• "Data Driven Company" lemapean, urriaren 28an izango dira, hitzaldietarako, erakusketetarako eta networking-erako guneak dituen eraikin birtual batean.
  • Nuria Oliver telekomunikazio-ingeniaria, ikertzailea, zientziaren eta teknologiaren arloko dibulgatzailea eta Adimen Artifizialeko eta Big Datako doktore eta aditu ezaguna da, eta gaur egungo egoera digital berriaren gako estrategikoei buruz gogoeta egingo du bere hitzaldian.
  • Digitalizazio-prozesu bat hasi nahi duten edo dagoeneko hasi duten enpresentzat izango da.
  • Jardunaldi esklusibo honetan, enpresa-arduradunek ikusi ahal izango dute teknologia eta datuak izango direla haien hazkunde eta lehiakortasunerako giltza.
  • Jardunaldietan, benetako esperientziak eta arrakasta-kasuak aurkeztuko dituzte Data Robot eta Datu(a) partner-ek eta zenbait enpresak, hala nola eBroker, Euskaltel Taldea eta Cuevas Taldea.

2020ko urriaren 26a. Urriaren 28an, "Jornadas Tecnológicas 2020 Jardunaldi Teknologikoak" egingo ditu Euskaltelek, IKTen sektoreko urteroko erreferentziako ekitaldietako bat. Jardunaldi horietan, esperientzia arrakastatsuak trukatzen dira, eta enpresek aro digital berrian dituzten erronkak azaltzen dira modu praktiko eta hurbilean. Edizio hau online egingo da, "eraikin birtual" batean, COVID-19aren pandemiak eragindako distantzia sozialeko neurriak errespetatzeko.

"Data Driven Company, ongi etorri etorkizun digitalera" lemapean, hainbat gai jorratuko dira aurten: Adimen Artifizial Aplikatua, etorkizuneko komunikazioak, enpresa digitala, normaltasun berria eta hartatik sortzen diren beharrak, hodei hibridoa edo IT zerbitzuak. Jardunaldi esklusibo honetan, parte hartzen duten enpresek ikusi ahal izango dute teknologia eta datuak izango direla beren hazkunde eta lehiakortasunerako giltza.

Digitalizazio-prozesu bat hasi nahi duten edo dagoeneko hasi duten enpresei zuzenduta dago, eta Euskaltelek haiekin partekatuko ditu disrupzio teknologikoak eragindako negozio-erronka berriei arrakastaz aurre egin dieten konpainien esperientziak eta kasu errealak.

Nuria Oliver Telekomunikazioetako ingeniari, Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT) Media Lab-eko doktore, ikertzaile, zientziaren eta teknologiaren arloko dibulgatzaile eta Adimen Artifizialean eta Big Datan adituak hitzaldi bat emango du irekiera-ekitaldian. Hitzaldi horretan, bizi garen mundu hiperkonektatu, ezegonkor honetan sortzen ari den egoera digital berriaren gako estrategikoen gainean gogoeta egingo du, kontuan hartuta sekula baino soluzio teknologiko gehiago ditugula. Datuak kudeatzeko estrategia egokia nola garatu azalduko du, baita enpresak zer teknologia erabiltzen ari diren ere negozio-eredu berriak lortzeko, enpresa digital arinago eta automatizazio-maila handiagokoak bihurtzeko.

Adimen Artifizialaren egoera aztertuko du, aprobetxatu beharreko errealitate bat eta argi heldu beharreko erronka bat baita. Eta erronka horrekin bat egiten du Euskaltelek argi eta garbi. Horren erakusgarri da aurten unitate berezi bat sortzea, BAI Analytics izenekoa, Machine Learning-ak ematen dituen aukera guztiak aprobetxatzeko, bai enpresa barruan aplikatzeko, bai bezero diren enpresei teknologia horrek ematen dituen onura guztiak arin eta erraz integratzen laguntzeko.

