• Virgin telcok, Euskaltel Taldeak Espainia osoan jarduteko merkaturatu duen markak, 6 hilabete bete ditu, eta 58.000 bezero baino gehiago ditu. Tarte horretan, urte-amaierarako erabiltzaile finkoen helburua % 23 gainditzea lortu du.
  • Gainera, sektoreko beste enpresa batzuekin -hala nola Telefónica, Orange eta Adamorekin- egindako hitzarmenei esker, Espainia osoan ia 21,5 milioi etxetara iristen da.
  • Bi dira arrakastaren gakoak: eskaintza malgua, batetik, eta % 100 bezeroari begiratzean oinarritzen den filosofia, bestetik.
  • Virgin telcoren bezeroak gusturago daude, eta 2020ko azaroko merkatuko gainerako premium markak baino gehiago gomendatzen dituzte harenak.

2020ko azaroaren 19an. Bihar, azaroak 20, 6 hilabete beteko dira Euskaltel Taldeak Virgin telco abian jarri zuenetik (maiatzaren 20an), pandemia bete-betean. Harrezkero, arrakasta handia lortu du, eta gainditu egin ditu Taldearen ibilbide-orrian aurreikusitako emaitzak.

Datu deigarriena da maiatzaren 20tik 58.000 bezero lortu dituela. Horietatik, 43.000 finkoko bezeroak dira, eta 15.000 mugikorrekoak. Telekomunikazio-konpainiaren helburua zen urte-amaierarako 35.000 bezero finko lortzea, eta, oraindik hilabete baino gehiago falta dela, zifra hori % 23 handiagoa izatea lortu du.

Sarearen aparteko bilakaera da, hein batean, hazkunde garrantzitsu horren arrazoia; izan ere, lehen seihileko honetan, Virgin telco ia 21,5 milioi etxetara iritsi da estatu osoan -Euskaltel Taldearen negozio-planean aurreikusitako 18 milioietatik gora-. 3,2 milioi baino gehiago Madrilen, ia 3 milioi Bartzelonan, 1,3 milioi baino gehiago Valentzian eta ia milioi bana Málagan, Sevillan eta Alacanten. Hilabete hauetan, hitzarmen garrantzitsuak egin ditu telekomunikazioen sektoreko konpainia batzuekin: Orange eta Telefónicarekin, erregulaziotik kanpoko eremuetan NEBA zerbitzuak eskaintzeko, eta Adamorekin, estatu osoan haren zuntz optikoko sarea erabiltzeko. Hitzarmen horiek giltzarriak izan dira sarearen bilakaerarako.

Sei hilabete hauetan, Virgin telcok ikusgarritasun eta aintzatespen handia lortu du sektorean. Kontsumitzaileek diote oso esperientzia ona izan dutela markaren zerbitzuekin; oso gogobeterik daude, eta hura gomendatzen dute merkatuko gainerako premium marken aldean. Eta ezaugarri hauek nabarmendu dituzte: Interneten fidagarritasuna eta estaldura, OTT edukietarako sarbidea, datu-bolumena eta mugikor-tarifen minutu- eta datu-kopurua. Bezeroaren gogobetetze-maila oso handia da, beste operadore batzuekin alderatuta (8,2 puntu), eta prezioa eta bezero-arreta estimatzen dituzte gehien (8,4 eta 8,3 puntu, hurrenez hurren).

Euskaltel Taldeak prestatutako ibilbide-orria puntuz puntu betetzen joan da, eta Virgin telcoren hazte-bide zabal eta positiboaren aurreikuspena bete da. Plan horren parte izan dira hauek: Netflixekin egindako hitzarmena; Roland-Garros tenis-txapelketa doan eskaintzea 4K kalitatean; eta, irailaren hasieran, inolako kostu gehigarririk gabe, giga mugagabeak eskaintzea bezero guztiei 2021 arte. "Virgin familia"ko kide izateagatik eskerrak emateko modu bat izan zen hori.

Eta familia handi horrek eskaripeko edukien aldeko apustua egiten du. Edukia berritzen eta bere arrakasta-eredua zabaltzen jarraitzen du Virgin telcok. Virgin telcoren zinema- eta telesail-eskaintza indartsua da konpainiaren indarguneetako bat, gaikako kanal horiek baitira bezeroen gogokoenak: guztizkoaren bi heren baino gehiago hartzen dute. Ildo horretan, berrikuntza handi bat jarri zuen martxan konpainiak duela aste gutxi: "Netflix Fan" proposamen komertziala, hots, Netflixeko edukiak ikusteko aukera, eta, horrez gain, 10 giga estra, bezeroak nahi duen linean erabiltzeko (hori guztia doan, lehen 6 hilabeteetan).

Estatistikei erreparatuta, badira datu jakingarri gehiago ere, Virgin telco estatuko lurralde osoan nola zabaldu den erakusten dutenak: 50.000 biztanletik gorako hirien % 72an kontratatu dituzte Virgin telcoren zerbitzuak.

Merkaturatu zenetik, astez aste, indarra hartzen joan da Virgin telco, bi ezaugarri hauei esker: batetik, markaren izaera, zintzotasuna, gertutasuna, arreta egokia eta arintasuna oinarri dituena (bezeroek dagoeneko balio horiekin lotzen dute konpainia), eta, bestetik, produktu-eskaintza malgutzeko politika, zeinaren bidez bezeroak erabakitzen baitu zer produktu kontratatu nahi duen. Gainera, merkatuko onlineko kontratazio azkarrenetako bat ere badu konpainiak: www.virgintelco.es orritik, hiru minutu baino gutxiago behar ditu bezeroak Virgin telcoren bezero bihurtzeko. Hots, bezeroak aski ditu 180 segundo zer behar duen erraz-erraz hautatzeko.

Hau adierazi du José Miguel Garcíak, Virgin telcoko arduradun nagusi eta Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuak:"Ikusi dugu sei hilabete hauetan proiektu hau izugarri hazi dela, eta oso argi daukat Virgin telcok etorkizun oparoa duela Espainiako telekomunikazioen sektorean, talde osoak egindako lan izugarriari eta konpainiaren filosofia paregabeari esker. Beti esan dudan bezala, munduko aurreratuenetako bat da. Hasi besterik ez gara egin, eta ahalegin horretan jarraituko dugu: hots, bezeroari bere beharretara hobekien egokitzen diren zerbitzuak eskaintzen, gardentasunez, erraztasun guztiekin eta malgutasun handiarekin. Bezeroa egongo da, aurrerantzean ere, gure negozio-estrategiaren erdigunean. Itxaropentsu gaude 2021erako; nobedadez betetako urtea izango da".

Bestalde, Koldo Unanuek, Virgin telcoko Chief Marketing Officer-ak, hau adierazi du: "Virgin telcok harro esan dezake asmatu duela egungo bezeroaren beharrak ulertzen, eta pandemia bete-betean merkatu nazionalera jauzi egin duen lehen telekomunikazio-konpainia -eta bakarra- izan dela. Eta mugimendu arriskutsua dirudien arren, egunez egun frogatu du gorenera iristeko gaitasuna duela eta bere filosofiak, % 100 bezeroan zentratuta egoteak, funtzionatzen duela".

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com