• Euskaltelek laguntza teknikoa eskainiko du teknologien kudeaketan, eta prestakuntza- eta dibulgazio-ekintzak sustatuko ditu SEA elkarteko enpresen artean.
  • Euskaltel eta SEA duela 17 urtetik hona berritzen ari diren hitzarmen honen bidez, telekomunikazio-operadoreak Arabako eta Euskadiko gizartearekin duen konpromisoa eta erantzukizun soziala islatzen dira.

2021eko maiatzaren 25ean. Euskaltelek eta SEA Arabako Enpresek lankidetza-esparrua berritu dute, Arabako enpresei telekomunikazio-zerbitzu aurreratuak emateko hainbat ekintza garatzeko. Euskaltelek laguntza teknikoa eskainiko du teknologien kudeaketan, eta prestakuntza- eta dibulgazio-ekintzak sustatuko ditu, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta, aldi berean, informazioaren gizartea garatzen laguntzeko. Sinatutako lankidetza-hitzarmenak SEAri atxikitako enpresei aholkularitza eskaintzea du oinarri, enpreson prozesuak eraldatzeko eta negozioak eraginkorrago egiteko, eta, hala, beren behar teknologiko guztiak asetzeko eta digitalizazio-prozesuei arrakastaz ekiteko.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldia Euskaltelen egoitzan egin da, eta hartan izan dira Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea eta José Miguel García kontseilari delegatua, eta SEA Arabako Enpresak erakundeko presidente Pascal Gómez, zuzendari nagusi Juan Ugarte eta zuzendari ondoko Aitor Otaola.

"Bizi garen gizarte hau gizarte konektatua da, aldaketetan azkartasun handia duena, teknologia disruptiboekin, eta garbi eboluzionatzen ari da produktu-eskaintzatik zerbitzu-eskaintzara. Hori dela eta, eraldaketa ezinbestekoa da; izan ere, digitalizazioa, tresna gisa ez ezik, kudeaketa-ikuskera edo -eredu gisa ulertuta, ezinbestekoa da", adierazi du José Miguel Garcíak, eta honela azaldu du asmoa: "Euskaltelen helburua da Arabako enpresei aukera ematea ikusteko nola egoera teknologiko berriak negozioen bilakaera errazten duen baina, aldi berean, etengabe berrikustera eta birdefinitzera behartzen duen, lehiakortasuna mantendu edo hobetzeko".

SEA Arabako Enpresak erakundeko presidentea, Pascal Gómez, pozik agertu da lankidetzarekin, "erabat sendotua baitago, jada 17 urtez Euskaltelekin batera lanean aritzeak erakusten duen bezala", eta balioespen hau egin du: "Akordioak agerian uzten du, berriz ere, Arabako enpresek apustu garbia egin dutela digitalizazioaren alde, oraingo eta etorkizuneko jarduera egituratzeko ardatz gisa". Ildo beretik, tresna horren abantaila ugarien artean, hauek nabarmendu ditu: "lan-prozesuak (administratiboak, produktiboak eta komertzialak) bizkortzea, horrek aukera ematen baitu arazoak detektatzeko, irtenbideak aurkitzeko eta gauzatzeko". Gomezek gaineratu duenez, digitalizazioak "erabaki guztiak hartzea eta teoriatik praktikara azkarrago pasatzea ahalbidetzen du".

SEAko presidentearen iritziz, Euskaltelekin sinatutako hitzarmen berrituak "lagunduko du Arabako nahiz Euskadiko jarduera ekonomikoa suspertzeko helburu komunean, enpresek iraun behar larria jasan duten epe baten ondoren".

Bestalde, Xabier Iturbek nabarmendu duenez, informazioaren kudeaketak prozesu operatiboak optimizatzeko aukera ematen du "are gehiago krisiak konektibitatea eta sareko elkarlana are beharrezkoago egiten dituen une hauetan. Orain, erakundeek beren zerbitzuak eta komunikazio-sareak behar dituzte, bezeroen beharrei erantzuteko eta informazioa kudeatzeko behar diren teknologiak eskura izateko. Egoera horretan, Euskaltelen moduko aliatu aditu bat izatea da bidea enpresa-paradigma berrira egokitzeko, enpresa konektatu eta errealitate berrira moldatuaren paradigmara".

Euskaltel eta SEA duela hamabost urte baino gehiagotik hona berritzen ari diren hitzarmen hau sinatzean, argi islatzen da telekomunikazio-operadoreak Arabako eta EAEko gizartearekin duen konpromisoa, bai eta erantzukizun sozialeko jarduera bat ere: enpresei laguntzea ekonomia konektatu eta sentsorizatu berrian aurre egin behar dieten erronka berrietarako.

Enpresek nahi dute beren negozioa berezia izatea bezeroentzat, arretari, zerbitzuari, produktuari eta abarri dagokienez. Gero eta nabarmenagoa den behar horri erantzuteko, aholkulari hurbila bihurtu da Euskaltel. Halaber, enpresei laguntzen die soluzio eta teknologia berriak bereganatzen, eta horiek enpresaren negozio-prozesuetara eta -ereduetara egokitzen. Hala, enpresen lehiakortasuna eta kostuen eraginkortasuna hobetzen da, edo, zuzenean, negozio-aukera berriak sortzen dira.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com