• Ekonomia deskarbonizatzen laguntzen du Euskaltelek, bere jarduera korporatiboak sortzen dituen CO2-emisioak % 96 gutxituta.
  • 2020an Iberdrolarekin martxan jarritako kontratu baten ondorioz, Nez de Balboa instalazio fotovoltaikoko aktibo berriztagarrietan oinarritutako elektrizitatez soilik hornitzen da.
  • Telekomunikazio-sektoreko mota horretako lehen akordioa da.
  • Euskaltelek jasangarritasun-politika berritu du, eta datozen urteetan 2020-2025erako jasangarritasun-plan estrategikoaren bidez gauzatuko du.
  • 2020an, "Erronka Garbia" zigiluarekin egin dituzte Akziodunen Batzarra eta Euskal Encounterra (Euskaltel Fundazioarekin elkarlanean). Zigilu horren helburua da ekitaldi jasangarriak egitea, baliabideen kontsumoa ahalik eta gehien murriztuta.
  • Berreskuratze Berdearen aldeko Aliantzarekin bat egin du Euskaltelek. Aliantza horren helburua da Europar Batasunak jasangarritasuna helburu hartuta gainditzea osasun-krisia eta krisi ekonomikoa.

2021eko martxoaren 24an. 2020an, baliatu duen energia guztia berdea izatea lortu du Euskaltelek, eta % 96 murriztu ditu bere jarduerak eragiten dituen CO2-emisioak (2019an 7.690,6, eta 2020an 307,6). Euskaltelek CO2-emisiorik gabeko elektrizitatea erosi izanaren emaitza da murrizketa hori. Izan ere, energia salerosteko epe luzeko hitzarmen bat sinatu dute (PPA, Power Purchase Agreement) bi erakundeek, aktibo berriztagarriak oinarri hartuta elektrizitatea hornitzeko.

2018an energia-eraginkortasuna bultzatzeko hartutako konpromisoaren ildotik doa ekintza hau ere. Urte hartan, ISO 50001 arauaren araberako energia-kudeaketarako sistema bat ezarri zen. Sistema horrek energia-eraginkortasunerako urteko planak definitu eta abian jartzea eskatzen du, eta instalazioen energia-kontsumoari buruzko ikuskapenak egitea aldizka, ekonomia deskarbonizatzen laguntzeko.

Hasieratik bertatik, jasangarritasunarekin eta bere jarduerak eragindako ingurumen-inpaktuarekin konprometitutako enpresa bat izan da Euskaltel. Horretarako, ingurumena kudeatzeko sistema bat du, kanpoan ziurtatua, eta ingurumen-adierazpen egiaztatuak egiten ditu, EMAS Europako erregelamenduan oinarrituta, arlo horretan duen gardentasunaren erakusgarri.

Bere jardueran erabiltzen dituen baliabideak arduraz kudeatzeko konpromisoaren barruan, apustu sendo bat egin du Euskaltelek ekonomia zirkularraren alde: ekipamenduen kudeaketan, berrerabiltzea bultzatzen du, birziklatzearen eta murrizketaren aldean. Berrerabili ezin diren hondakinak kudeatzaile baimendu bati ematen zaizkio birziklatzeko; hala, prozesuaren amaieran nabarmen murrizten dira sortutako hondakinak, eta ingurumen-inpaktua ahal den txikiena izatea lortzen da.

2020an, jasangarritasun-politika berri bat jarri du martxan Euskaltelek, zeinak gure interes-taldeekiko eta hazkunde jasangarriarekiko dugun konpromisoa formalizatzen baitu. Politika hori gauzatuko du datozen urteetan, 2020-2025eko Jasangarritasun Plan Estrategikoaren bidez.

Ingurumen-kudeaketa arduratsua

Ingurumen-kudeaketa eta klima-aldaketaren aurkako borroka funtsezko ardatzak dira Jasangarritasun Plan Estrategikoan, negozio arduratsuaren eredura igarotzen laguntzen diguten tresnak baitira. Negozio-eredua gure ingurumen-konpromiso eta -helburuekin lerrokatzea da helburua; horretarako, gure jarduerari lotutako ingurumen-inpaktuak arduraz kudeatzeko prozesuan, karbono-neutraltasuna eta emisioak murriztea da lehentasuna.

Estrategia hori Ingurumena Kudeatzeko Sistemak babesten du, zeina Kudeaketa Sistema Integratuaren parte baita, eta Ingurumena Kudeatzeko Sistemaren barruan daude gure Ingurumen Politika eta GJHekin dugun konpromisoa; ingurumen-kudeaketari dagokionez, gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzea eta baliabideak eraginkortasunez eta arduraz erabiltzea dira gure xedeak.

Helburu horiek lortzeko, Euskaltelen ingurumen-estrategia hiru jarduera-ildo nagusitan banatzen da: Klima-aldaketaren aurkako borroka eta baliabideen kontsumo eraginkorra; hondakin elektronikoen zirkulartasuna eta kudeaketa, eta ingurumen-ziurtagiriak eta -ekimenak sustatzea.

Bost urterako plan horrek lehentasuna ematen dio ingurumena errespetatzeari eta baliabideak modu eraginkorrean kontsumitzeari, eta, horretarako, eraginak murriztean oinarritutako ibilbide-orri bat ezarri du. Bi helburu nagusi ditu, eta zenbait neurri ezarri ditu horretarako: bere jardueren ingurumen-inpaktuak arduraz kudeatzea eta negozio-eredua karbono-neutraltasunera eta emisio-murrizketara egokitzea. Alde horretatik, elektrizitate-kontsumoa enpresaren ingurumen-alderdi garrantzitsuetako bat dela identifikatu du, gas hoztaileen emisioekin eta erregai-kontsumoarekin batera, horiek baitira atmosferaren kutsaduran gehien eragiten duten alderdiak.

Horregatik, karbono-aztarna kalkulatu du Euskaltelek, bere jarduerek zuzenean eta zeharka eragiten dituzten emisioak neurtu, eta urteko CO2-emisioak murrizteko planak eta berotegi-efektua eragiten duten gasen (BEG) emisioei buruzko kalkulu eta txostenak ezartzeko, eta murrizketa nabarmena lortu du: % 96koa.

Horrez gainera, ingurumenean eragindako inpaktua konpentsatu nahian, zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeko proiektuan laguntzen dio Lurgaia Fundazioari, Urdaibai Biosferaren Erreserbako basoak lehengoratzeko proiektu baten barruan. Helburu hori lortzen laguntzeko, 10.000 m2-ko azalera landatzeko adina diru eman du.

Taldeak kontsumo arduratsuarekin duen konpromisoaren beste erakusgarri bat da Akziodunen Batzarra eta Euskal Encounterra (Euskaltel Fundazioaren lankidetzarekin sustatua) ekitaldi jasangarrien "Erronka Garbia" ziurtagiriarekin egitea, eta baliabideen kontsumoa ahalik eta gehiena mugatzea ekitaldi horietan.

Ingurumen-konpromiso horiez gain, aipatzekoa da Berreskuratze Berdearen aldeko Aliantzarekin bat egin izana. Aliantza horren helburua da Europar Batasunak jasangarritasuna helburu hartuta gainditzea osasun-krisia eta krisi ekonomikoa, eta gobernuek jasangarritasun-irizpideekin bat datozen neurriak eta politikak ezar ditzaten sutatzea.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com