• Enpresa bezeroentzako Euskaltelen Banda Zabaleko Eskaintza Berria (NoBA) abiadura handitzetik haratago doa: zibersegurtasun- eta mantentze-zerbitzuak barnean hartzen dituen balio-proposamena da.
  • NoBAri esker, Euskadiko enpresek Internetera duten sarbideak zibersegurtasun-soluzio aurreratuak izango ditu, gailu eta informazio korporatibo garrantzitsua babestu ahal izateko.
  • Eskaintzak barnean hartzen du Internetera konektatuta dagoen enpresako edozein gailutarako eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan eskuragarri egongo den arreta tekniko espezializatua.
  • Euskaltelek enpresen eremuan dituen diru-sarrerak % 3,3 igo dira 2020an, eta enpresa-segmentuko bezero-oinarria % 1,4 igo da.

2021eko maiatzaren 24a. Enpresa-segmenturako banda zabaleko eskaintza berria (NoBA) abian jarri berri du Euskaltelek. Eskaintza horren bidez, egungo produktu-aukera iraultzeaz gain, eguneratu egiten ditu bezero dituen enpresek Interneteko sarbiderako zituzten zerbitzu guztiak.

Pandemiak ekarri dituen urruntzeari eta murrizketei erantzunez, azkar onartu ditugu bitarteko teknologiko digitalak (telelana eta bideokonferentziak hedatzetik hasi eta online kontsumoak izan duen hazkuntzaraino), eta horrek argi erakusten du aldatzeko itxurarik ez duten portaera sozial berriak daudela. Testuinguru horretan, ekonomia suspertzeko administrazio publikoek seinalatu duten ardatzetako bat enpresen eraldaketa digitala da, enpresaren tamaina edozein dela ere. Oinarrizko prozesu horrek hainbat eskakizun ditu. Alde batetik, sarerako sarbidea izateko zerbitzu azkarragoak eta seguruagoak -ziberseguruagoak- behar dira, informazio-kantitate izugarria kudeatzeko eta prozesatzeko, eta, bestetik, eguneko 24 orduetan adituen laguntza eskura izatea. Hori da, hain zuzen ere, Euskaltelen eskaintza berriaren apustua.

Euskal operadorearen proposamen berrian, Internet erabiltzeko abiadura handitu egiten da, baina, hori baino garrantzitsuagoa dena, guztiz berritzen da enpresari ematen zaion arreta. Horrenbestez, NoBA ez da zerbitzuen eguneratze soila; haratago doan balio-proposamen gisa diseinatu da. Horri dagokionez, zibersegurtasun- eta mantentze-zerbitzu esklusiboa ere sartu du epe laburrean.

Gaurtik aurrera, Euskalteleko bezero diren enpresa guztiei berritu egingo zaizkie banda zabalerako sarbideak, sarerako konexio sendo bati esker, eta, gainera, balio erantsi bat izango dute, haien datuak segurtasun eta babes handiagoz gordeko baititugu zibersegurtasun-zerbitzu berriaren bidez. Laguntza teknologiko osoa izango dute eskura, enpresako informazioak eta gailuak zibererasoetatik babesteko. Horrez gain, zibersegurtasuneko adituen laguntza, sarearen eta webgunearen ahulguneen analisia eta ekipoak babesteko eta konfiguratzeko zerbitzuak izango dituzte.

Zibersegurtasuna

Euskaltelen Enpresak atala lanean ari da euskal enpresetan atzemandako beharrei irtenbide espezifikoak emateko, kasuan kasu. Guztiei entzuteari esker sortu da NoBA. Izan ere, sistemen segurtasuna eta datuen babesa, zibersegurtasuna, lehentasun bihurtu da konpainientzat, konturatu baitira zibereraso bat pairatzeak, informazio-galera handiak ekartzeaz gain, arriskua dakarrela baliabideak eta are ospea ere galtzeko. Horregatik da garrantzitsua zibersegurtasun-irtenbide aurreratuak dituen Interneterako sarbidea izatea, seguruago egingo baititu enpresako gailuak eta haren oinarrizko informazio sentikorra.

NoBA Enpresa proposamenak, Interneterako sarbidea hobetzeaz gain, hobetu egiten ditu, halaber, mantentze-zerbitzuaren eta gorabeheren ebazpenaren kondizioak. Gainera, enpresa bezeroaren gailuei eta aplikazioei buruzko edozein gorabehera konpontzen laguntzen du, instalatutako bideratzailea edozein dela ere. Enpresa-segmentuaren zerbitzuaren aldeko apustua are gehiago sendotzeko, arreta- eta erantzun-denborak hobetzen dizkie NoBA eskaintzak zerbitzu hori duten enpresei.

Aditu digital baten laguntza eta ETE-entzako Euskaltelen zibersegurtasun-zerbitzu berria ditu NoBA Enpresa eskaintzak, bezeroaren sarea, datuak eta gailuak birus- eta malware-erasoetatik babesteko.

Horrez gain, enpresako informazioaren segurtasun-kopiak egiteko eta hodeian enkriptatzeko aukera ematen du. Hala, datuak beti egongo dira eskuragarri, eta edozein momentutan berreskuratu ahal izango dira. Halaber, sarearen eta webgune korporatiboen ahulguneen analisia egiteko aukera dago. Berrikusi egingo dira analisiak, ahulguneetatik erasoren bat pairatzeko edo informazioa lapurtzeko aukerarik dagoen ikusteko, eta, aldi berean, salmenta-kanal hori segurua dela ziurtatzeko. Aholkularitza Teknologiko Integrala eskaintzen du zerbitzuak, zibersegurtasunean aditua dena gainera, enpresek erasoen aurrean duten babesa hobetzen laguntzeko.

Azkenik, NoBA Enpresa eskaintzak erakundeen beste behar nagusi bati erantzuten dio: adituen laguntza teknikoa ematen du eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan, Internetera konektatuta dauden enpresako gailu guztietarako. Aplikazioei edo Microsoft 365, Google Workspace eta antzeko plataformei buruzko zalantzak edo arazoak ebaztea, ahulguneen ondorioz egon daitekeen edozein gorabeherarekin laguntzea, zerbitzuak instalatzea eta konfiguratzea (beharrezkoa balitz, bezeroaren bulegora joanda) dira, besteak beste, Euskaltelen enpresentzako banda zabaleko eskaintza berri honi batzen zaizkion abantailak.

Enpresa arloaren hazkuntza

Euskaltelek enpresentzat duen eskaintzaren posizionamendu berri hau konpainiako langileen eguneroko jardunaren emaitza da. Profesional horiek hurbiletik lan egiten dute, eta bezero diren enpresen beharrei eraginkortasunez erantzuten saiatzen dira. Horri esker handitu da nabarmen Euskaltelen Enpresa arloa azken ekitaldian: diru-sarrerak % 3,3 hazi dira 2020an.

Segmentu horretako bezero-kopurua ere % 1,4 hazi da. Ekitaldiaren amaieran, Taldeko bezero diren 16.000 enpresa zeuden, 2020. urtea hain zaila izanik ere, pandemiak herrialdearen enpresa-sarean eragin dituen ondorioengatik. B2B telekomunikazio-zerbitzuen eskaera handiak, telelanaren jarraipenaren ondorioz eta zerbitzuaren kalitatearekiko eta Euskaltel Taldeak enpresei ematen dien arretaren hurbiltasunarekiko konpromiso handiaren ondorioz, erakutsi du Taldearen B2B dibisioak posizio sendoa duela merkatuan, eta enpresa-segmentuak 2020an emaitza bikainak izatea eragin du.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com