20 milioi etxe baino gehiago ditu zuntz optikoko sarean

  • Virgin telco merkatuan sartzeak aurreikuspen guztiak gainditzea ekarri du, eta 30.000 bezerotan hazi da hirugarren hiruhilekoan, merkaturatu ondorengo lehen hiruhileko osoan. Guztira, Euskaltel Taldeak merkatu masiboko 800.000 bezero baino gehiago ditu.
  • Taldearen bezero-kopuruaren hazkunde sendo horren ondorioz, diru-sarrerak asko handitu dira, % 1,8 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Laugarren hiruhilekoz jarraian, aurreko urteko diru-sarrerak areagotu ditu, eta azken urteotako gorakadarik handiena izan da konpainiaren diru-sarreretan.
  • Irailaren 30ean, ekitaldiko emaitza garbia 52 milioi eurotik gorakoa izan da, aurreko ekitaldiko epe berean erregistratutako 41,9 milioi euroak baino % 24,5 handiagoa.
  • Segmentuka, azken hiruhilekoan, zerbitzu hauek hazi dira gehien: telekomunikazio mugikorrenak (21.000 zerbitzu gehiago kontratatu dira) eta banda zabalarenak (aurreko hiruhilekoan baino 19.000 zerbitzu gehiago). Etxeetan kontratatutako balio handiko produktu eta zerbitzuek markak hautsi dituzte, eta ia 3 milioitara iritsi dira dagoeneko.
  • Mantendu egin da hazkundea enpresen segmentuan, eta 16.000 enpresa bezero baino gehiago ditu Euskaltel Taldeak. Enpresa-merkatuko diru-sarrerak % 3 baino gehiago hazi dira hiruhilekoan; hori dela eta, Taldearen historian enpresa-segmentuan diru-sarrera gehien izan diren hiruhilekoetan hirugarrena da.
  • Une honetan, Euskaltel Taldea estatu osoko 20 milioi etxetara baino gehiagotara iristen da zuntz optikoarekin.
  • Hirugarren hiruhilekoko emaitzek berretsi egiten dute Taldeak aurreko hiruhilekoetan izandako hazkunde-bidea, eta bat datoz ekitaldi honetako plan estrategikoko helburuak betetzearekin.

Bilbon, 2020ko urriaren 27an. Euskaltel Taldeak -Euskaltel, R, Telecable eta Virgin telco markek osatzen dute- gaur arratsaldean jakinarazi ditu 2020ko hirugarren hiruhilekoari dagozkion emaitzak. Emaitza horiek berresten dute markak hautsi dituela berriro bezero-kopuruaren hazkundean. Aurreko hiruhilekoetan erregistratutako hazkunde-bidea indartu dute emaitzok, eta bat datoz ekitaldi honetarako bere plan estrategikoko helburuak betetzearekin.

Virgin telco merkatuan sartu izanak aurreikuspen guztiak gainditzea ekarri du. Urteko hirugarren hiruhilekoan, merkaturatu zenetik lehen hiruhileko osoa igaro denean, Euskaltel Taldeak estatuan zabaltzeko duen marka berria 30.000 bezero inguru hazi da -21.000 telekomunikazio finkoan, eta ia 9.000 telekomunikazio mugikorrean-, eta urte-amaierarako aurreikusitako hazkunde-helburuak gainditzear dago.

Guztira, joan den maiatzaren 20an merkaturatu zenetik irailaren 30era bitartean, Virgin telcok sare finkoko 27.000 bezero eskuratu ditu dagoeneko, eta 2020rako negozio-planaren helburua 35.000 erabiltzaile izatea da. Sare finko eta mugikorreko bezeroak batuta, Virgin telcok 38.000 bezero ditu une honetan, merkatuan lau hilabete eskas badaramatza ere. Bere produktu- eta zerbitzu-eskaintza malgutu du Virgin telcok, bezeroak berak erabaki dezan zer produktu kontratatu nahi dituen; politika horrekin, konpainiak joera progresiboa izan du astez aste merkaturatu zenetik. Guztira, Euskaltel Taldeak merkatu masiboko 800.000 bezero baino gehiago ditu dagoeneko.

