2020ko azaroak 4. Zertarako da adimen artifiziala? Erabiltzen jakinez gero, enpresen kostuen % 10 eta % 20 bitartean murrizten ditu adimen artifizialak, sektore batzuetan batez ere, hala nola industria-sektorean eta logistikarenean. Izan ere, makineriaren hutsegiteak, eskaeraren igoerak eta jaitsierak eta benetako produkzio-beharrak aurreikusten laguntzen du, besteak beste.

Nabarmentzekoa da adimen artifiziala mota guztietako enpresentzat dela egokia; gero eta konpainia txikiagoek erabiltzen dute. Aurten, Euskadin, adimen artifizialeko proiektuak egin dituzten enpresen tamaina nabarmen murriztu da; zehazki, 250 langile baino gehiago dituzten enpresa handiak izatetik 50 eta 250 langile arteko enpresa ertain eta txikiak izatera igaro dira. Kasu batzuetan, enpresa txikiagoak ere hasi dira adimen artifizialeko proiektuak egiten, beren estrategia teknologikoaren garrantziaz jabetuta, adimen artifizialeko proiektuen kostua 6 zifra baino gutxiagokoa izatera iritsi baita.

Gaur egun, hainbat sektoretako 500 bat euskal enpresarekin egiten du lan Euskaltelek, besteak beste finantzen, industriaren eta txikizkako kontsumoaren sektoreetakoak. Enpresa horiek, batez ere, bezeroarekiko harremana hobetzeko, eskariaren aurreikuspena egiteko eta stocka kudeatzeko zerbitzuak eskatzen dituzte.

Adimen artifizialari esker, makineriak noiz huts egingo duen aurreikus dezake industriak; hala, makina konpondu eta pieza okerrak sortzea saihestu dezake. Horretaz gain, enpresek eskaintzen dituzten produktu edo zerbitzuen eskaera noiz handitu eta noiz txikituko den aurreikus dezake adimen artifizialak; hala, giza baliabideak eta baliabide materialak merkatuaren benetako eskaerara egokitu daitezke. Horri esker, ekoizpena eta stocka optimiza daitezke, eta, hala, kostuak murriztu, produktu akastunak, itzulketak eta gehiegizko ekoizpenak saihestuz.

Gainera, adimen artifiziala ia jarduera-sektore guztietan aplika daiteke. Esate baterako, finantza-sektorean, mailegu bat ez ordaintzeko arriskua aurreikus dezake; eta aseguruen sektorean, berriz, iruzurrak edo erreklamazio faltsuak detektatzen lagundu.

Era berean, higiezinen sektorean etxebizitzen salmenta-prezio egokia ezartzen lagundu dezake, eta osasun-sektorean gaitz jakin baten zeinuak identifikatzen.

Gainera, Euskaltelen laguntza izango dute enpresek, beren ohiko arazoei aurre egiteko. Horri esker, proiektuak ohi baino azkarrago jarri ahal izango dituzte martxan (batzuetan bost hilabetean), ereduak ongi monitorizatu eta adimen artifizialeko proiekturik egokiena hautatu

BAI Analytics

Ignacio Vilaplana Euskaltel Taldearen adimen artifizialeko arduradunak azaldu du zer ikuspegi duen adimen artifizialaz. "Barnean, adimen artifizialaren erabilera normalizatzen dihardugu eta horretarako Bai Analytics sortu zen. Talde txikia gara, baina zeharka lan egiten dugu, eta erakundeko arlo guztiak inplikatzen ditugu. Hala, erabaki hobeak hartzea lortzen dugu, bezeroaren esperientzia hobetzeko. Gure lana da taldeak inplikatzea, iragarpen-ereduen bidez adimen artifizialak ematen dituen iragarpenak ezagutu eta haiekin fida daitezen, negozioari laguntzeko". Kanpora begira, berriz, Euskaltel Taldeak enpresen eskura jartzen du BAI Analytics, haiek teknologia hori eskuratu eta epe laburreko eta inbertsio txikiagoko proiektuak egin ditzaten.

Laguntza eta hurbiltasuna

Euskaltel funtzio garrantzitsua eta erreferentziazkoa betetzen ari da; izan ere, azken telekomunikazio-zerbitzuen aldeko apustua egiteaz gain, harago doa, eta enpresa bezeroei laguntzeko gaitasuna aprobetxatzen du IoT, Big Data eta adimen artifizialeko zerbitzuen bidez, sektore bakoitzeko enpresa espezializatuekin batera.

Euskaltelek Espainiako Estatu osoko 450 enpresatako ordezkariekin egin zituen 2020ko Jardunaldi Teknologikoetatik ateratako ondorioetako bat. "Data Driven Company, ongi etorri etorkizun digitalera" lelopean, digitalizazio-prozesu bat hasi nahi duten edo dagoeneko hasi duten enpresei zuzenduta, datuaren kudeaketari buruzko gaiak landu ziren, enpresen hazkunde eta lehiakortasunerako funtsezko palanka gisa.

