• ADEGIri atxikitako enpresei telekomunikazio-zerbitzu osatuagoak eta arreta pertsonalizatua eskainiko dizkie Euskaltelek.
  • ETE Soluzioa du izena Euskaltelen proposamen digitalak. Enpresen komunikazio guztiak bateratzen ditu, eta malgutasun eta segurtasun osoa. Gainera, enpresek ez dute ekipoetan inbertitu beharrik.
  • Operadorearen helburua da erakundeei trantsizio digitala egiten laguntzea. Izan ere, trantsizio hori are beharrezkoagoa da gaur egungo osasun-krisian, konektagarritasuna eta lankidetza funtsezkoak baitira.

Donostian, 2020ko urriaren 13an. Eduardo Junkera ADEGI-Gipuzkoako Enpresen Elkarteko lehendakariak eta Xabier Iturbe Euskaltel Taldeko presidenteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute ADEGIri atxikitako enpresetan telekomunikazio-zerbitzu aurreratuak sustatu eta finkatzeko, eta, hartara, prozesuak digitalizatuta, enpresa lehiakorragoak izateko. Izan ere, eraldaketa hori are beharrezkoagoa da gaur egungo osasun-krisian, zeinean konektagarritasuna eta lankidetza gizartearen ardatz bihurtu baitira.

Lankidetza-hitzarmen honen bidez, Euskaltelek balio erantsia duten telekomunikazio-zerbitzuak jarriko ditu ADEGIri atxikitako enpresetan, eta arreta pertsonalizatua emango die, aholkulari gisa jardunez eta komunikazio-soluzio integratuak sustatuz, enpresaburuei eguneroko kudeaketan sortzen zaizkien premiei erantzuteko.

Zehazki, Euskaltelen ETE Soluzioa izango dute eskura, hots, enpresen komunikazioak barne hartzen dituen zerbitzu malgu, oso eta seguru bat. Malgua da, edozein unetan eta tokitan lanpostuetara egokitzen delako, telefonoguneetan eta ekipamenduetan inbertitu beharrik gabe; osoa da, zerbitzu guztiak barne hartzen dituelako (Internet, ahots-lineak, terminalak, finkoetarako eta mugikorretarako deiak, wifi-sarbidea, faxa eta lehentasunezko mantentze-lana); eta, azkenik, segurua da, larrialdietarako soluzioak eta 24x7ko laguntza teknikoa dituelako.

Hitzarmen honi esker, ADEGIri atxikitako enpresa guztiek beste abantaila batzuk dituzte ETE Soluzio estandarrarekin alderatuta. Hauek, besteak beste: alta eta hiru hilabeteko harpidetza doan hodeiko edo malware kontrako soluzioan, urruneko segurtasun-kopian eta Wifi Pro-n, doako web-ostatatzea, deskontuak mugikor-lineetan, mega gehigarriak, eta abar.

Honela mintzatu da Eduardo Junkera, ADEGIko presidentea: "Digitalizazioa hazkunde-motorra bihurtu da, eta onura asko dakarzkie enpresei. Egoera honen aurretik ere, normaltasunean bizi ginenean, ikusi genuen zer garrantzitsua zen digitalizazioa negozioen garapenerako. Orain, krisi-une honetan, oso zaila da enpresa-jarduera hori gabe imajinatzea. Alde horretatik, ezinbestekoa da Gipuzkoako enpresek, gero eta lehiakorrago izateko, Euskaltel bezalako aliatu baten laguntza izatea, zeinak denboran zehar erakutsi baitu kalitatezko telekomunikazio-zerbitzuak eskaintzen dituela".

Euskaltelen izenean, haren lehendakari Xabier Iturbek azpimarratu du aldaketetara azkar egokitu behar dela, teknologia aurreratuak erabiliz. Izan ere, une honetan, produktuen eskaintzatik zerbitzuen eskaintzarako eraldaketan oinarritzen da enpresen bilakaera. "Eraldaketa digitala jada ez da aukera bat, baizik eta saihestu ezin den errealitate bat. COVID-19ak eragindako egoera berrian, enpresentzat ezinbestekoa da gertuko telekomunikazio-zerbitzu bat edukitzea, segurua eta une oro haien beharretara egokitzen dena. Egoera honetan, Gipuzkoako enpresei balio-proposamen bat eskaintzeko lanean ari da Euskalteleko profesional-taldea, digitalizazioak ezartzen dituen erronka berriei aurre egiteko tresna eta teknologia gaitzaileetan oinarrituta. Baina ez hori bakarrik: lehiakorragoak eta eraginkorragoak izaten laguntzen die".

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com