• Hitzaldietarako, erakusketetarako eta networkingerako espazioak dituen eraikin birtual batean bildu ziren atzo 450 enpresaren ordezkariak; plataforma baten bidez konektatu ziren, eta hainbat gunetan parte hartzeko aukera izan zuten.
  • Nuria Oliver telekomunikazio-ingeniari, ikertzaile, zientziaren eta teknologiaren arloko dibulgatzaile eta adimen artifizialeko eta Big Datako doktore eta aditu ezagunak hitzaldia eman zuen gaur egungo egoera digital berriaren gako estrategikoei buruz eta adimen artifizialak gure bizitzetan duen eraginari buruz.
  • Jardunaldietan, benetako esperientziak eta arrakasta-kasuak aurkeztu zituzten Data Robot eta Datu(a) partner-ek eta zenbait enpresak, hala nola eBroker, Euskaltel Taldea eta Cuevas Taldea.

2020ko urriaren 29a. Adimen artifiziala ez da soilik herrialdeen edo konpainia handien kontu estrategiko bat; eskuragarri dago eta konpainia guztien helmenean. Datuaren eta haren ondorengo ingeniaritzaren ondorioz, enpresa-erabakiek bezeroaren esperientzia hobetzen dute, eta, azken batean, haiei esker, eraginkortasunean, kostu-aurrezkian eta lehiakortasunean irabazten dute. Hori da atzo Euskaltelek Espainiako Estatu osoko 450 enpresatako ordezkariekin egin zituen 2020ko Jardunaldi Teknologikoetatik ateratako ondorioetako bat.

Jardunaldiok IKTen sektoreko urteroko erreferentziako ekitaldietako bat dira; haietan, esperientzia arrakastatsuak trukatzen dira, eta enpresek aro digital berrian dituzten erronkak azaltzen dituzte modu praktiko eta hurbilean. Edizio hau online egin da, "eraikin birtual" batean, COVID-19aren pandemiak eragindako distantzia sozialeko neurriak errespetatzeko.

"Data Driven Company, ongi etorri etorkizun digitalera" lelopean, digitalizazio-prozesu bat hasi nahi duten edo dagoeneko hasi duten enpresei zuzenduta, datuaren kudeaketari buruzko gaiak landu ziren, enpresen hazkunde eta lehiakortasunerako funtsezko palanka gisa.

Nuria Oliver Telekomunikazioetako ingeniari, Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT) Media Lab-eko doktore, ikertzaile, zientziaren eta teknologiaren arloko dibulgatzaile eta adimen artifizialean eta Big Datan adituak eman zuen irekiera-hitzaldia, Teams plataforma batean, zeinak sarbide erraza baitzuen, eta diseinu erakargarria, benetako auditorio baten oso antzekoa. Bizi garen munduari eta adimen artifizialak gure gizartean eta gure bizitzan duen eraginari buruzko ikuspegitik abiatu zen hizlaria.

Adimen artifiziala 4. Industria Iraultzaren muina da

Biztanleria-piramidea, aberastasunaren polarizazioa, hondamendi natural gero eta ugariagoak eta, orain, pandemiak jasan ditzakeen mundu batean, Oliverrek ziurtatu zuen ezen, aldi berean, aukeraz betetako agertoki batean bizi garela, zeina teknologia mugikorrak, konektagarritasunak eta askotariko datuek markatua baitago. Datu horiek fidagarriak eta ulergarriak izan daitezen, aztertu egin behar dira, eta, horretarako, adimen artifiziala behar da.

Haren iritziz, adimen artifiziala bizi dugun 4. Industria Iraultza honen muinean dago. "Elektrizitateak Bigarren Industria Iraultzan izan zuen eginkizun bera du adimen artifizialak orain, zeharkako diziplina bat baita, edozein esparrutan aplika daitekeena, ekonomiaren edozein sektoretan. Ikusezina da, softwarea delako, eta eskalagarria eta beharren arabera zabalgarria da, eta eguneratu daiteke, etengabe ikasten ari delako".

Gaur egungo egoera teknologikoki deskribatzean, honako hau adierazi zuen: "azken 15 urteetan hiru faktore bateratu dira adimen artifiziala eta haren antzeko tresnak demokratizatzeko. Hauek dira faktore horiek: batetik, Big Data edo datu-kopuru handi bat dugu eskura, eta horrek datuen ekonomia ekarri du (739 bilioi euro sortu dira 2020an Europan); bestetik, prozesadoreen konputazio-ahalmena handitu egiten da urtetik urtera, eta arrazoizko prezioetan eskuratu daitezke kostu txikian; eta, azkenik, ikaskuntza-ereduak garatu dira, datu horiek gizakiek baino emaitza hobeak izan ditzaten".