Datuak eta haien aprobetxamendua

Teknologia-hitzorduaren abiapuntua gaur egungo testuinguru teknologikoa izango da. Testuinguru horretan, datuak enpresen aktiborik garrantzitsuena bihurtu dira dagoeneko, eta errealitate digital berrira egokitzeko digitalizazio-estrategiaren giltzarria dira. Big Data, Gauzen Internet eta, jakina, Adimen Artifiziala bezalako teknologia gaitzaileak behar bezala hartzea beharrezkoa izango da datuak tratatzeko eta aprobetxatzeko, eta, beraz, baita enpresek arrakasta izateko eta irauteko ere. Teknologia horiek errealitatea dira dagoeneko. Alde horretatik, enpresek erronka handi bat dute aurrean: behar-beharrezko dituzte plataformak, teknologiak eta prestakuntza handiko adituen ezagutza eta esperientzia datu-kopuru esponentzial hori kudeatzeko eta beharrezko zenbaketa-gaitasuna izateko.

Jardunaldietan, batetik, benetako esperientziak aurkeztuko dituzte zenbait enpresak -hala nola eBroker, Cuevas Taldea eta Euskaltel Taldea-, Bai Analytics eta bere arduraduna Ignacio Vilaplana-ren bidez; azalduko dute datua nola izan daitekeen enpresentzako hazkunde-palanka bat eta zein diren Adimen Artifizialaren onurak. Bestetik, datuen kudeaketaren arrakastaren gakoak azalduko dira, eta Adimen Artifiziala enpresan nola aplikatu azalduko dute DataRobot eta Datu(a)ko gure adituek.

Laguntza eta hurbiltasuna

Arlo honetan, Euskaltel funtzio garrantzitsua eta erreferentziazkoa betetzen ari da; izan ere, azken telekomunikazio-zerbitzuen aldeko apustua egiteaz gain, harago doa, eta enpresa bezeroei laguntzeko gaitasuna aprobetxatzen du IoT, Big Data eta Adimen Artifizialeko zerbitzuen bidez, sektore bakoitzeko enpresa espezializatuekin batera.

Euskaltel Taldeko Enpresen zuzendari korporatibo Isidro Fernández de la Callerentzat, Jardunaldi Teknologiko hauek enpresekiko elkargune bat dira, eta "baliagarri zaizkigu konpainietako teknologia-egoeraren pultsua hartzeko, eta, hala, arlo horretan dituzten eskakizun eta beharrei modu seguru eta hurbilagoan erantzun ahal izateko. Errealitate berrira egokitutako enpresek adituen laguntza behar dute erronkei soluzio errealen bidez aurre egiteko. Euskaltel Taldeak hurbiletik egiten du lan enpresekin, azken teknologien aldeko apustua eginez, bere datu-zentroen gaitasunez baliatuta, zerbitzu moduan IoT eta Big Data plataformak eskaintzeko eta, Adimen Artifizialari dagokionez, BAI Analytics sortuz".

Plataforma birtuala klik bateko distantzian

Jardunaldi Teknologiko hauek ezin direnez aurrez aurre egin, onlineko agertoki berriak bilatu behar izan dira. Hori dela eta, aurten Tech Experience birtual bat biziko dute parte-hartzaileek, ekitaldi honetarako berariaz sortua.

Teknologia aliatu gisa erabiliz, Euskaltelek lortu du Jardunaldi Teknologikoetan parte hartzen dutenek benetan fisikoki barruan baleude bezala ikustea, atal bakoitzean klik eginez. Horretarako, eraikin baten errealitatea berregin du: auditorioa, hitzaldi-aretoak, networking-erako aretoak eta erakusketa-eremu zabalak izango ditu sortutako eraikin birtual horrek.

Eraikin horretan, hitzaldiak entzun ahal izango dira, erakustaldi teknologikoen guneetara sartu, eta gaikako hitzaldiak entzun eta haietan aktiboki parte hartu. Ekitaldian parte hartzen duten sektoreko enpresa nagusien standak ikusteko aukera ere izango da: Cinfo, Cisco, Citrix, DataRobot, Flame Analytics, Fortinet, HSI, Merkatu, Microsoft, Panda, Plexus, S21, Shooowit eta VMWare, besteak beste.

Euskaltel - Comunicación

comunicacion@euskaltel.com