Virgin telcok produktu- eta zerbitzu-proposamenak merkaturatzen jarraitzen du, hazkundea eta bezeroen gogobetetzea are gehiago bultzatzeko. Kalitate handiko telebista-eskaintzaren eta eduki-hornitzaile nagusiekin egindako akordioen baitan, hiruhileko honetan, Virgin telcok "Netflix Fan" merkaturatzeko Netflixekin sinatu duen hitzarmena nabarmendu behar da. Proposamen horren bidez, Virgin telcok telebistako kalitate handiko eskaintza osatzen du: batetik, Netflixen kalitate goreneko edukietarako sarbidea eskaintzen du, eta, bestetik, bezeroak 10 GB gehiago izango ditu nahi duen linean, doan, sei hilabetez.

Virgin telcoren bezero-oinarriaren hazkunde sendo horrek eta negozio tradizionalaren hazkunde positibo etengabeak diru-sarrerak asko handitzea ekarri dute; 174,2 milioi eurora iritsi dira, % 1,8 hazita 2019ko hirugarren hiruhilekoko 171,1 milioietatik. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta diru-sarrerek gora egiten duten laugarren hiruhilekoa da jarraian, eta konpainiak azken urteotan izan duen diru-sarreren hazkunderik handienekoa.

Virgin telcoren diru-sarrerak 3 milioi euroraino igo dira hiruhilekoan, bezero-kopuruaren hazkunde handiarekin bat etorriz, eta hurrengo hilabeteetan ere hazten jarraituko duela aurreikusten da. Gainera, konpainiaren negozio tradizionalaren diru-sarrerek ere % 0,1eko hazkunde positiboa izan dute, bezero bakoitzeko diru-sarreren egonkortasunagatik eta enpresentzako zerbitzuen segmentuak portaera bikaina izan duelako.

Ustiapen-irabazi gordina (Ebitda) % 3,2 hazi da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta 260,2 milioi eurora iritsi da irailaren 30ean, diru-sarrerekiko % 50,7ko marjina lortuta. Beraz, 119 oinarri-puntu hazi da 2019ko irailarekin alderatuta.

Diru-sarreren kalitateari eta kostuen kontrolaren kudeaketari esker, Euskaltel Taldearen ekitaldiko emaitza garbia 52 milioi eurotik gorakoa izan da irailaren 30ean, hau da, aurreko ekitaldiko emaitza (41,9 milioi euro) baino % 24,5 handiagoa.

Errekor berria bezeroetan

2020ko hirugarren hiruhileko honetan, Euskaltel Taldeak inoiz baino hazkunde handiagoa izan du bere bezero-oinarrian, Virgin telco merkatu nazionalean merkaturatzeak izan duen arrakastak bultzatuta. Horren ondorioz, 800.000 bezeroren muga gainditu du dagoeneko; horietatik 695.000 sare finkoko bezeroak dira, eta 106.000 telekomunikazio mugikorrak soilik kontratatu dituzten bezeroak.

Konpainiaren balio handiko bezeroen oinarriak gorantz jarraitu du urteko hirugarren hiruhilekoan. Konpainiaren balio handiko bezeroek 80.000 zerbitzu berri baino gehiago kontratatu dituzte aurreko ekitaldiko data berarekin alderatuta. Etxeetan kontratatutako balio handiko produktu eta zerbitzuek markak hautsi dituzte, eta ia 3 milioitara iritsi dira dagoeneko.

Taldearen balioko bezeroen oinarria 3-4 produktu kontratatuak dituzten bezeroen zorroan islatzen da, zeina sektoreko mailarik gorenetan baitago. Euskaltel Taldearen bezero bakoitzak 3,64 produktu kontratatu zituen 2020ko hirugarren hiruhilekoan, batez beste.

