• CEBEKi atxikitako enpresei telekomunikazio-zerbitzu osatuagoak eta arreta pertsonalizatua eskainiko dizkie Euskaltelek.
  • ETE-etarako Soluzioa du izena Euskaltelen proposamen digitalak. Enpresen komunikazio guztiak bateratzen ditu, eta malgutasun eta segurtasun osoa. Gainera, enpresek ez dute ekipoetan inbertitu beharrik.
  • Operadorearen helburua da erakundeei trantsizio digitala egiten laguntzea. Izan ere, trantsizio hori are beharrezkoagoa da gaur egungo osasun-krisian, konektagarritasuna eta lankidetza funtsezkoak baitira.
  • Gainera, Euskaltelek eta CEBEKek enpresen eraldaketa digitalerako interesgarriak diren gaiak identifikatzen lagunduko dute, eta trebakuntza-jardunaldiak eta topaketak egingo dituzte CEBEKeko bazkideentzat.

Bilbon, 2020ko irailaren 22an. CEBEK-Bizkaiko Enpresen Elkarteak eta Euskaltel Taldeak beste urrats bat egin dute aurrera beren lankidetzan, eta lehendik sinatua zuten akordioa berritu dute. CEBEKen egoitzan egin dute ekitaldia, eta han izan dira CEBEKeko presidentea, Iñaki Garcinuño, eta idazkari nagusia, Francisco J. Azpiazu. Euskaltelen izenean, berriz, Xabier Iturbe presidenteak eta José Miguel García kontseilari delegatuak hartu dute parte. Hitzarmen berrituari esker, telekomunikazio-operadoreak irtenbide aurreratuak eskainiko dizkie CEBEKeko kide diren enpresei, eraldaketa digitalean laguntzeko. Izan ere, eraldaketa hori are beharrezkoagoa da gaur egungo osasun-krisian, zeinean konektagarritasuna eta lankidetza gizartearen ardatz bihurtu baitira.

Enpresek beren zerbitzuak bezeroen neurrira ekarri behar dituzte, eta, aldi berean, beren lehiakortasunari eutsi. Eta horren baitan dago, hein handi batean, enpresek beren jarduerari eutsi ahal izatea. Covid-19ak eragindako egoera berrian, enpresentzat ezinbestekoa da gertuko telekomunikazio-zerbitzu bat edukitzea, segurua, eta haien beharretara egokitzen dena.

Lankidetza-hitzarmen honen bidez, Euskaltelek balio erantsia duten telekomunikazio-zerbitzuak jarriko ditu CEBEKi atxikitako enpresetan, eta arreta pertsonalizatua emango die, aholkulari gisa jardunez eta komunikazio-irtenbide integratuak sustatuz, enpresaburuei eguneroko kudeaketan sortzen zaizkien premiei erantzuteko.

Zehazki, Euskaltelen ETE-etarako Soluzioa izango dute eskura, hots, enpresen komunikazioak barne hartzen dituen zerbitzu malgu, oso eta seguru bat. Malgua da, edozein unetan eta tokitan lanpostuetara egokitzen delako, telefonoguneetan eta ekipamenduetan inbertitu beharrik gabe; osoa da, zerbitzu guztiak barne hartzen dituelako (Internet, ahots-lineak, terminalak, finkoetarako eta mugikorretarako deiak, wifi-sarbidea, faxa eta lehentasunezko mantentze-lana); eta, azkenik, segurua da, larrialdietarako soluzioak eta 24x7ko laguntza teknikoa dituelako.

Hitzarmen honi esker, CEBEK-Confederación Empresarial de Bizkaiari atxikitako enpresa guztiek beste abantaila batzuk dituzte eskaintza estandarrarekin alderatuta. Hauek, besteak beste: alta eta hiru hilabeteko harpidetza doan hodeiko edo malware kontrako soluzioan, urruneko segurtasun-kopian, edo Wifi Pro-n, doako web-ostatatzea, deskontuak mugikor-lineetan, mega gehigarrietan, eta abar.

Euskaltelen izenean, Xabier Iturbe presidenteak nabarmendu du garrantzitsua dela osasun-krisiak sortutako errealitate berriak ekarri dizkigun aldaketetara azkar egokitzea. "Egoera honetan, funtsezkoa da enpresek, edozein neurritakoak direla ere, azkar bereganatzea teknologia digitalak, aldaketan laguntzeko. Eraldaketa digitala jada ez da aukera bat, baizik eta saihestu ezin den errealitate bat".

José Miguel García kontseilari delegatuak, berriz, azpimarratu du garrantzitsua dela Euskaltel bezalako aliatu bat izatea alor horretan, konektagarritasuna eskaintzeaz gain aholkulari-lana ere egingo duena: "Enpresekin lankidetzan aritzen gara prozesu guztiak modu eraginkorrean kudeatzeko behar duten guztian, gailuak, sareak eta zerbitzuak modu gardenean konbinatuz". Merkatuko telekomunikazio-zerbitzurik onenak eskaintzen ditugu".

"Hitzarmen honi esker, telekomunikazio-zerbitzurik aurreratuenak eskaintzen jarraituko dugu, eta, horien bidez, kudeaketa hobetzen eta eraginkorrago izaten lagunduko diegu enpresa handiei eta txikiei" esan du Iñaki Garcinuñok. CEBEKeko lehendakariak gaineratu duenez, "era berean, gure helburua da zerbitzu pertsonalizatua eskaintzea, eta CEBEKeko enpresei eta elkarteei abantaila gehiago ematea, lehiakortasuna hobetzeko betiere"

Gainera, Euskaltelek eta CEBEKek enpresen eraldaketa digitalerako interesgarriak diren gaiak identifikatzen lagunduko dute, eta trebakuntza-jardunaldiak eta topaketak egingo dituzte CEBEKeko bazkideentzat.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com