Nuria Oliver Telekomunikazioetako ingeniari, Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT) Media Lab-eko doktore, ikertzaile, zientziaren eta teknologiaren arloko dibulgatzaile eta adimen artifizialean eta Big Datan adituak eman zuen irekiera-hitzaldia, Teams plataforma batean, zeinak sarbide erraza baitzuen, eta diseinu erakargarria, benetako auditorio baten oso antzekoa. Bizi garen munduari eta adimen artifizialak gure gizartean eta gure bizitzan duen eraginari buruzko ikuspegitik abiatu zen hizlaria.

Adimen artifiziala 4. Industria Iraultzaren muina da

Biztanleria-piramidea, aberastasunaren polarizazioa, hondamendi natural gero eta ugariagoak eta, orain, pandemiak jasan ditzakeen mundu batean, Oliverrek ziurtatu zuen ezen, aldi berean, aukeraz betetako agertoki batean bizi garela, zeina teknologia mugikorrak, konektagarritasunak eta askotariko datuek markatua baitago. Datu horiek fidagarriak eta ulergarriak izan daitezen, aztertu egin behar dira, eta, horretarako, adimen artifiziala behar da.

Haren iritziz, adimen artifiziala bizi dugun 4. Industria Iraultza honen muinean dago. "Elektrizitateak Bigarren Industria Iraultzan izan zuen eginkizun bera du adimen artifizialak orain, zeharkako diziplina bat baita, edozein esparrutan aplika daitekeena, ekonomiaren edozein sektoretan. Ikusezina da, softwarea delako, eta eskalagarria eta beharren arabera zabalgarria da, eta eguneratu daiteke, etengabe ikasten ari delako".

Gaur egungo egoera teknologikoki deskribatzean, honako hau adierazi zuen: "azken 15 urteetan hiru faktore bateratu dira adimen artifiziala eta haren antzeko tresnak demokratizatzeko. Hauek dira faktore horiek: batetik, Big Data edo datu-kopuru handi bat dugu eskura, eta horrek datuen ekonomia ekarri du (739 bilioi euro sortu dira 2020an Europan); bestetik, prozesadoreen konputazio-ahalmena handitu egiten da urtetik urtera, eta arrazoizko prezioetan eskuratu daitezke kostu txikian; eta, azkenik, ikaskuntza-ereduak garatu dira, datu horiek gizakiek baino emaitza hobeak izan ditzaten".

Adimen artifizialaren demokratizazio horri esker, enpresetan erabiltzen hasi ziren. Hala, prozesuak automatiza ditzakete, ekoizpen-sistemetan akatsak detektatu eta zerbitzu berriak sortu, besteak beste. Nuria Oliverrek parte hartu zuten ia 500 enpresetako arduradunei egin zizkien galdera estrategikoak, jakiteko ea beren enpresek txertatu ote duten datua kudeaketan. Galdera horien bidez, jakin nahi da ea behar adina datu dituzten, egitura egokiak dituzten, enplegatuen prestakuntzan inbertitzen ari diren adimen artifizialeko ezagutzak eguneratzeko, eta errealitate berri horretara egokitzeko kultura korporatibo egokia duten. Beren prozesuetan adimen artifiziala oraindik sartu ez duten enpresak animatu zituen urrats hori ematera, izugarrizko eragina baitu produktibitatean.

Enpresen esperientziak

Jardunaldietan parte hartu zutenek (450 baino gehiago) zuzenean ezagutu ahal izan zituzten Big Data, IoT eta adimen artifiziala aplikatu izan direneko esperientzia batzuk. Esate baterako, Ebroker-eko CEO Higinio Iglesiasek azaldu zuen bere enpresak -zeina aseguru-artekarien kudeaketa integralerako soluzio teknologikoetan espezializatuta baitago-, Euskaltel Taldearekin eta Datu(a)rekin elkarlanean, SegData izeneko proiektuari ekin ziola, Mileva plataforman oinarrituta. Izan ere, haren ustez, "datuen ustiaketan datza aseguru-etxeen etorkizuna". SegDataren bidez, datuak modu adimentsuan erabili eta haiek aztertu eta jakintza bihurtuta, etekinak izatea bermatu nahi die aseguru-etxeen sektoreko enpresei. Hau esanez amaitu zuen bere jarduna Iglesiasek: "Eraldaketa digitalaren garai honetan, zerbitzu teknologikoak eskaintzen ditugun enpresok aurrera egiteko modu onena da gure bezeroei laguntzea beren etorkizuna eraikitzen".

Bestalde, Grupo Cuevaseko IT Saileko zuzendari Víctor Lorenzok adierazi zuen historian zehar unean uneko egoerara egokitu direla, eta digitalizazioa erronka bat eta aukera bat izan dela aldi berean. Nekazaritzako elikagaien industriako enpresa bat da Grupo Cuevas, eta 150 urteko historia du. Haien kasuan, eskaerak zehaztasun handiz prestatzeko sistema bat ezarri zuten, eta, horri esker, prestaketa-prozesuko akatsak % 95 gutxitzea lortu zuten. Baina ez hori bakarrik: banaketako ibilbideak optimizatu zituzten, eta banaketa-kostuen % 28 aurreztea lortu zuten. Saltokietan, prozesuak automatizatzea eta bezero-arreta pertsonalizatzea lortu dute, bezeroen erosketa-beharrak ezagututa, baita energia aurreztea ere.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com