Ekitaldi bikaina itxi du, Virgin telco marka berriaren arrakasta dela medio

  • 2020ko ekitaldiko emaitza garbia 79,4 milioi eurokoa izan da; hau da, % 28ko hazkundea izan du 2019ko 62 milioi euroen aldean
  • Taldearen diru-sarrerak % 1,7 hazi dira aurreko ekitaldiarekiko, eta 697,1 milioi euroko zifra errekorrera iritsi. Bosgarren hiruhilekoz jarraian, aurreko urteko diru-sarrerak areagotu ditu, eta azken urteotako gorakadarik handiena izan da konpainiaren diru-sarreretan.
  • Virgin telco merkaturatu zen urtean, Taldeak berretsi egin zuen marka berriaren bilakaera, 2020rako espero zenaren gainetik: 71.000 bezero berri baino gehiago izan zituen 7 hilabetean, eta 2020rako aurreikusitako helburua % 50ez baino gehiagoz gainditu zuen hala.
  • Euskaltel Taldea 823.000 bezeroren markara iritsi da merkatu masiboan; 2019ko bezeroak baino % 7 gehiago.
  • Segmentuka, azken ekitaldian zerbitzu hauek hazi dira gehien: telekomunikazio mugikorra (80.000 zerbitzu gehiago kontratatu dira, % 7 hazita) eta banda zabal ultralasterra (2019an baino 58.000 zerbitzu gehiago, % 10 hazita). Etxeetan kontratatutako balio handiko produktu eta zerbitzuek markak hautsi dituzte, eta ia 3 milioitara iritsi dira dagoeneko.
  • Enpresen merkatuak bere historiako diru-sarreren hazkunde handiena izan du, % 3,3 igo baita 2020an, eta % 1,4 bezero-oinarrian, Taldearen bezero diren enpresen kopurua 16.000ra iritsi arte.
  • Une honetan, Euskaltel Taldea estatu osoko 23,4 milioi etxetara baino gehiagotara iristen da zuntz optikoarekin, 2020an 18 milioi etxe gehituta.
  • 2020ko emaitzek berretsi egiten dute Taldeak hiruhilekoz hiruhileko izandako hazkunde-bidea, eta ekitaldi honetako plan estrategikoko helburuak betetzen dituzte.

2021eko otsailaren 25a. Euskaltel Taldeak -Euskaltel, R, Telecable eta Virgin telco markek osatzen dute- gaur arratsaldean argitaratu ditu 2020ko ekitaldiaren itxierako emaitzak. Azken urteotan enpresak izan duen hazkundea sendotu egin dute emaitzok, zifra errekorrak lorturik bezero-oinarrian, diru-sarreren kontuan eta lortutako emaitzetan, eta ekitaldirako plan estrategikoko helburuak bete dituzte.

Taldearen hazkundean, funtsezkoak izan dira Virgin telco merkaturatzearen arrakasta eta merkatu naturaletan negozioei eustea. Jarduera guztia munduko pandemiaren ondoriozko baldintzek markatu duten urte batean, Euskaltel Taldeak aurrera jarraitu zuen Virgin telco markaren bidez hedatzeko plan nazionalarekin, eta maiatzaren 20an aurkeztu zen marka hori merkatuan. Urtearen itxierako emaitzekin, Taldeak ekitaldi bikaina berretsi du marka berria kaleratu ondoren, zeinak urte amaieran gainditu egin baitu espero zen guztia: 7 hilabete eskasean 71.000 bezero berri baino gehiago ditu, eta 2020rako aurreikusitako helburua % 50ez baino gehiagoz gainditu du.

Bezeroan oinarritutako politika bat oinarri hartuta, produktuen eta zerbitzuen eskaintza malgutuz, kontratatu nahi dituen produktuen erabakia bezeroari lagatzeko, Virgin telcok etengabe goranzko joera izan du merkaturatu zenetik, astez aste merkatua zabalduz, eta bezeroak gusturen dituen operadorea izatera iritsi da, Net Promoter Score adierazlearen arabera.

Virgin telcok produktu- eta zerbitzu-proposamenak merkaturatzen jarraitzen du, hazkundea eta bezeroen gogobetetzea are gehiago bultzatzeko. Balio handiko bezeroak erakartzen ari den azken proposamena "Family" eskaintza da, zerbitzu bat baino gehiago behar dituzten erabiltzaileei zuzendua, normalean pakete bateratuaren barruan bi linea mugikor baino gehiago sartuta. Virgin telcoren bezero berrien ia heren batek kontratatu dute produktu hori. Kontratazioa oso salmenta-kanal eraginkorren bidez egin da; batez ere, webgunearen eta telemarketinaren bidez.

