• Ziurtagiriak frogatzen du konpainiak osasun-krisiaren hasieratik hartutako segurtasun-neurriak osasun-erakundeek une bakoitzean ezarritako eskakizun eta gomendioetara egokitzen direla.
  • Modu horretan, AENORek egiaztatu du Euskaltelek Derioko bulegoetan COVID-19aren aurrean hartutako neurriak eraginkorrak direla langileentzat eta kolaboratzaileentzat lan-ingurune seguruak sortzeko.

2020ko abenduaren 21a. AENORek Euskalteli ziurtagiria eman dio bere egoitzan COVID-19aren aurka martxan jarritako prebentzio-protokoloengatik. Kanpoko abal horrek frogatzen du konpainiak osasun-krisiaren hasieratik hartutako segurtasun-neurriak ondo egokitzen zaizkiela, gomendioei ez ezik, erakundeek prebentzioaren eta higienearen arloan aldizka ezarritako eskakizunei ere.

Hala, AENORek ziurtatzen du Euskaltelek neurri eraginkorrak hartu dituela Derioko bulegoetako langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko. Horretarako, hainbat alderdi ebaluatu ditu; hauek, besteak beste: arriskuen eta laneko osasunaren kudeaketa; emandako trebakuntza, informazioa eta komunikazioa; antolaketa- eta babes-neurriak (gutxieneko distantzia, edukiera-kontrola, ekipamenduaren eta materialaren banakako erabilera, etab.); eta garbiketako eta higieneko jardunbide egokiak.

"Euskaltelek inoiz baino konpromiso handiagoa du gure langileen segurtasunarekin eta osasunarekin. Hasieratik jardun dugu erantzukizun eta zuhurtzia handienarekin, profesionalen osasuna zaintzeko eta gure zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko. Alde horretatik, AENORen ziurtagiriak aintzatespen handia ematen die konfiantza sortzen eta lan-eremu eta -ingurune seguruak sortzen jarraitzeko azken hilabeteetan egiten ari garen ahaleginei, eta etengabe hobetzeko dugun borondatearen erakusgarri ere bada", azaldu du José Miguel Garcíak, Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuak..

AENORen Euskadiko zuzendariak, berriz, Luz Emparanzak, hau adierazi du: "Euskaltel Taldeak bere lau kokalekuetarako lortu du COVIDaren aurkako protokoloaren AENOR ziurtagiria, gure teknikariek egindako ikuskaritza gainditu baitu. Nabarmentzekoa da protokolo honen etengabeko bilakaera eta moldagarritasuna, lege-aldaketetara nahiz barneko autokontrolen emaitzetara moldatzen baita. Horren guztiaren helburu bakarra da kutsatzeko barne-arriskuak gutxitzea, eta langileen ongizatea eta osasuna zaintzea".

Segurtasun-protokoloak etengabe eguneratzea

Pandemia hasi eta lehenengo egunetatik eta konfinamenduak iraun duen bitartean -bai eta ondorengo etapetan ere, zeinetan osasun-agintariek ekonomia suspertzeko eta normaltasunera itzultzeko neurri eta gomendioak ezarri baitituzte-, Jarraipen, Segurtasun eta Osasuneko Batzorde batek, Euskaltelen ordezkaritza duten eremu guztietako ordezkariz osatua, eguneratu egin ditu, pixkanaka, segurtasun-protokoloak, eta informazioa helarazi die Taldeko pertsona guztiei.

Pertsona guztien osasuna eta segurtasuna zaintzea helburu, Euskaltelek protokolo bat ezarri du jarduera presentziala beharrezkoa izan denerako; besteak beste, neurri hauek aurreikusi ditu: eraikinetara sartzeko ate batzuk bakarrik erabiltzea, langileak pixkanaka sartzea (ordutegi malguari lotutako neurria), aerosolen bidez kutsatzea saihesteko neurriak hartzea, maskara nahitaez erabiltzea, segurtasun-distantzia mantentzea, eskuak nahitaez garbitzea eta gel desinfektatzailea erabiltzea.

Beste neurri batzuk ere jakinarazi dira; esate baterako, kanpoko bisitentzako harrera eta arretarako segurtasun-neurriak, bilera telematikoak sustatzea, leku itxietan ahalik eta pertsona-kopuru txikiena elkartzeko, eta ahalik eta bidaia gutxien egitea.

Euskaltel erreferentziazko enpresa bihurtu da COVID-19aren ondorioz hartu beharreko neurriak direla eta. Osasun-krisia hasi bezain laster, langileentzako arriskua minimizatzeko neurri guztiak hartu zituen. Horretarako, batetik, ahalik eta gehien murriztu zuen langileen birusarekiko esposizioa, eta, bestetik, telekomunikazio-zerbitzuen jarraipen egokia bermatu zuen.

Horretarako, hainbat kontingentzia-neurri hartu zituen, COVID-19ak pertsonen, erakundeen eta enpresen arteko komunikazioetan izan ditzakeen eraginei erantzuteko. Besteak beste, telelana sustatu zuen bere langileen artean, eta telekomunikazioen jarraitutasuna bermatu zuen enpresetarako eta etxeetarako.

AENORek urtero ikuskatzen du Euskaltel Taldearen Kudeaketa Sistema. Esteka honetan ikus ditzakezue erakunde horrek emandako ziurtagiriak.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com