Adimen artifizialaren demokratizazio horri esker, enpresetan erabiltzen hasi ziren. Hala, prozesuak automatiza ditzakete, ekoizpen-sistemetan akatsak detektatu eta zerbitzu berriak sortu, besteak beste. Nuria Oliverrek parte hartu zuten ia 500 enpresetako arduradunei egin zizkien galdera estrategikoak, jakiteko ea beren enpresek txertatu ote duten datua kudeaketan. Galdera horien bidez, jakin nahi da ea behar adina datu dituzten, egitura egokiak dituzten, enplegatuen prestakuntzan inbertitzen ari diren adimen artifizialeko ezagutzak eguneratzeko, eta errealitate berri horretara egokitzeko kultura korporatibo egokia duten.

Beren prozesuetan adimen artifiziala oraindik sartu ez duten enpresak animatu zituen urrats hori ematera, izugarrizko eragina baitu produktibitatean. Hala, Microsoften azterketa bat aipatu zuen; haren arabera, Espainiako enpresen % 37 adimen artifizialaren erabilera aztertzen ari dira dagoeneko, eta % 28 arlo horretan aitzindari gisa kokatzen dituen fase helduago batean daude. Lanari dagokionez, azterlan horrek berak aurreratu du langileen % 25ek adierazi dutela eguneroko lanean adimen artifiziala erabiltzen dutela, eta % 40k adimen artifizialean oinarritutako produktuak dituzten enpresentzat lan egiten dutela.

Datuen kudeaketa eta aprobetxamendua

Teknologia-hitzorduaren abiapuntua gaur egungo testuinguru teknologikoa izan zen. Testuinguru horretan, datuak enpresen aktiborik garrantzitsuena bihurtu dira dagoeneko. Big Data, Gauzen Internet eta, jakina, adimen artifiziala bezalako teknologia gaitzaileak behar bezala hartzea beharrezkoa izango da datuak tratatzeko eta aprobetxatzeko, eta, beraz, baita enpresek arrakasta izateko eta irauteko ere.

Hain zuzen, datuaren garrantziari buruz eta enpresetan datuetan oinarritutako proiektuak abian jartzeko moduari buruz hitz egin zuen Alberto Rezola Datu(a) Merkatuko sortzaile eta bazkideak. Azaldu zuen arrakastaren gakoa zera dela, datuak modu sinplean izatea, enpresa espezializatu bat eta Mileva bezalako plataforma bat izanik, hau da, Euskaltelek, Datu(a) Merkatuarekin batera, enpresei eskaintzen dien zerbitzu gisa erabil daitekeen arkitektura teknologikoa. Soluzio konbergente bat da, IoT gailuen bidez informazio asko hartzeko gai dena, biltzeko, erabiltzeko eta informazio erabilgarria (Big Data) sortzeko, eta datu horiekin sortzen diren soluzioak emateko adimen artifizialeko geruza bat ezartzeko.

Agendan, enpresetan adimen artifiziala aplikatzeak dituen onurez ere hitz egin zen. Pablo Gutiérrez Success Dataroboteko zuzendariak adierazi zuen adimen artifizialak negozioa hazten eta garatzen laguntzen duela, eta azaldu zuen nola hobetu eraginkortasuna eta nola eraiki zerbitzuak datuak abiapuntutzat hartuta.

Enpresen esperientziak

Jardunaldietan parte hartu zutenek (450 baino gehiago) zuzenean ezagutu ahal izan zituzten Big Data, IoT eta adimen artifiziala aplikatu izan direneko esperientzia batzuk. Esate baterako, Ebroker-eko CEO Higinio Iglesiasek azaldu zuen bere enpresak -zeina aseguru-artekarien kudeaketa integralerako soluzio teknologikoetan espezializatuta baitago-, Euskaltel Taldearekin eta Datu(a)rekin elkarlanean, SegData izeneko proiektuari ekin ziola, Mileva plataforman oinarrituta. Izan ere, haren ustez, "datuen ustiaketan datza aseguru-etxeen etorkizuna". SegDataren bidez, datuak modu adimentsuan erabili eta haiek aztertu eta jakintza bihurtuta, etekinak izatea bermatu nahi die aseguru-etxeen sektoreko enpresei. Hau esanez amaitu zuen bere jarduna Iglesiasek: "Eraldaketa digitalaren garai honetan, zerbitzu teknologikoak eskaintzen ditugun enpresok aurrera egiteko modu onena da gure bezeroei laguntzea beren etorkizuna eraikitzen".