2020an, Euskaltel Taldeak azken urteetako hazkunde handiena lortu du diru-sarreretan. Virgin telcoren bezero-oinarriaren etengabeko hazkundea eta Taldeko marken indarra -Euskaltel, R eta Telecable- zutabe dituela, enpresak bere diru-sarrerak % 1,7 handitzea lortu du, 697,1 milioi euroko zifra errekorrera iritsi arte; 2019an, 685 milioi izan ziren, % 0,9ko jaitsierarekin. 2020a ixtean, bosgarren hiruhilekoz jarraian, aurreko urteko diru-sarrerak areagotu ditu Euskaltel Taldeak, eta azken urteotako gorakadarik handiena izan da konpainiaren diru-sarreretan.

Diru-sarreren igoera hori Virgin telcoren bezero-hazkunde handiak eragin du; izan ere, Virgin telcok, merkaturatu eta zazpi hilabete eskasera, aldatu egin du konpainiaren diru-sarreren hazkunde-profila. Virgin telcoren telekomunikazioetako diru-sarrerak 7 milioi euroraino igo dira urteko azken hiruhilekoan; bezero-kopuruaren hazkunde handiak eragin du hori, eta hurrengo hilabeteetan ere hazten jarraituko duela aurreikusten da. Virgin telcok zazpi hilabete soilik egin ditu merkatuan, eta 10 milioi euroren diru-sarrerak izan ditu denbora horretan. Gainera, konpainiaren negozio tradizionalaren diru-sarrerek ere urte arteko % 0,3ko hazkunde positiboa izan dute, B2B negozioaren sendotasunak bultzatuta nagusiki, bezero bakoitzeko diru-sarreren egonkortasunagatik eta enpresentzako zerbitzuen segmentuaren portaera bikainagatik.

Euskaltel Taldeak finantza-egoera oso sendoan itxi du 2020ko ekitaldia

Diru-sarreren kalitateari eta kostuak kontrolatzeko egindako kudeaketari esker, Euskaltel Taldearen 2020ko ekitaldiko emaitza garbia 79,4 milioi euro izan da, zifra errekorra; 2019ko 62 milioiekin alderatuta, % 28ko hazkundea.

COVID-19aren eragina gorabehera, Taldeak EBITDAren urteko helburua bete du, 343 milioi euro. Marka berria estatu osoan merkaturatzeak sortzen dituen aparteko gastuetatik espero zen eragina kenduta, EBITDA 352,4 milioi euro izango litzateke, hau da, urtetik urtera % 2,3 haziko litzateke. Ildo beretik, Virgin telco merkaturatzearen eragina alde batera utzita, kutxa-fluxuaren sorkuntza tradizionala 44 milioi eurokoa izango zen; diru-sarreren % 25etik gorako ratioa.

Etengabe kutxa-fluxua sortzeari esker, Euskaltel Taldeak palanka-efektua jaisteko bidean jarraitzen du nabarmen. Konpainiak 31 milioi euro murriztu du zorra 2020an (zor garbiaren % 2tik gorako murrizketa), hau da, EBITDA halako 4,20. Sozietateak emaitza hori lortu du , nahiz eta Virgin telco merkaturatzeak eragina izan duen eta 2020an 55 milioi eurotik gorako dibidendua banatu den. Hori guztia dela eta, Euskaltel Taldeak finantza-egoera oso sendoan itxi du 2020ko ekitaldia.

Kutxa-fluxuaren sorkuntza jarraitu eta sendoa, zorraren kostu baxua (% 2,6) eta batez beste 3,6 urteko mugaeguna duen zorra aintzat harturik, oso finantza-egoera sendoan itxi du urtea konpainiak; plan estrategikoan merkatuari iragarritako helburuak bete ditu, eta, beraz, Taldeak akziodunentzat balioa sortzeko hartutako konpromisoa ere bete du.

Errekor berria bezeroetan

Euskaltel Taldearen bezero-oinarriak errekor berria lortu zuen 2020an, merkatu masiboan 823.000 bezero baino gehiagora iritsita, aurreko ekitaldian baino % 7 gehiago; 53.000 erabiltzaile berri baino gehiago izan zituen, haietatik 47.000 sare finkokoak. Taldeko merkatu masiboko bezero guztietatik, 716.000 sare finkoko bezeroak dira, eta 107.000 telekomunikazio mugikorrak soilik kontratatzen dituzten bezeroak.