Produktu-segmentuka, azken hiruhilekoan gehien hazi diren zerbitzuak banda zabal ultralasterrekoak izan dira; 19.000 zerbitzu berri kontratatu dituzte, eta 626.000 baino gehiago dira guztira. Telefonia mugikorreko lineen kontratazioak ere gora egin du; 21.000 linea berri kontratatu dira, eta 1,2 milioi lineara iritsi da guztira. Ordainpeko TBak kontratatutako 500.000 TB-produkturen inguruan jarraitzen du; telefonia finkoak, berriz, beherakada txiki bat izan du, bezero berriek, hein handi batean, ez baitituzte kontratatzen ahots-zerbitzu finkoak.

Virgin telcoren bezero-oinarriaren bilakaera espero baino handiagoa izan den arren, pandemiak merkatuan dituen ondorioek markatu dute negozio tradizionala, eta haren bilakaera aurreikusitakoaren azpitikoa izan da.

Azken finean, bezeroen guztizko batura garbia errekor berri bat da, 20.000 bezero berri baino gehiago lortuta -14.000 finkoan eta 6.000 mugikorrean-, eta aurreko hiruhilekoko 13.000 bezeroko gorakada -11.000 finkoan eta 2.000 mugikorrean- baino nabarmen handiagoa izan da oraingoa.

Enpresa-merkatuaren hazkundea ere esanguratsua da, zerbitzu-eskaera handiak bultzatuta; 16.000 enpresa bezero baino gehiago ditu Euskaltel Taldeak. Enpresa-merkatuko diru-sarrerak % 3 inguru hazi dira hiruhilekoan, 27,3 milioi euroraino; hori dela eta, Taldearen historian enpresa-segmentuan diru-sarrera gehien izan diren hiruhilekoetan hirugarrena da. Telelanaren eta Euskaltel Taldeak enpresei ematen dien arretaren kalitatearen eta hurbiltasunaren ondorioz, B2B telekomunikazio-zerbitzuen eskaera handia izan da, eta, horri esker, enpresa-segmentuak emaitza bikainak ditu aurten.

Euskaltel Taldearen zuntz optikoa 20 milioi etxetara baino gehiagotara iritsi da

Emaitza bikain horiei erantsi behar zaie Euskaltel Taldeak hazkuntza- eta errentagarritasun-potentzial oso handia irabazi duela, bere zuntz optikoko sarea hedatzeko ahaleginean beste operadore batzuekin sinatu dituen hitzarmenei esker. Une honetan, Euskaltel Taldea, Euskaltel, R, Telecable eta Virgin telco marken bidez, 20 milioi etxetara baino gehiagotara iristen da estatu osoan. Sarearen estaldura handitzea eta haren kudeaketa optimizatzea funtsezkoak dira bezero-multzoaren etorkizuneko hazkunderako eta konpainiaren errentagarritasunerako.

Azken hilabeteetan, Taldeak zenbait hitzarmen sinatu ditu aukera emango diotenak sare-estaldura zabaltzen jarraitzeko eta negozioaren hazkundea eta errentagarritasuna bermatzeko. Horien artean dago Orangerekin sinatutako hitzarmena, konpainiak egingo duen hedapen gehigarriari esker 1,8 milioi etxe gehiagotara heldu ahal izateko. Horiei beste 1,5 milioi etxe berri gehitu behar zaizkie, FTTH sarbidea izango dutenak Adamo operadorearekin sinatutako hitzarmenaren bidez, edo Telefónicarekin egindako hitzarmenaren bidez, zeinak aukera emango baitigu haren sare arautu gabea baliatzeko NEBA FTTHren bidez.

Eta 5G zerbitzuak eskainiko dizkie bezeroei

Euskaltel Taldearen zuntz optikoko sarea zabaltzen duten hitzarmen horiez gain, Euskaltel Taldearen eta Orangeren arteko hitzarmena iragarri da duela gutxi. Haren bidez, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskaltel Taldeak 5G teknologia mugikorra eskainiko die bere bezeroei, Orangeren sarean ostatatutako operadore mugikor birtual gisa. Edonola ere, zerbitzu hori lehenago eskaintzea erabaki ahal izango dute bi aldeek, Orangek 5G zerbitzua masiboki merkaturatzen duen unean, hain zuzen.

