Operadoreak 4 km zuntz optiko hedatuko ditu guztira Landakon eta Plateruenan, streaming bidezko edukien kalitatea bermatzeko

  • Babesletza-lanarekin batera, Euskaltelek soluzio teknologikoak eskaintzen dizkie antolatzaileei aparteko edizio baten erronkei aurre egiten laguntzeko: Interneteko konexio simetrikoa, segundoko 1 Gb-ekoa, eta hodeiko erabilgarritasun handiko ostatatzea webgunearentzat eta onlineko dendarentzat, guztira 2.000 Tb-ekoa (2.000.000 Gb).
  • Azoka osasun-arauetara egokitu da, eta Landakoko ohiko stand-en ordez makrodenda birtual bat jarriko du, "bisitariek" azokako ohiko produktu guztiak aurki ditzaten han.
  • Azokako kultura-programazioa ere osasun-krisiak baldintzatua izango da. 100 ekitaldi kultural baino gehiago antolatu dira Landako eta Plateruena pabilioietan, kulturazaleek streaming bidez jarraitzeko.

Durangon, 2020ko abenduaren 2an. Kultura eta euskararako konektagarritasuna. Horra zer eskaintzen dion Euskaltelek Durangoko 55. Azokari. Ostiralean Azoka irekitzearekin batera, konpromiso hori berretsiko da, Euskaltelek babesle-lanak egingo baititu berriz osasun-krisiaren ondorioz inoiz izan den ediziorik berezienetako batean. Izan ere, Landako guneko ohiko stand-en ordez, literaturako eta diskografiako 2.300 nobedade baino gehiago dituen makrodenda birtual bat jarriko da.

Durangok bi gune fisiko izango ditu, Landako eta Plateruena pabilioiak, 100 ekitaldi baino gehiagoko kultura-programazio baterako: kontzertuak, hitzaldiak, proiekzioak, ekitaldiak... Ekitaldi horiek guztiak jende-kopuru mugatuarekin antolatuko dira, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira www.durangokoazoka.eus webgunean.

Inoiz ez bezalako edizio honen funtzionamendua eta konektibitatea bermatzeko, Azokako telekomunikazio-zerbitzu guztien hornitzaile ofiziala da Euskaltel, babesle-lana egitearekin batera. Telekomunikazioen euskal operadoreak abiadura, kalitate eta segurtasun handia jarri du antolatzaileen eskura, segundoko 1 Gb-eko Interneteko konexio simetriko baten bidez. Horrez gain, erabilgarritasun handiko hodeiko ostatatze-zerbitzua (Hosting) ere ematen du Azokaren webgunearentzat eta onlineko dendarentzat. Guztira 2.000 Tb-ekoa da (2.000.000 Gb), eta orri bakoitzean aldi berean 10.000 eskaera jasateko gai da. Ia 4 km zuntz optiko ere hedatu ditu, Landako eta Plateruena espazio fisikoetan, streaming bidez igorriko diren eduki eta kontzertuetan kalitate ezin hobea bermatzeko.

Euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoa

Telekomunikazio-operadore gisa hasi zenetik, euskara enpresa barruan nahiz kanpoan bultzatzeko konpromisoa hartu zuen Euskaltelek. Horretarako, duela 18 urtez geroztik, euskararen trebakuntza eta haren erabilera bultzatzeko zenbait ekimen sustatzen ditu, Euskara Planaren bidez. Esaterako, telefonia mugikorreko terminalen eskuliburuak euskarara itzultzen dituen operadore bakarra da Euskaltel.

Alor horretan, hizkuntzaren erabilera egoera guztietara egokitzen du; izan ere, bezeroentzako jakinarazpenetan euskara erabiltzen du (webgunea, mailingak, fakturak...), eta bezeroarentzako arreta-zerbitzu guztiak ere euskaraz ematen ditu (saltokiak, call centerra, saldu osteko zerbitzuak, etab.).

Beste zenbait alderdi ere aipatzekoak dira euskararen arloan; esate baterako, Ikastolen Elkartearekin lankidetzan aritzen da Euskaltel, euskararen urteroko festak babestuz: Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez. Horrez gain, beste hainbat kultura-ekitaldi ere lagundu eta babesten ditu, hala nola Euskal Herriko Bertso Txapelketa, Korrika, Durangoko Azoka, Euskal Eskola Publikoaren Jaia, eta ETBren Goazen telesailaren ikuskizuna. Gainera, telekomunikazioen euskal operadorea hasieratik Euskaraldia gizarte-ekimenaren alde egiten duten erakundeetako bat da, eta bigarren edizio honetarako, gainera, ekitaldia digitalizatzen lagundu du, mugikorretarako aplikazio berria sustatuz.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com