Bestalde, Grupo Cuevaseko IT Saileko zuzendari Víctor Lorenzok adierazi zuen historian zehar unean uneko egoerara egokitu direla, eta digitalizazioa erronka bat eta aukera bat izan dela aldi berean. Nekazaritzako elikagaien industriako enpresa bat da Grupo Cuevas, eta 150 urteko historia du. Haien kasuan, eskaerak zehaztasun handiz prestatzeko sistema bat ezarri zuten, eta, horri esker, prestaketa-prozesuko akatsak % 95 gutxitzea lortu zuten. Baina ez hori bakarrik: banaketako ibilbideak optimizatu zituzten, eta banaketa-kostuen % 28 aurreztea lortu zuten. Saltokietan, prozesuak automatizatzea eta bezero-arreta pertsonalizatzea lortu dute, bezeroen erosketa-beharrak ezagututa, baita energia aurreztea ere.

Amaitzeko, networkingari ekin aurretik, Ignacio Vilaplana BAI Analytics-eko arduradunak azaldu zuen zer ikuspegi duen adimen artifizialaz Euskaltel Taldeak. "Barnean, adimen artifizialaren erabilera normalizatzen dihardugu. Talde txikia gara, baina zeharka lan egiten dugu, eta erakundeko arlo guztiak inplikatzen ditugu. Hala, erabaki hobeak hartzea lortzen dugu, bezeroaren esperientzia hobetzeko". Gure lana da taldeak inplikatzea, iragarpen-ereduen bidez adimen artifizialak ematen dituen iragarpenak ezagutu eta haiekin fida daitezen, negozioari laguntzeko. Kanpora begira, berriz, Euskaltel Taldeak enpresen eskura jartzen du BAI Analytics, haiek teknologia hori eskuratu eta epe laburreko eta inbertsio txikiagoko proiektuak egin ditzaten.

Laguntza eta hurbiltasuna

Euskaltel funtzio garrantzitsua eta erreferentziazkoa betetzen ari da; izan ere, azken telekomunikazio-zerbitzuen aldeko apustua egiteaz gain, harago doa, eta enpresa bezeroei laguntzeko gaitasuna aprobetxatzen du IoT, Big Data eta adimen artifizialeko zerbitzuen bidez, sektore bakoitzeko enpresa espezializatuekin batera.

Isidro Fernández de la Calle Euskaltel Taldeko Enpresetako zuzendari korporatiboak azaldu zuen zer helburu dituzten jardunaldiok, zeinak duela 10 urtetik egiten baitira. "Jardunaldi bereziak dira, enpresetatik hurbil egoteko aukera ematen baitute. Balio dute teknologiek eskaintzen dizkiguten aukerak gure bezeroekin partekatzeko, erronka berriei aurre egiteko inspirazio-iturri izango diren proiektuak partekatzeko. Halaber, balio dute gure apustu estrategikoetan, garatzen ari garen produktu eta zerbitzuetan eta aliantzen politikan bide onetik goazen jakiteko. Jasotzen dugun feed back-ak adierazten digu norabide egokian goazen edo ez, egiten dugun guztia helburu bakar batekin egiten baitugu: enpresei laguntzea teknologia erabiliz gure negozioetan egunez egun sortzen zaizkigun erronkak konpontzen: bezeroarekiko harremana hobetzen, kostuak murrizten, produktibitatea areagotzen edo negozio-ereduak aldatzen, lehiakorragoak izateko".

Plataforma birtuala klik bateko distantzian

Teknologia aliatu gisa erabiliz, Euskaltelek lortu zuen Jardunaldi Teknologikoetan parte hartu zutenek benetan fisikoki barruan baleude bezala ikustea, atal bakoitzean klik eginez. Horretarako, eraikin baten errealitatea berregin zuen: auditorioa, hitzaldi-aretoak, networkingerako aretoak eta erakusketa-eremu zabalak izan zituen sortutako eraikin birtual horrek. Esteka honetatik sar daiteke plataforman hitzaldiak ikusteko orain.

Ekitaldian parte hartu zuten sektoreko enpresa nagusien standak ikusteko aukera ere izan zen: Cinfo, Cisco, Citrix, DataRobot, Flame Analytics, Fortinet, HSI, Merkatu, Microsoft, Panda, Plexus, S21, Shooowit eta VMWare, besteak beste.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com