• Telekomunikazio-operadoreak 2018an hasi zenetik babestu du euskararen aldeko gizarte-ekimen hau.
  • Euskara Euskaltelen nortasun-ezaugarria eta gizartearekiko hurbiltasunaren adierazgarria denez gero, hainbat ekintza antolatzen ditu Euskaltelek urtean zehar harekiko konpromisoaren erakusgarri, eta horietako bat da Euskaraldian parte hartzea ere.
  • Gainera, konpainiak Euskaraldia digitalizatzen lagundu du, mugikorrerako aplikazio berria babestuz.

2020ko azaroaren 20a. Euskaltel Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzen duen erakunde gisa atxiki da, euskararekin duen konpromisoaren erakusgarri, euskara baitu nortasun-ezaugarrietako bat eta gizartearekiko hurbiltasunaren adierazgarrietako bat.

Telekomunikazio-operadoreak 2018ko lehen edizioa hasi zenetik lagundu dio Euskaraldiari, eta, bigarren edizio honetarako, berretsi egin du Euskadin euskararen aldeko sare handi bat eratzeko laguntza, hizkuntza-ohituretan eragiteko eta hizkuntza horren presentzia eta erabilera indartzeko.

Hain zuzen ere, helburu horrekin eta ariketa taldeka egiteko bigarren edizio honen proposamenari erantzuteko, Euskaltelek azterketa-lan bat egin du, Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan euskaraz lasai jarduteko guneak edo Ariguneak identifikatzeko. Hala, konpainiaren arloetako langile batzuek taldean parte hartuko dute Euskaltelek identifikatu dituen Ariguneetan, eta Ahobizi edo Belarriprest rola beteko dute eguneroko lan-harremanetan. Beste batzuek, berriz, bakarka hartuko dute parte, gaurtik abenduaren 4ra arte, Ahobizi edo Belarriprest identifikazio-txapa erabiliz.

Euskaltelen zuzendaritzak ekimen honetan duen inplikazioaren erakusgarri, haren presidente Xabier Iturbek (Ahobizi gisa eman du izena) honako hau nabarmendu du bideo batean: "Euskaraldian parte hartzea aukera ona da gure Euskara Planaren bidez Euskaltelen egiten ari garen lanari jarraipena emateko. Plan horren helburua da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, bai barruan, bai kanpoan". Gainera, adierazi duenez, "Euskaraldiak sustatzen dituen balio berak ditugu. Guretzat, euskararen erabilera ez da betebeharra, Euskaltelen DNAn sartuta dago, eta enpresa gisa identifikatzen gaitu. 25 urte daramatzagu gure kultura sustatu eta euskararen erabilera bultzatzen duten ekimenak babesten".

Koronabirusaren krisia dela eta, Euskaraldiaren bigarren edizio hau berezia izango da guztiz, baina telekomunikazio-operadorea egoera horretara egokitu da, une honetan beren etxeetatik telelanean diharduten Euskalteleko langile guztiek izan dezaten aukera ariketa hau egiteko. Horretarako, lagungarri izango dituzte operadoreak dituen lankidetza-tresnak, eta barne-komunikaziorako kanalaren bidez emango dituen albisteak eta proposatuko dituen jarduerak.

Bestetik, Euskaltelek EAEn dituen saltokietan lan egiten dutenak ere Ahobizi edo Belarriprest izango dira, eta identifikazio-txapa bistan izango dute. Apaingarriak ere egongo dira, herritarrak hamabost egun horietan konpromisoa betetzera gonbidatzeko.

Euskaraldiaren digitalizazioa

Euskaraldiaren aurtengo beste nobedadeetako bat izan da mugikorretarako aplikazio berriaren bidez ekitaldia digitalizatzea. Aplikazio horrek Euskaltelen laguntza izan du mundu digitalerako jauzian.

Euskaraldiaren mugikorretarako aplikazioa tresna pedagogiko berri bat da, 2018an hasitako lanarekin jarraitzeko: Ahobizi eta Belarriprest rolak sozializatzea eta parte-hartzaileen artean haien erabilera erraztea. Eduki digitalen bidez (bideoak, infografiak, gamifikazioa...), aplikazioa deskargatzen duten herritarrek informazio asko izango dute aukeran ariketarako rola hautatzeko eta banaka horretarako prestatzeko. Gainera, Euskaraldiak irauten duen hamabost egunetan (azaroaren 20tik abenduaren 4ra), aplikazioan gomendioak eta eguneroko erronkak izango dira parte-hartzaileen motibazioari eusteko.

Euskaltelek babestutako Euskaraldiaren aplikazio berria Android-en Google-Play eta Apple Store sistemetan deskargatu ahal izango da..

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com