Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartuko du, eta Ariguneak aktibatuko ditu bere egoitza eta saltokietan euskaraz hitz egiteko

  • Euskaraldiaren mugikorretarako aplikazio berriak Ahobizi eta Belarriprest rolak erabiltzeko aukera emango die parte-hartzaileei, eta deskargatzeko moduan egongo da Android-en Google-Play sisteman eta Apple Storen.
  • Euskara Euskaltelen nortasun-ezaugarria eta gizartearekiko hurbiltasunaren adierazgarria denez gero, hainbat ekintza antolatzen ditu Euskaltelek urtean zehar harekiko konpromisoaren erakusgarri, eta horietako bat da Euskaraldiari babesa ematea ere.

Bilbo, 2020ko urriaren 7a. Euskaraldia digitalizatzen lagunduko du Euskaltelek, mugikorretarako aplikazio berria babestuz. Lankidetza honen bidez, telekomunikazio-operadoreak bere ingurunearekin konprometitutako enpresa gisa dituen bi helburu nagusiei erantzuten die. Alde batetik, eraldaketa digitalean laguntzen die gizarte-erakundeei eta -ekimenei, eta, bestetik, agerian uzten du euskararekiko konpromisoa, gizartearekiko nortasun eta hurbiltasun ezaugarri gisa.

Hizkuntza-ohituretan eragiteko eta euskararen erabilera sustatzeko Euskal Herri osoan modu koordinatuan abian jarri den ekimen honen bigarren edizioak mundu digitalera jauzi egin du orain, mugikorretarako aplikazio bat sortuz.

Koldo Unanue Euskalteleko Marketineko zuzendariak azpimarratu duenez, enpresarentzat "euskara erabiltzea ez da betebeharra, identifikatzen gaituen konpromisoa baizik. Horregatik, gure kultura sustatzen eta euskararen erabilera bultzatzen duten jarduerak babesten ditugu, eta, gainera, komunikazioa eta pertsonen parte-hartzea ahalbidetzen duten teknologia berriak erabiltzen badituzte, hala nola Euskaraldiaren aplikazio berria, arrakasta ziurtatua duen apustua dela uste dut".

Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari eta Euskaraldiaren sustatzailearen aburuz, "oso garrantzitsua da gurea bezalako ekimen baterako Euskaltel bezalako telekomunikazioen erreferente baten laguntza izatea mundu digitalerako jauzi honetan. Aplikazio berria oso baliagarria izango da Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzen duten herritarrentzat".

Euskaraldiaren mugikorretarako aplikazioa tresna pedagogiko berri bat da, 2018an hasitako lanarekin jarraitzeko: Ahobizi eta Belarriprest rolak sozializatzea eta parte-hartzaileen artean horien erabilera erraztea. Eduki digitalen bidez (bideoak, infografiak, gamifikazioa...), aplikazioa deskargatzen duten herritarrek informazio asko izango dute aukeran ariketarako rola hautatzeko eta banaka horretarako prestatzeko. Gainera, Euskaraldiak irauten duen hamabost egunetan (azaroaren 20tik abenduaren 4ra), aplikazioan gomendioak eta eguneroko erronkak izango dira parte-hartzaileen motibazioari eusteko.

Euskaltelek babestutako Euskaraldiaren aplikazio berria Android-en Google-Play sisteman eta Apple Storen deskargatu ahal izango da.

Ariguneak Euskaltelen egoitzetan eta saltokietan

Telekomunikazio-operadoreak 2018ko lehen ediziotik dihardu Euskaraldiarekin lankidetzan; orduan, 100 langile izan ziren Ahobizi edo Belarriprest. Bigarren edizio honetarako, bere egoitzetan euskara erabiltzen den espazioak edo Ariguneak identifikatzeko lanean ari da Euskaltel, lan-esparruan hizkuntza horren erabilera sustatzeko.

Baina bulegoetan ez ezik, Euskaltelen saltokietan ere Ariguneak aktibatuko dituzte bigarren edizio honetan, eta saltokietako langileek ere kanpainan parte har dezaten sustatuko dute. Hala, azaroaren 20tik aurrera, Ahobizi edo Belarriprest izango dira -hala identifikatzeko txapa izango dute soinean-, eta, hamabost egun horietan, konpromiso hori betetzeko gonbita egiten duten elementuekin apainduko dituzte dendak. QR kodea duten euskarriak ere egongo dira, Euskaraldiaren aplikazio berria azkar eta erraz deskargatzeko.

Euskaltelen Euskara Plana

Telekomunikazio-operadore gisa hasi zenetik, euskara enpresa barruan nahiz kanpoan bultzatzeko konpromisoa hartu zuen Euskaltelek. Horretarako, 1999az geroztik, euskararen trebakuntza eta haren erabilera bultzatzeko zenbait ekimen sustatzen ditu, Euskara Planaren bidez. Esaterako, telefonia mugikorreko terminalen eskuliburuak euskarara itzultzen dituen operadore bakarra da Euskaltel.

Alor horretan, hizkuntzaren erabilera egoera guztietara egokitzen du; izan ere, bezeroentzako jakinarazpenetan euskara erabiltzen du (webgunea, mailingak, fakturak...) eta bezeroarentzako arreta-zerbitzu guztiak ere euskaraz ematen ditu (saltokiak, call centerra, saldu osteko zerbitzuak, etab.).

Beste zenbait alderdi ere aipatzekoak dira euskararen arloan; esate baterako, Euskaltel Ikastolen Elkartearekin lankidetzan aritzen da euskararen urteroko festak babestuz: Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez. Horrez gain, beste hainbat kultura-ekitaldi ere lagundu eta babesten ditu, hala nola Euskal Herriko Bertso Txapelketa, Korrika, Durangoko Azoka, Euskal Eskola Publikoaren Jaia, ETBren Goazen telesailaren ikuskizuna eta PuntuEus fundazioaren webgunea.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com