Konpainiaren balio handiko bezeroen oinarriak gorantz jarraitu du 2020an. Konpainiaren balio handiko bezeroek 120.000 zerbitzu berri kontratatu dituzte aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Etxeetan kontratatutako balio handiko produktu eta zerbitzuek markak hautsi dituzte, eta ia 3 milioira iritsi dira dagoeneko. Euskaltel Taldearen bezero bakoitzak 3,60 produktu kontratatu zituen 2020an, batez beste.

Bezeroek gehien eskatzen dituzten produktu-segmentuei dagokienez, telekomunikazio mugikorrek izan dute hazkunderik handiena: 80.000 zerbitzu kontratatu gehiago, eta % 7ko hazkundea 2019arekin alderatuta. Guztira, Euskaltel Taldearen marketako bezeroek 1,25 milioi mugikor-linea kontratatu dituzte 2020an, eta horrek adierazten du konbergentzia-maila handia dagoela konpainiaren bezero-oinarrian.

Taldearen banda zabal ultralasterra % 10 hazi da aurreko ekitaldiarekin alderatuta (58.000 zerbitzu gehiago), eta 651.000 banda zabaleko produktu kontratatu izatera iritsi da. Ordainpeko telebistak ere % 2ko hazkundea izan du urtebetean; 500.000 produktu kontratatu inguru 2020aren amaieran.

Bestalde, Enpresen merkatuak bere historiako diru-sarreren hazkunde handiena izan du, % 3,3 igo baita 2020an, 2019ko 110 milioietatik urtea ixtean fakturatutako 114,5 milioietara.

Nabarmentzekoa da segmentu horretako bezero-kopurua % 1,4 hazi dela. Ekitaldiaren amaieran, Taldeko bezero diren 16.000 enpresa zeuden, 2020. urtea hain zaila izanik ere, pandemiak herrialdearen enpresa-sarean eragin dituen ondorioengatik. B2B telekomunikazio-zerbitzuen eskaera handiak, telelanaren jarraipenaren ondorioz eta zerbitzuaren kalitatearekiko eta Euskaltel Taldeak enpresei ematen dien arretaren hurbiltasunarekiko konpromiso handiaren ondorioz, erakutsi du Taldearen B2B dibisioak posizio sendoa duela merkatuan, eta enpresa-segmentuak 2020an emaitza bikainak izatea eragin du.

2021eko aurreikuspena: bezeroetan eta diru-sarreretan haztea

Taldeak 2020an izan duen bilakaera eta Virgin telcok merkatuan izan duen arrakasta ikusita, Euskaltelek bultzada nabarmena aurreikusten du 2021erako, bai bezero-kopuruan bai diru-sarreretan.

2021eko ekitaldi honetarako, 2020an lortutako alta garbien kopuruaren bikoitza baino gehiago lortzea espero du Euskaltel Taldeak, eta % 18 inguru haziko dela, sare finkoaren gaineko merkatu masiboko 840.000 bezerotik 860.000 bezerora bitartean izatera iritsi arte (2020an, 716.000 izan zituen).

Diru-sarrerei dagokienez, 2020ko igoera gainditzea aurreikusten du Euskaltel Taldeak; % 6 baino gehiago haztea, 2021aren amaieran 740 milioi eurotik 750 milioi eurora arteko diru-sarrerara iritsi arte (2020an, 697 milioi eurokoa izan zen)..

Euskaltel Taldearen zuntz optikoa 23 milioi etxetara baino gehiagotara iritsi da

2020an, Taldeak bere zuntz optikoko sarea zabaltzen jarraitu du, eta Espainia osoko beste 18 milioi etxe berritara baino gehiagotara heldu da, beste operadore batzuekin lortutako akordioei esker. Une honetan, Euskaltel Taldea, Euskaltel, R, Telecable eta Virgin telco marken bidez, 23 milioi etxetara baino gehiagotara iristen da estatu osoan.

Sarearen estaldura handitzea eta haren kudeaketa optimizatzea nahitaezkoa da konpainiaren bezero-oinarria modu errentagarri eta jarraituan hazteko, eta argi eta garbi erakusten du nolako hazkuntza- eta errentagarritasun aukerak ematen dizkion horrek enpresari.

