• Gaur egun, 308 langile ditu Euskaltelek, eta erdiak baino gehiago emakumeak dira. Eta haien hirutik batek sarearen, teknologiaren eta sistemen arloetan egiten du lan. Teknikari-taldea ere parekidea da: erdiak emakumezkoak dira eta beste erdiak gizonezkoak.
  • 2020an, Euskaltelek bikoiztu egin zuen ardura-postuetako emakumeen presentzia: postu horietan aritzen direnen % 40 emakume dira.
  • Iaz, Euskaltelek parekotasunarekiko konpromisoa berretsi, eta berdintasun-plan bat sinatu zuen, kudeaketa, hautaketa, trebakuntza eta garapen profesionaleko barne-prozesu guztietara zabaldu dena.

2021eko otsailaren 10. Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna da gaur, eta, hori aitzakia hartuta, arlo horretan dagoen genero-etenari amaiera emateko beharraz sentsibilizatu nahi du Nazio Batuen Erakundeak. Euskaltelek, bere sorreratik -duela mende-laurden bat-, bat egin du helburu horrekin. Gaur egun, 308 langile ditu Euskaltelek, eta erdiak baino gehiago emakumeak dira. Eta haien hirutik batek sarearen, teknologiaren eta sistemen arloetan egiten du lan.

Gainera, STEM arlokotzat jotzen diren sail horietan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren ingelesezko sigla da STEM), emakume asko informatikako goi-mailako ingeniariak, telekomunikazioko goi-mailako ingeniariak, industriako goi-mailako ingeniariak, zientzia fisikoetako lizentziadunak edo matematikako lizentziadunak dira, besteak beste. Haiek guztiak Euskalteleko talde teknikoko kideak dira, eta talde horren % 50 osatzen dute.

2020an Berdintasun Plana sinatuta Euskaltelek berretsi zuen berdintasun-estrategiaren emaitza da. Dokumentu horren ondorioz, konpainiaren kudeaketa, hautaketa, prestakuntza eta garapen profesionaleko barne-prozesu guztietan txertatu da berdintasun-printzipioa.

Era berean, Plan horri jarraituz, lanpostuak eta rolak sailkatzeko eredu bat ere ezarri da, berdintasun-irizpideak zaintzen dituena, eta ekintza positiboak egin dira langileak bildu, kontratatu, prestatu eta lanbidean gora egiteko zereginetan; hala, genero-berdintasunaren kultura lortu da konpainiako profesionalen artean. Alde horretatik, aipatzekoa da berdintasunari buruzko zenbait sentsibilizazio-ekintza egin direla.

Kultura korporatibo horri esker, 2020an bikoiztu egin da erantzukizuneko postuetan emakumeen presentzia, eta beste bultzada bat eman zaio emakumeen sustapen profesionalari. Hala, telekomunikazio-konpainiak % 40raino igo du enpresan kudeaketa-erantzukizunak bere gain hartzen dituzten emakumeen kuota.

Arlo horretan, nabarmentzekoa da Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartearekin (AED) lankidetzan egindako elkarlana, emakumeen ahalduntzea sustatzeko, telekomunikazioen sektorean emakumeek duten zeregina nabarmentzeko eta haien gaitasun profesionalak indartzeko.

Emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatzen jarraitzeko, Euskaltelek zenbait enplegu- eta ekintzailetza-ekimenetan eta emakumeak teknologia berrien sektorean sartzen laguntzeko ekimenetan ere parte hartzen du. Ildo horretatik, enpresak ahalegin berezia egiten du neskatoak eta neska gazteak esparru horietara hurbiltzen, biharko emakumezko zientzialariak eta teknologoak izan daitezen.

Horregatik, ikasleei zuzenduta bokazio zientifikoak sustatzeko egiten den Open Science Zientzia eta Teknologia Azokan parte hartzen du, bai eta Innobasquek antolatutako STEAM First Lego League Euskadi hezkuntza-programan ere, eta ikasleei etorkizuneko lan-aukerak ezagutarazteko egiten diren Euskal Autonomia Erkidegoko Ingeniaritza Eskolako JEPE jardunaldietan, eta 2020ko Jardunaldi Teknologikoetan ere bai, non teknologiarik berrienaren berrikuntzak, joerak eta aukerak partekatzen diren.p>

Halaber, Euskaltelek hitzarmenak ditu Deustuko Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin, ikasle-praktikak egiteko. Azken erakunde horretan, zehazki, Zibersegurtasuneko Masterrean eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterrean parte hartzen du. Tituludun berriak edo azken ikasturteetako ikasleak lan-munduan sartzea laguntzeko helburuarekin, halaber, Novia Salcedo Fundazioarekin, IEFE Business Schoolekin eta NETT Digital Schoolekin lankidetzan aritzen da telekomunikazio-konpainia.

Bere berdintasun-politikaren bidez, Euskaltelek plantilla parekidea lortu du, eta enpresaren STEM arloetan emakumeen protagonismoa areagotzen jarraitzen du, hala, Euskadin gizarte digitalaren garapenari lagunduz.

Berdintasuna eta aniztasuna, kalitateko enplegua sortzea, ingurumena eta kontsumo arduratsua, berrikuntza eta azpiegitura jasangarriak eta kalitateko hezkuntza eta aliantzak sortzea dira konpainia gisa ditugun lan-lerro batzuk, 2030eko Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuen ildo berean.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com