Hala, Euskaltel Taldeak telekomunikazioetako zerbitzu mugikor aurreratuenetarako sarbidea bermatzen die bere bezeroei, 5G kalitatezko sare baten bidez, eta ziurtatzen du gai izango dela etorkizunean erabiltzaileei sortzen zaizkien datu mugikorren zerbitzu-behar berriei erantzuteko.

Eremu horretan bertan, Euskaltel "5G Euskadi" proiektuaren kudeatzaile eta koordinatzailea da; hain zuzen, espainiar estatuak teknologia berria garatzeko eta ezartzeko ematen duen laguntza-programan aukeratutako proiektuetako bat da hori. Euskadiko 5G errealeko (Stand Alone) lehenengo proiektu pilotua da, eta Euskadiko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala sustatzea du helburu. Euskaltelek 13 bazkideko partzuergo bat koordinatzen du. Bazkideak ekosistema zabal batekoak dira, haien artean baitira telekomunikazioetako operadoreak, sareko ekipamenduen hornitzaileak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, erakunde publikoak eta enpresa pribatuak.

"5G Euskadi" proiektuaren esparruan, 5G azpiegituraren pilotu bat sortuko da, sare eta guzti, mugikor-operadore birtual baterako, non Euskaltelek jarriko baititu sarea kudeatzeko elementu nagusiak (CORE), eta oraingo ostatatze-hornitzaileak (Orangek), berriz, irrati bidezko sarbidea.

Euskaltelen teknologia horri esker, 5G errealeko zerbitzuak eman ahal izango zaizkie etorkizunean Euskaltel taldeko bezeroei, bai etxeko bai enpresako segmentuetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei lehiakortasuna hobetzen lagundu ahal izango die etorkizunean.

Finantza-egoera sendoa

2020ko irailaren 30ean, Ebitda 260,2 milioi eurora iritsi da, 2019ko irailaren 30ean baino % 3,2 gehiago, eta diru-sarrerekiko marjina % 50,3koa izan da, oinarrizko 119 puntu igo baita.

Ohiko negozioen Ebitdak % 1,1 hazten jarraitu du hiruhileko honetan, aurreko ekitaldiko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuz gero, diru-sarreren egonkortasunari eta kostuak efizienteago izateko etengabe hartutako neurriei esker. Virgin telcoren merkaturatzeari lotutako kostuen eragina kontuan hartuta, Ebitda % -2 hazi da guztira. Eragin hori pixkanaka murrizten ari da; izan ere, hirugarren hiruhilekoan nabarmen murriztu da, 2020ko bigarren hiruhilekoan Virgin telco abiarazteak eragindako gastuarekin alderatuz gero (2,6 milioi euro Q3n, eta 3,8 milioi Q2n).

Era berean, ohiko negozioaren kutxa-fluxu operatiboa, marka berriaren merkaturatzearen eragina kontuan hartu gabe, 49,7 milioi eurokoa izango zen, diru-sarreren % 29tik gorakoa; aurreko hiruhilekoen ildotik, beraz.

Kutxa-fluxu operatibo sendoaren ondorioz, konpainiak palanka-efektua jaisten jarraitzen du. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, konpainiak 18 milioi euro baino gehiago murriztu du bere zor garbia. Eta hori kontuan izanik 55 milioi euroko dibidendua banatu dela denbora-tarte horretan. Zor garbia 1.468 milioi eurokoa da hirugarren hiruhilekoan, hau da, Ebitda halako 4,16; 2019aren amaieran, berriz, Ebitda halako 4,21 zen.

Kutxa-fluxu operatibo jarraitu eta sendoa, zorraren kostu baxua (% 2,6) eta batez beste 3,9 urteko mugaeguna duen zorra aintzat harturik, oso finantza-egoera sendoan itxi du hirugarren hiruhilekoa konpainiak, plan estrategikoan merkatuari iragarritako helburuak bete ditu, eta, beraz, Taldeak akziodunentzat balioa sortzeko hartutako konpromisoa ere bete du.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com