Telekomunikazioetako operadore honen bezeroei mailegu-eskaintzak esklusiban emango dizkie Bankuak

  • Euskaltelen norbanako erabiltzaileak eta autonomoak izan daitezke onuradun, finantza-erakundearen bezero izan ala ez
  • Gutxieneko kuotarik eta interesik gabe, 36 hilabetera arteko epean ordaindu ahal izango dira. Zenbatekoak telefonoaren hileroko kuotan bertan bateratuko dira
  • Enpresa biek akordio berri honek eskaintzen duen potentzial ekonomiko eta estrategiko handia azpimarratu dute

2020ko irailaren 24an. Euskaltelek eta Kutxabankek aliantza estrategiko berria sinatu dute. Honen bitartez, telekomunikazioetako operadorean bezeroei telefono mugikorren ordainketa geroratzeko finantza-eskaintza berezia egingo die Bankuak, esklusiban.

Akordioa Euskalteleko kontseilari delegatuak, Jose Miguel Garciak, eta Kutxabankeko kontseilari delegatuak, Javier Garcia Lurueñak sinatu dute. Biek lankidetza berri honen potentziala goretsi dute.

Jose Miguel Garciak patrikako telefonoak epeka erosteko dagoen joerari erantzun ahal izatea azpimarratu du. "Bezeroak gure erabaki guztien erdian kokatzea da gure helburua, eta bezeroek mugikorrak erosteko baliabideak eta erraztasunak eskatzen dituzte. Akordio honekin urrats berria egin dugu, eta prozesu arin eta erraz baten bitartez erosketak finantzatzeko aukera ematen diegu. Kutxabankekin elkarlanean aritzea era naturalean dator, bi konpainiek gure jakituria eskaintzen baitugu, bezeroentzat ahalik eta eskaintza onena sortuz".

Javier García Lurueñak ekimenari buruz esan duenez, "aukera handiak ekarriko ditu, eta konfiantza handiko bi bazkideren harreman instituzionalean beste urrats bat da, gure ibilbideek lotura handia izan baitute. Ondorioz, Kutxabanken merkataritza-maileguko bezeroen zorroari aniztasuna emango dio". Gaineratu du, "gure negozio-alorretan bi enpresa lider gara, eta bakoitzak hobekien ezagutzen duena egin ahal izango du aurrerantzean, batek telekomunikazioen esparruan, eta besteak finantzazio arduratsuaren alorrean".

Kutxabanken lankidetzari esker, Euskaltelen bezeroek mugikor berrien erosketak geroratu ahal izango dituzte, online edota Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Errioxan eta Kantabrian kokatutako 55 salmenta gunetan.

Eskaintza norbanako bezeroentzat eta autonomoentzat sortu da, Kutxabanken bezero izan ala ez. Gainera, ez du gutxieneko kuotarik izango, eta interesik gabeko amortizazio-epea 36 hilabetera arte luzatu ahalko da.

Finantzazio formula honen berezitasunetako bat da, kuota bera telefonoaren hileroko fakturan bateratzen dela, bezeroek mugikorrak errazago eskuratu ahal ditzaten. Gehienez 2.500 euroko zenbatekoa geroratu ahal izango da, eta epekako ordainketa modu arin, seguru eta errazean kontratatu daiteke, dagoeneko abiarazi den prozesu digitalaren bidez, dokumentazio eta datu luzerik eman gabe. Honela, Euskaltelen bezeroek mugikorra berehala eraman ahal izango dute, zain egon beharrik gabe.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com