Euskaltelek adimen artifizialean oinarritutako streamingeko hezkuntza-plataforma bat jarri du martxan

  • Euskaltelek, Cinfo bazkide teknologikoarekin batera, Internet bidezko hezkuntza-plataforma bat jarri du martxan, irakasleek aukera izan dezaten eskolak bai ikasgelan fisikoki bai urrutitik batera emateko.
  • Parte hartzeko, etxean dauden ikasleek nahikoa dute beren erabiltzaile-izen eta pasahitzarekin konektatzea, esleitutako ikasgelen zerrenda kontsultatzea eta une horretan ematen ari den eskolan klik eginez sartzea.
  • Kalitate bikaineko sistema bat da ("streaming HLS multibitrate"), eskuragarri dagoen banda-zabalerara eta ikasleek dituzten gailuetara egokitzen dena (mugikorra, tableta, ordenagailua, LTD edo Smart TVa).
  • Pandemia garaian, "Edustream" konponbide egokia da bai ikasleek etxean konfinatuta egon behar dutenerako, bai pertsonen arteko distantziari eusteko ikasle batzuek ikasgelan eta beste batzuek etxean egon behar dutenerako.

2021eko martxoaren 3a. Adimen artifizialak hezkuntzarako ere ematen dituen aukerak optimizatu nahian, Euskaltelek, Cinfo bazkide teknologikoarekin batera, streamingeko plataforma bat jarri du martxan, irakasleek aukera izan dezaten eskola emateko bai ikasgelan bertan dauden ikasleei, bai etxetik telematikoki ari direnei. Eta hori, gainera, bideo- eta audio-kalitate handiarekin (adimen artifiziala + Live Video sistema).

Hala, klaseen onlineko jarraipena ez da arazo izango, eta abantailak bakarrik emango ditu sistema honek, irakasleek beti bezala eman baititzakete beren eskolak; alde bakarra da oraingoan, ikasgelan bertan dauden ikasleei ez ezik, etxetik konektatzen direnei ere emango dietela eskola. Ikasgelan bertan fisikoki ematen den zerbitzu bat denez, nahikoa da irakasleak mikrofono txiki bat jartzea paparrean; naturaltasun osoz mugitu ahal izango da ikasgelan alde batetik bestera, eta esertzeko edo idazteko aukera izango du, eskola presentzialetan bezalaxe.

Bestalde, ikasleak beren erabiltzaile-izenarekin eta pasahitzarekin konektatuko dira (bezeroaren datu-basean daudenekin kontrastatzen dira beti), eta esleitutako ikasgela-zerrenda batera sartuko; han, dagokien eskola aukeratu, eta, klik eginez, behar duten eskolara sartuko dira.

Lehenengo lerroan, arreta galdu gabe eta neurrira egindako kalitateaz

"Edustream" hezkuntza-plataformak kalitate-maila handiko kamera-, kodetzaile- eta mikrofono-sistema bat du, aukera ematen duena irakaslearen jarraipen egokia egiteko une oro, bai eta proiektoreko pantaila-irudiak edo arbela (digitala zein tradizionala) enfokatzeko ere. Urrutitik konektatzen diren ikasleek ikasgelako lehenengo ilaran eserita baleude bezala jarraituko diote eskolari.

Irakaslearen eta arbelaren une oroko jarraipena egiteaz gainera, "Edustream"ek aukera ematen du txat bat zuzenean zabalik edukitzeko, bai eta galderak egiteko, pantaila-irudiak egiteko, eskolak gelditzeko eta berriz martxan jartzeko ere, guztia erraz-erraz eta, gainera, eskolak gero nahi adina aldiz ikusteko aukerarekin. Ikasleek eskua altxatzeko ikonoa sakatuz parte har dezakete txatean, eta irakasleak zuzenean erantzungo die, ikasgelan bertan baleude bezala.

Eta hori guztia HLS multibitrate streamingeko teknologiari esker; eskuragarri dagoen banda-zabalerara eta ikasleen gailuetara egokitzen denez, ikasleek mugikorra, tableta, ordenagailua, TDTa edo Smart TVa balia dezakete eskolei jarraitzeko. Banda zabalaren kontsumoa sistemaren kamera aurreratuak konfiguratuz erregulatzen da, eta, hala, une bakoitzean eman beharreko eskolarako behar den banda-zabalera bakarrik erabiltzen da.

Osasun-krisiaren garairako eta gerorako: streaming adimenduna

"Edustream" plataforma streaming bidezko hezkuntza-tresna bat da, oso egokia pandemiak eragindako behar eta egoerei erantzuteko. Izan ere, orain irtenbide ezin hobea da beren etxeetan konfinatu eta eskolei etxetik jarraitu behar dietenentzat, edo baita ere eskola presentzialetan distantzia fisikoari modu egokian eustearren eskolei etxetik jarraituko dietenentzat.

Eta osasun-krisiaren ondorioz gure bizitzan sartu diren beste aurrerapen teknologiko batzuk bezala, "Edustream" plataformak oso tresna baliagarria izaten jarraituko du pandemia amaitu ondoren ere. Hori dela eta, hona hemen David del Campo Euskaltelen Enpresa Marketineko zuzendariaren hitzak: "Adimen artifiziala enpresen eraldaketa bultzatzen ari da jada, eta hezkuntzak ere balia ditzake haren abantailak, teknologia berri hau gerturatuz hezkuntza-komunitateari. Testuinguru horretan, termino berri bat asmatzera ausartu gara: "streaming adimenduna"; uneko gaitasunak azkar aberastea eta, hala, etorkizunera hurbiltzea adierazten du kontzeptu horrek"

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com