltel, R, Orange, MÁSMÓVIL taldea, ZTE España, ZTE Managed Services, Gestamp, Ikusi (Velatia taldea), CAF, Dbus (Donostiako Udala), Datik (Irizar taldea), CEIT eta Vicomtech. Enpresa horiek, gainera, lankidetza-hitzarmenak egin dituzte Iberdrola, Basque Security Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Tecnun Nafarroako Unibertsitatearekin.

"Euskadi 5G" proiektua Red.es-ek onetsia da (Ekonomia eta Enpresa Ministerioko erakunde bat da Red.es), eta 30 hilabeteko iraupena izango du. Inbertsioa 7,1 milioi eurokoa da; Red.es-ek 2,2 milioi euroko dirulaguntza eman du, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu da, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com