• Telxiusekin sinatutako hitzarmenari esker, Derioko Komunikazio Hub-ak eskaintzen dituen nazioko eta nazioarteko interkonexio- eta transmisio-ahalmen aurreratuak baliatu ahal izango dituzte Euskaltel Taldeak, eta haren markek (Euskaltel, R, Telecable eta Virgin telco), eta, hala, sarearen konektibitate-aukerak hobetuko dituzte.

Derion, 2021eko maiatzaren 11n. Euskaltel Taldea, Espainiako iparraldeko telekomunikazio-operadore nagusia Telxiusen Derioko Komunikazio Hubera konektatu da. Carrier azpiegitura neutral bat da, interkonexio-ahalmen handia duena, eta Bilbotik hurbil dago, Marea itsaspeko kablea amarratzeko estaziotik kilometro gutxira. Hitzarmenari esker, Derioko Komunikazio Hub-ak eskaintzen dituen interkonexio- eta transmisio-ahalmen aurreratuak baliatu ahal izango dituzte Euskaltel Taldeak eta haren markek (Euskaltel, R, Telecable eta Virgin telco), eta, hala, sarearen konektibitate-aukerak hobetuko dituzte.

Arkitektura irekia du Derioko Hub-ak, eta, horri esker, operadore, hyperscaler eta eduki- eta hodei-hornitzaile guztiek haren zerbitzu aurreratuez eta interkonexio-ahalmen handiaz baliatzeko aukera dute. Tier III espezifikazioak ditu, eta bi funtzio betetzen ditu: amarratzeko estazio bat da, batetik, eta nazioarteko PoP bat, bestetik. Gainera, eraikina % 100 berriztagarria da, naturalki hozten da (free cooling) eta 4 MW-erainoko potentzia du.

"Gure sarea Derioko Hub-era konektatzeak komunikazio-hub nagusiekin interkonektatzeko aukera ugari irekitzen dizkie estatuko eta nazioarteko gure bezeroei", azaldu du Goio Abaunzak, Euskaltel Taldeko Interkonexioaren eta Operadoreentzako Zerbitzuen zuzendariak.

"Deriokoa azken belaunaldiko komunikazio-hub bat da, eta aukera ugari irekitzen ditu IP zerbitzuetan, ahalmenean eta kolokazioan, zuzeneko konexioa baitu AEBrekin nahiz Europarekin. Operadore, eduki-hornitzaile eta enpresa nagusiek soluzio berritzaile bat daukate Derion, datu-transmisioaren eskaera gero eta handiagoari erantzuteko", azaldu du Carlos Casadok, Telxius Cableko EMEA salmenta-arduradunak.

Euskaltel Taldeari buruz

Euskaltel Taldea Espainiako telekomunikazio-konpainia nagusietako bat da, pertsona, erakunde eta enpresen komunikazio-beharrei erantzun integrala ematen diena. Euskaltel Taldea -Euskaltel markarekin Euskadin, R markarekin Galizian eta Telecable markarekin Asturiasen- lider da jarduten duen merkatu guztietan, tokian-tokian ondo errotua dago eta nagusi da zuntz optikoan eta telekomunikazioko zerbitzu bateratuetan.

Gainera, Virgin telco markaren bidez, abiadura handiko banda zabala, datu-bolumen handiko telekomunikazio mugikorrak eta telebista-eskaintza zabala dakarzkio 23 milioi etxez baino gehiagoz osatutako merkatu bati.

IKTetako soluzioak eskaintzen ditu konpainiak etxeko eta enpresako bezeroen komunikazio-ziklo guztirako, zerbitzu teknologikoen aukera zabal baten bidez: Internet, telefonia finkoa, telefonia mugikorra, telebista digitala, banda zabala, eraldaketa digitaleko prozesuak, IoT soluzioak (gauzen Internet), big data, adimen artifiziala, hiri adimendunetarako soluzioak eta 4.0 industria.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com