Euskaltelek FibreCo sortuko du, Espainiako iparraldeko zuntz optikoko handizkako sozietate handiena

2020ko ekitaldiaren emaitzen aurkezpenean, Euskaltel Taldeak jakinarazi du Espainiako iparraldeko zuntz optikoko sarearen handizkako enpresa handi eta aurreratuena sortuko dela: FibreCo.

FibreCok balio esanguratsua sortzen du Euskaltelentzat hainbat palankaren bidez: gaur egungo sarea etxerainoko zuntz optikora (FTTH) eguneratuz kostu mugatuarekin, FTTHko handizkako bezero berriak lortuz, urtean sarearekin erlazionatutako 20 milioi euro inguru aurreztuz eta beste handitze-aukera batzuen bidez.

FibreCo sozietate berria osatzeko, % 50etik beherako partaidetza duen inbertitzaile berri bat sartuko da. Oso aurreratua dago prozesu hori; zehazki, eragiketaren nondik norakoak definitzeko azken fasean. Prozesua amaitutakoan iragarriko da zein den; aurreikuspenen arabera, datozen asteetan.

FibreCo sortzea proiektu eraldatzailea da Euskaltelentzat, eta Euskaltelen akziodunentzako balio esanguratsua desblokea dezake. Eragiketa horri esker, kable-sarea zuntz optikoko bihurtzeko eguneraketa finantzatu ahal izango da, akziodunarentzat balioa sortzeko beste proiektu batzuk bultzatu dira, eta geldialdia arintzen lagunduko da.

Eta 5G zerbitzuak eskainiko dizkie bezeroei

Euskaltel Taldearen zuntz optikoko sarea zabaltzen duten akordio hauetaz gainera, Orangerekin ere sinatu du akordio bat (2020an eman zuen horren berri), eta, hari esker, Taldeak 5G teknologia mugikorra eskainiko die bere bezeroei 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Orangeren sarean ostatatutako mugikor-operadore birtual gisa; hala ere, bi alderdiek aukera izango dute zerbitzu horren eskaintza aurreratzea adosteko, eta, beraz, Orange 5G zerbitzua masiboki merkaturatzen hasten den unetik aurrera eskaintzeko.

Hala, Euskaltel Taldeak telekomunikazioetako zerbitzu mugikor aurreratuenetarako sarbidea bermatzen die bere bezeroei, 5G kalitateko sare baten bidez, eta ziurtatzen du gai izango dela etorkizunean erabiltzaileei sortzen zaizkien datu mugikorren zerbitzu-behar berriei erantzuteko.

Eremu horretan bertan, Euskaltel "5G Euskadi" proiektuaren kudeatzaile eta koordinatzailea da; hain zuzen, espainiar estatuak teknologia berria garatzeko eta ezartzeko ematen duen laguntza-programan aukeratutako proiektuetako bat da hori. Euskadin egiten den lehenengo 5G errealeko (Stand Alone) proiektu pilotua da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala sustatzeko konpromisoa da proiektuaren ernamuina. Euskaltelek 13 bazkideko partzuergo bat koordinatzen du. Bazkideak ekosistema zabal batekoak dira, haien artean baitira telekomunikazioetako operadoreak, sareko ekipamenduen hornitzaileak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, erakunde publikoak eta enpresa pribatuak.

"5G Euskadi" proiektuaren esparruan, 5G azpiegituraren pilotu bat sortuko da, sare eta guzti, mugikor-operadore birtual baterako, non Euskaltelek jarriko baititu sarea kudeatzeko elementu nagusiak (CORE), eta oraingo ostatatze-hornitzaileak (Orangek), berriz, irrati bidezko sarbidea.

Euskaltelen teknologia horri esker, 5G errealeko zerbitzuak eskaini ahal izango dizkie Euskaltel Taldeak bezeroei, nola etxeko sektorekoei, hala enpresetakoei, eta, gainera, teknologia horrek hobekuntza nabarmena ekarriko dio aurrera begira Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sareari.

Akziodunarentzako errentagarritasuna eta balio-sorrera

Euskaltel Taldeak 2020ko ekitaldiaren emaitzen konturako dibidendu bat banatu zuen otsailaren 12an: 0,14 euro zirkulazioan dagoen eta dibidendua jasotzeko eskubidea duen akzio bakoitzeko.

Operadoreak, guztira, 25 milioi euro ordaindu die akziodunei dibidendu gisa.

