Operadoreak eta enpresa-elkarteak hitzarmen bat sinatu dute Arabako enpresei eraldaketa digitalean laguntzeko

  • Euskaltelek telekomunikazio-zerbitzuak jarriko ditu SEAri atxikitako enpresetan, eta arreta pertsonalizatua emango die, aholkulari gisa jardunez eta komunikazio-soluzio integratuak eskainiz.
  • Euskaltel eta SEA Arabako Enpresak elkarteak 16 urte daramatzate elkarlanean kudeaketa-eredu berritzaileenak egokitzeko, telekomunikazio-teknologia eta -zerbitzu aurreratuak txertatuz.

Bilbon, 2020ko urriaren 6an. Enpresek, digitalizazio-prozesu saihestezinean, telekomunikazio-zerbitzu aurreratuak eta adituen aholkularitza hurbila izatea eskatzen dituzte, besteak beste. Hori dela eta, Euskaltelek eta SEA Arabako Enpresak elkarteak hitzarmen bat sinatu dute. Haren bidez, operadoreak eta enpresa-elkarteak konpromisoa hartzen dute enpresei inguratzen dituen ekonomia berri konektatu eta sentsorizatuan dituzten erronketan laguntzeko.

Euskaltelen instalazioetan egindako ekitaldian, Pascal Gómez SEA Arabako Enpresak elkarteko presidenteak eta Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak berretsi egin dute aurten ere elkarrekin lan egiteko apustua, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta, zerbitzu eta soluzio digitalen bidez, beren negozio-ereduen eraldaketa digitala bideratzeko, sendotze-bide gisa.

Hamasei urte daramatzate elkarlanean Euskaltelek eta SEAk, SEAri atxikitako enpresei lehiakor izateko tresnak eta berrikuntza eskaintzen, eta haien kudeaketa-ereduak hobetzen, telekomunikazio-teknologia aurreratuenak txertatuz. Osasun-krisia dela eta, are beharrezkoagoak dira konektagarritasuna eta sarean lankidetzan jardutea, eta, hortaz, erakundeek dimentsionatuta mantendu behar dituzte beren zerbitzuak eta komunikazio-sareak, bezeroen beharrei erantzun ahal izateko. Egoera horretan, aliatu aditu bat izatea da enpresa-paradigma berrira, errealitate berrira egokitutako enpresa konektatuen paradigmara, behar bezala egokitzeko bidea.

SEA Arabako Enpresak elkarteko presidenteak, Pascal Gómezek, gogora ekarri du erakunde horren apustua zein den: "komunikazioak digitalizatzea dugu helburu, lehiakortasuna hobetzeko funtsezko tresna baita, batez ere ekonomiarentzat bereziki delikatua den une honetan, non Arabako enpresaburuen esku dauden baliabide eta tresna guztiak erabakigarriak izango baitira datozen hilabeteetan eutsi eta hurrengo ekitaldiari berme osoz aurre egiteko".

Gomezek adierazi duenez, munduko egoera gero eta zorrotzagoak eta ekonomia konektatu eta sentsorizatu berriak eskatzen dituzten beharrak kontuan hartuta, telekomunikazioak ezinbestekoak dira Arabako enpresek azken urteotan lortu duten maila altuari eusteko.

Bestalde, Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak berretsi egin du "Arabako enpresen eraldaketa digitalerako prozesuaren garrantzia; prozesu horretan, Euskaltelek bazkide eta aliatu gisa dihardu, teknologia enpresa bakoitzaren benetako beharretara egokituz. Gure balio-proposamenak soluzio berritzaileenak hartzea du oinarri, Espainiako eta nazioarteko kide espezializatu nagusiekin egiten ditugun aliantzei esker".

Abantaila gehigarriak

Hitzarmen honen bidez, Arabako enpresek Euskaltelen ETE Soluzioa izango dute eskura, hots, enpresen komunikazioak barne hartzen dituen zerbitzu malgu, oso eta seguru bat. Malgua da, edozein unetan eta tokitan lanpostuetara egokitzen delako, telefonoguneetan eta ekipamenduetan inbertitu beharrik gabe; osoa da, zerbitzu guztiak barne hartzen dituelako (Internet, ahots-lineak, terminalak, finkoetarako eta mugikorretarako deiak, wifi-sarbidea, faxa eta lehentasunezko mantentze-lana); eta, azkenik, segurua da, larrialdietarako soluzioak eta 24x7ko laguntza teknikoa dituelako.

SEA Arabako Enpresak elkarteari atxikitako enpresa guztiek beste abantaila batzuk dituzte eskaintza estandarrarekin alderatuta. Hauek, besteak beste: alta eta hiru hilabeteko harpidetza doan hodeiko edo malware kontrako soluzioan, urruneko segurtasun-kopian, edo Wifi Pro-n, doako web-ostatatzea, deskontuak mugikor-lineetan, mega gehigarriak, eta abar.

Sinatutako lankidetza-hitzarmenak SEAri atxikitako enpresei aholkularitza eskaintzea du oinarri, enpresen prozesuak eraldatzeko eta negozioak eraginkorrago egiteko, eta, hala, beren behar teknologiko guztiak asetzeko eta digitalizazio-prozesuei arrakastaz ekiteko. Hori dela eta, Euskaltel eta SEA Arabako Enpresak elkartea lankidetzan arituko dira soluzio teknologiko berritzaileei buruzko topaketak, tailerrak eta jardunaldi teknologikoak antolatzen, digitalizazioaren bideari arrakastaz ekin dioten lehen mailako eta nazioarteko proiekzioko erakundeen esperientzia zehatzak ezagutu nahi dituzten konpainientzat.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com