• Euskaltelek balio erantsia duten telekomunikazio-zerbitzuak jartzen ditu CEBEKi atxikitako enpresen eskura; arreta pertsonalizatuarekin, aholkulari gisa jarduten du eta komunikazio-soluzio integratuak sustatzen ditu.
  • CEBEKek eta Euskaltelek urtean zehar egitekoak dituzten topaketa eta prestakuntza-jardunaldietan zehaztuko dute zer gai landu behar diren enpresa atxikiei soluzio zehatzak emateko.

2021eko maiatzaren 6a. Euskaltelek eta CEBEKek hitzarmen bat sinatu dute, zeinaren bitartez beste urtebeterako berritu baitute bi erakundeek informazioaren gizartea garatzeko eta Bizkaiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko duten konpromisoa. Euskaltelek konpromisoa hartua du enpresei laguntzeko gaur egungo ekonomia konektatu eta sentsorizatu honetan dituzten erronkei aurre egiten, eta konpromiso horretatik etorri da akordioa.

Gaur goizean sinatutako hitzarmenari esker, CEBEKi atxikitako enpresek teknologia berriak ezarri ahal izango dituzte eraldaketa digitaleko prozesuetan laguntzeko, eta ezagutzak eta informazioa partekatu bi erakundeek elkarrekin antolatutako ekintzen bidez.

Hala, Euskaltelek balio erantsia duten telekomunikazio-zerbitzuak jarriko ditu CEBEKi atxikitako enpresetan, eta arreta pertsonalizatua emango die, aholkulari gisa jardunez eta komunikazio-soluzio integratuak sustatuz, enpresaburuei eguneroko kudeaketan sortzen zaizkien premiei erantzuteko. Horretarako, CEBEKek eta Euskaltelek urtean zehar aurreikusitako topaketetan, bileretan eta prestakuntza-jardunaldietan identifikatuko dituzte landu beharreko gaiak, enpresek planteatutako beharrizanei egiazki erantzungo dieten informazio eta soluzio zehatzak emateko, lehiarako hobekuntzak, kostu-eraginkortasuna edo negozio-aukera berriak izan ditzaten.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian, Xabier Iturbe Euskalteleko lehendakariak eta Iņaki Garcinuņo CEBEKeko lehendakariak parte hartu dute. Bi erakundeek adierazi dute pozik daudela duela 18 urtetik egin duten lankidetza berresteagatik, eta digitalizazioaren arloan etengabe eguneratu beharra dagoela enpresa-prozesuak optimizatzeko.

Xabier Iturbek nabarmendu du gaur egungo egoerak aldaketetara azkar egokitzea eskatzen duela, eta, horretarako, teknologia disruptiboak erabili behar direla. "Azken urteotan, teknologiak aurrerapauso erraldoiak eman ditu, eta Euskaltel urrats horien lekuko eta partaide izan da. Zalantzarik gabe, digitalizazioak garrantzi handia du jarduera-sektore guztietako enpresen agenda estrategikoetan. Euskaltelek digitalaren eta gure bezeroen entzute aktiboaren aldeko apustua egiten du, eta horrek produktu eta zerbitzu berriak zabaltzea eta gure giza kapitala gai horietan gaitzea dakar".

Ildo horretan, azpimarratu du garrantzitsua dela Euskaltel den bezalako aliatu bat izatea alor horretan, konektagarritasuna eskaintzeaz gainera aholkulari-lana egin dezan, "enpresekin lankidetzan arituz prozesu guztiak modu eraginkorrean kudeatzeko behar duten guztian, gailuak, sareak eta zerbitzuak modu gardenean konbinatuz".

Iņaki Garcinuņok, berriz, hau esan du: "Hitzarmen honi esker, telekomunikazio-zerbitzurik aurreratuenak eskaintzen jarraituko dugu, eta, horien bidez, kudeaketa hobetzen eta eraginkorrago izaten lagunduko diegu enpresa handiei eta txikiei". CEBEKeko lehendakariak gaineratu duenez, "era berean, gure helburua da zerbitzu pertsonalizatua eskaintzea, eta CEBEKeko enpresei eta elkarteei abantaila gehiago ematea, lehiakortasuna hobetzeko betiere".

CEBEKekiko lankidetza-esparrua berritzea Euskaltelek lurraldearen garapen teknologikoari egiten dion ekarpenaren beste erakusgarri bat da; telekomunikazioen arloan baliabideak eta esperientzia dituzten euskal enpresei laguntzea euskal operadorearen Erantzukizun Sozial Korporatiboaren oinarrizko zutabeetako bat da.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com