2015ean Burtsara atera zenetik, konpainiak dibidendua banatzen duen bosgarren urtea da jarraian. Era berean, dibidendu-banaketa horrek erakusten du Taldeak konpromisoa duela errentagarritasunarekin eta inbertitzaileentzako balioa sortzearekin.

2021ean egitekoa den Akziodunen Batzar Orokorrean erabakiko da, Administrazio Kontseiluak proposatuta, zenbatekoa izango den 2020ko konturako azken dibidendua.

Euskaltel Taldea, IBEX TOP DIVENDO® indizean

Kontuan hartu behar da otsailaren 1ean IBEX TOP DIVIDENDO® indizean sartu zela Euskaltel, IBEX TOP DIVIDENDO® indizearen aholku-batzorde teknikoak urtarrilaren 26an egindako ohiko berrikuspenaren ondoren, IBEX Indizeak Osatzeko eta Kalkulatzeko Arau Teknikoak kontuan hartuta.

Euskaltelen errentagarritasun onaren erakusgarri da erabaki hori; hain zuzen, bere dibidenduen politika berretsi du aurten ere konpainiak, urteko emaitza sendoen ondorioz.

Dibidenduko errentagarritasun handiena duten IBEX 35eko, IBEX Medium Capeko edo IBEX Small Capeko25 balioek osatzen dute IBEX TOP DIVENDO®, dibidendu-ordainketen gutxienez 2 urteko historia aurkezten badute, betiere. Osagaien haztapena azken 12 hilabeteetan ordaindutako ohiko dibidendu gordinen arabera ezartzen da, eta kapital flotagarriak eta likideziak doitzen dute, gehienez ere % 10eko haztapenarekin.

Euskaltel FTSE4Good IBEX jasangarritasun-indizean sartu da

IBEX TOP DIVIDENDO indizean sartzeari 2020ko ekainean Burtsako FTSE4Good IBEX jasangarritasun-indizean sartu izana gehitu behar zaio. Munduko jasangarritasun-indize entzutetsuenetako bat da, eta erantzukizun sozial korporatiboko jardunbideetan aitzindari diren Espainiako konpainiak identifikatzen ditu. Inbertitzaileei ingurumen-, gizarte- eta gobernu-arloko jardunbide onenak betetzen dituzten enpresei buruzko informazioa emateko diseinatuta dago.

Aintzatespen garrantzitsua da FTSE4Good IBEX burtsa-indizean sartzea; gobernu korporatiboaren eta jasangarritasunaren arloko jardunbide egokiak Taldearen kudeaketan sartzeko eta jardunbide horiek bere balioekin bat etortzeko Euskaltelek egindako ahaleginaren emaitza da.

IBEX MEDIUM CAP® indizea

Gainera, 2019tik, IBEX MEDIUM CAP® indizean sartu gara; hots, kapital flotagarriak doitutako kapitalizazio handiena duten eta eskatutako likidezia-ratioak betetzen dituzten 20 enpresa kotizatuetako bat izatera pasatu gara, Ibex 35eko balioak alde batera utzita.

Euskaltel, mundu osoko 150 telekomunikazio-marka baliotsuenen zerrendan

Errentagarritasun onari, Euskaltel markaren aintzatespena gehitu behar zaio orain. Izan ere, mundu osoko 150 telekomunikazio-marka baliotsuenetako bat da, sektore horretako marka baliotsuenak aukeratzeko Brand Finance aholkularitzak egindako "Telecoms 150 2021" txostenaren arabera. Aholkularitza independente horrek ukiezinen balorazioa egiten du, ISO 10668 eta ISO 20671 arauei jarraituz -markak baloratzekoa eta ebaluatzekoa, hurrenez hurren-, eta markaren balioari buruzko bere datu-basea baliatzen du NBEren Berrikuntzaren Mundu Indizearen adierazleetako bat osatzeko.

Txostenean nabarmentzen da Euskaltel marka-ibilbide ona egiten ari dela, eta harexek izan duela indarraren balioan hazkunde handiena (5,7 puntu gehiago), estatuko gainerako telekomunikazio-markak baino askoz handiagoa. Halaber, azpimarratzen da alderdi batean baino gehiagotan eduki duela joera ona Euskaltelek; adibidez, estatu osora hedatzen, Virgin telco martxan jartzen, dibidendua banatzen eta emaitza ekonomiko positiboak lortzen."Horregatik, munduko marka baliotsuenen zerrendan sartzea lortu du aurten; non eta, telekomunikazioen sektorean, zeina lehia eta atomizazio handikoa baita nazioartean".

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com