• Euskaltelen errentagarritasun onaren erakusgarri da IBEX TOP DIVIDENDO® indizean sartzeko aholku-batzorde teknikoak hartutako erabakia.
  • Euskaltelek akzioko 0,14 euro gordineko konturako dibidendua ordainduko du otsailaren 12an, 2020ko ekitaldiko emaitzen kontura.
  • IBEX TOP DIVIDENDO® indizean sartzea burtsako jardueran beste mugarri bat da Euskaltelentzat, 2020ko ekainean FTSE4Good IBEXen eta 2019ko abenduan IBEX MEDIUM CAPen sartzearen pareko.

Bilbo, 2021eko urtarrilak 28. IBEX TOP DIVIDENDO® indizean sartuko da Euskaltel otsailaren 1ean. Hala erabaki du IBEX TOP DIVIDENDO® indizearen aholku-batzorde teknikoak urtarrilaren 26an egindako ohiko bileran, IBEX Indizeak Osatzeko eta Kalkulatzeko Arau Teknikoak kontuan hartuta.

Euskaltelen errentagarritasun onaren erakusgarri da erabaki hori; hain zuzen, bere dibidenduen politika berretsi du aurten ere konpainiak, urteko emaitza sendoen ondorioz. Joan den urriaren 27an, 2020ko hirugarren hiruhilekoko emaitzak argitaratu zituen Euskaltelek: 20.000 bezero berri baino gehiago gehitu zituen orduan, Virgin telco markaren bidez estatuan hedatzeko estrategiak lortutako arrakastari esker. Enpresak iragarri zuen hiruhileko hartan diru-sarrerak % 1,8 hazi zirela, aurreko urteko epe berarekin alderatuta, eta zor garbia, berriz, % 3,6 murriztu.

Dibidenduko errentagarritasun handiena duten IBEX 35eko, IBEX Medium Capeko edo IBEX Small Capeko25 balioek osatzen dute IBEX TOP DIVENDO®, dibidendu-ordainketen gutxienez 2 urteko historia aurkezten badute, betiere. Osagaien haztapena azken 12 hilabeteetan ordaindutako ohiko dibidendu gordinen arabera ezartzen da, eta kapital flotagarriak eta likideziak doitzen dute, gehienez ere % 10eko haztapenarekin.

Dibidendua banatuko da otsailaren 12an

Euskaltelek 2020ko ekitaldiaren emaitzen konturako dibidendua ordainduko du otsailaren 12an: 0,14 euro zirkulazioan dagoen eta dibidendua jasotzeko eskubidea duen akzio bakoitzeko.

Operadoreak 25 milioi euro ordainduko dizkie akziodunei, guztira, konturako dibidendu horren kontzeptuan.

Dibidenduak banatzen diren bosgarren urtea da jarraian, 2015ean konpainia Burtsara atera zenetik. Era berean, dibidendu-banaketa horrek erakusten du Taldeak konpromisoa duela errentagarritasunarekin eta inbertitzaileentzako balioa sortzearekin.

2021ean egitekoa den Akziodunen Batzar Orokorrean erabakiko da, Administrazio Kontseiluak proposatuta, zenbatekoa izango den 2020ko konturako azken dibidendua.

FTSE4Good IBEX indizea

IBEX TOP DIVIDENDO indizean sartzeari joan den ekainaren 22an Burtsako FTSE4Good IBEX jasangarritasun-indizean sartu izana gehitu behar zaio. Munduko jasangarritasun-indize entzutetsuenetako bat da hori, eta erantzukizun sozial korporatiboko jardunbideetan aitzindari diren Espainiako konpainiak identifikatzen ditu. Inbertitzaileei ingurumen-, gizarte- eta gobernu-arloko jardunbide onenak betetzen dituzten enpresei buruzko informazioa emateko diseinatuta dago.

Aintzatespen garrantzitsua da 2020ko ekainean FTSE4Good IBEX burtsa-indizean sartzea, eta gobernu korporatiboaren eta jasangarritasunaren arloko jardunbide egokiak Taldearen kudeaketan sartzeko eta jardunbide horiek bere balioekin bat etortzeko Euskaltelek egindako ahaleginaren emaitza da.

IBEX MEDIUM CAP® indizea

2019ko abenduaren 23an, IBEX MEDIUM CAP® indizean sartu zen Euskaltel. Hala, kapital flotagarriak doitutako kapitalizazio handiena duten eta eskatutako likidezia-ratioak betetzen dituzten 20 enpresa kotizatuetako bat izatera pasatu zen, Ibex 35eko balioak alde batera utzita.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com