• Euskaltelek egiaztatu du euskal herritarren % 70ek erabili zutela zerbitzu hori; haurrentzako edukiak eta eskaripekoak ikusi zituzten batez ere. Telebista ikusten emandako denbora batez beste egunean 3 ordu baino gutxiago izatetik, 5 ordu baino gehiago izatera pasatu zen.
  • Ordaindutako plataforma digitalak izan ziren nagusi: pandemiaren aurretik zuten trafikoa ia % 90 handitzera iritsi ziren.
  • Plataforma horiek hiru gorakada nagusi izan zituzten 2020an: konfinamendua hastean (% 61 hazi ziren), azaroan (ostalaritza itxi ondoren), eta Gabonetan (% 86 hazi ziren).
  • Gainerako telekomunikazio-zerbitzuen eskaria ere hazi egin da: Facebookek % 50etik gorako hazkunde-puntak erregistratu ditu, telefonia mugikorraren eta finkoaren erabilera bikoiztu egin da, Whatsapp-en erabilerak % 300 egin du gora, eta Interneteko trafikoa % 80 hazi da.

2021eko otsailaren 11n. Euskal herritarren telekomunikazio-arloko kontsumo-ohituretan ere eragina izan du pandemiak. 2020an, inoiz baino denbora gehiago eman genuen etxean -konfinamenduagatik, eskolak itxi zituztelako, telelanagatik edo mugikortasun-murrizketengatik-, eta horrek aisiarako eta entretenimendurako tresna nagusi bihurtu du telebista.

Hain zuzen, Euskaltelek emandako datuen arabera, bezeroen % 70ek telebista-zerbitzu aurreratuak erabili dituzte 2020an, eta telebista ikusteko denbora batez beste egunean hiru ordu baino gutxiago izatetik -pandemiaren aurretik-, egunean bost ordu baino gehiago izatera pasatu da iazko martxotik. Eskari handiena izan duten edukiei dagokienez, haurrentzako edukiak eta eskaripekoak nabarmendu behar dira -azken horien eskaera ia % 60 hazi da-.

Hala ere, ordaindutako plataforma digitalak izan ziren nagusi: pandemiaren aurretik zuten trafikoa ia % 90 handitzera iritsi ziren. Zerbitzu horiek erregistratutako zifrak egoera epidemiologikoaren eta gaitzaren hedapena kontrolatzeko urtean zehar hartutako neurrien arabera aldatu ziren. Hala, konfinamendua iritsi zenean, plataforma horien eskaera % 61 handitu zen Euskadin. Udan, berriz, oporrekin bat etorriz, eskaera txikitu egin zen pixka bat. Ikus-entzunezko onlineko edukien eskaerak goia jo zuen berriro azaroaren hasieran, ostalaritza lehen aldiz itxi zutenean, eta Gabonetan % 86raino igo zen.

Emaitza on horiek aurten ere errepikatuko dira ziur aski; izan ere, 2021eko lehen zifrek erakusten dutenez, ordainpeko plataforma digitalen batez besteko trafikoa 2020ko urte osokoa baino ia % 35 handiagoa izan da urtarrilean.

Errekor-urtea telekomunikazio-sektorearentzat

Telebistarenak bakarrik ez; konfinamenduaz geroztik, zerbitzu guztietako trafikoa handitu dela ikusi du Euskaltelek.

Euskaldunek gehien estimatzen dituzten zerbitzuen artean, bi nabarmendu behar dira: onlineko ikus-entzunezko edukietara sartzeko ordainpeko plataformak eta Facebook. Konfinamenduan, Facebookeko trafikoa % 46raino hazi zen, eta, Gabonetan, % 50era iritsi zen. Gainera, plataforma digitalekin gertatzen den bezala, badirudi 2021eko datuek joera horri eutsiko diotela; izan ere, urteko lehen hilabetean, Facebookeko trafikoa 2020ko urte osokoa baino % 36 handiagoa izatera iritsi da.

Telefonoari dagokionez, mugikorraren eta finkoaren erabilera bikoiztu egin da, eta deien kopurua ez ezik, deien iraupena ere handitu egin da. Jendeak elkarri entzuteko beharra zuen, eta gehitu egin ziren ahots-deiak; baina elkar ikusteko beharra ere bazuten, eta horregatik hazi da hainbeste Whatsappen erabilera (% 300), bideo-deien zerbitzuarena, batez ere.

Konektagarritasun-beharren ondorioz, Interneteko trafikoa ere handitu egin da. Goizetan, telelanaren eta onlineko klaseen ondorioz, trafikoa handia izan da, eta banda zabaleko sarbidea % 82 haztera iritsi da konfinamenduaren aurreko datuekin alderatuta (pasa den abenduan lortu zen datu hori).

Amaitzeko, Euskaltelek ondorioztatu du euskaldunen kontsumo-ohiturak berdintsuak izan zirela Euskadi osoan 2020an, eta ez zela alde nabarmenik egon herrialde batetik bestera.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com