• Aurkezpen ekitaldian izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea, Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendaria, Mikel Agirre EITBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendaria, eta Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendaria.
  • Euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa ematea da Euskaltelen integratutako zerbitzu berriaren helburu nagusia.
  • Lehen fase honetan, ETB1, ETB3 eta eitb.eus-en eduki nagusienak egongo dira Euskaltekan. EITBk 300 orduko lehen eskaintza bat prestatu du, programa arrakastatsuenekin, hainbat generotakoak eta publiko ororentzat.
  • Plataforma berri honek aukera eskainiko die Euskalteleko telebistako bezeroei mota guztietako euskarazko saioak eskura izateko, modu errazean, eta jarraipena ematen dio euskarazko edukiak sortu eta zabaltzeko Euskaltelen apustuari.
  • Plataforma zabalik dago euskaraz ekoitzitako produktu gehiago bertara biltzeko, etorkizunean Euskadin ikus-entzunezkoen arloan erreferentziazko bideoteka bihurtzeko helburuarekin.

2021eko maiatzaren 31n. Euskaltelek eta EITBk Euskalteka aurkeztu dute, euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma berri eta aitzindaria. Abiapuntu gisa, EITBren saio arrakastatsuenen 300 orduko programazio eskaintza biltzen du, hainbat generotakoa eta publiko ororentzat.

Zerbitzu berriaren aurkezpena ostegun honetan egin da, EITBren Bilboko egoitzan, Sara Gandara EITBko kazetariak gidatuta. Bertan parte hartu dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendariak, Mikel Agirre EITBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendariak, eta Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariak. Euskadiko ikus-entzunezko ekoizpenaren eta kulturaren erakusleiho berritzaile hau sortzeko bi entitateek egindako elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute guztiek.

Hala, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ekimena goraipatu du. "Euskarak urrats erraldoiak egin ditu 1982an Euskaren Legea onartua izan zenetik, eta EITBko lehen hedabideak martxan jartzen hasi zirenetik gaur arte. Ibilbide oparo horretan mundu analogikotik digitalerako iraultza ere erabatekoa izan da eta erabakigarria, besteak beste, ikus-entzunezko kulturgintzaren zabalkunderako. Entzule, ikusle eta erabiltzaileen kontsumo ohiturak errotik aldatu dira eta aldatzen ari dira, pandemia garai honetan bertan ere ikusi ahal izan dugunez. Horregatik, ongietorria ematen diogu eta txalotzen dugu EITB eta Euskaltelen arteko lankidetza estrategiko hau, euskara ezagutzera eman eta erabilera sustatzen, Jaurlaritzaren helburuarekin bete-betean lerrokatzen delako", esan du.

Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea, bestalde, harro agertu da euskarazko ekoizpenekin soilik osatutako lehen bideoteka aurkezteaz, "plataforma aitzindari bat, Euskadiko kultur panoraman mugarri. Orain 25 urte jaio ginenean hartutako konpromisoaren adibiderik onena da hau, euskal gizartearen garapenaren alde lan egiteko eta gure kultura eta gure hizkuntza sustatzeko. Euskatelen lanak mamitzen duen guztiaren laburpena da Euskalteka: gizartearekiko konpromisoa, euskara, kultura, teknologia, berrikuntza eta bezeroarekiko gertutasuna". Horrez gain, azpimarratu du zerbitzu berri hau "erreferentzia diren bi euskal enpresaren lankidetzatik" jaio dela, "nor bere esparruan erreferentzia diren Euskaltel eta EITB, biak ala biak helburu berarekin: Euskadiren garapen teknologiko, kultural eta sozialean protagonista eta sustatzaile izatea".

Mikel Agirre EITBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendariak, berriz, urtetan EITBk eta Euskaltelek jorratu izan duten aliantzaren garrantzia azpimarratu du. Agirrek nabarmendu du euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa emateko aukera paregabea dela hau. "300 orduko lehen eskaintza bat dago jada martxan, euskarazkoa eta lehiakorra, nahieran kontsumitu ahal izango dena. Bere kanaletako edukiei difusio handiagoa emateko eta ikus-entzunezkoen kontsumo berrietara egokitzeko EITBren estrategiari erantzuten dio ekimen honek", azaldu du.

Euskarazko saioak, publiko guztientzat

Euskaltel telebistaren Replayteka zerbitzuaren barruan dago Euskalteka. Nahieran kontsumitzeko edukien katalogo batek osatzen du zerbitzua, eta Euskaltel telebistako harpidedunek doan eskura dezakete.

EITBrekin egindako akordioari esker, Euskaltekako gordailuan ikusgai izango dira ETB1, ETB3 eta eitb.eus-eko saio nagusiak. EITBk lehen eskaintza bat prestatu du, 300 ordukoa eta saio arrakastatsuenekin, hainbat generotakoak eta publiko ororentzat.

Besteak beste, "Go!azen" telesaila, "Herri Txiki, Infernu Handi", "Barre Librea" programak eta "Baserria" realitya topatu daitezke bertan. Gainera, "Hondar ahoak", "Ihesaldia", "Altsasu" eta "Alardea" fikzioak ere bertan aurkitu ahal izango ditu ikusleak.

Halaber, lehen fase honetan, haurrentzako "3 Ene Kantak" programaren hainbat atal eta musika saioak ere badaude, hala nola "Bidegurutzean" programa, "Gaztea B Aldea" egitasmoaren emanaldiak, "Gaztea 30, 30, 30" eta "Gure Doinuak". Proposamen horietan, guztietan, egun-eguneko euskal musikak protagonismo handia du.

Sukaldaritza Joseba Arguiņanoren "Sukaldaria" eta "Joseba Arguiņano Sukalerrian" tarteetan aurkituko dugu. Dokumentalen atalean, bestalde, "Baskoniako Historia Bat" dokumental saila eta Paperezko Hegoak, Eten Barik Joten, Ni Naiz Lete eta Txillardegi lanak egongo dira.

Euskaltelen Replaytekan

Euskaltekaz gozatzeko, erabiltzaileak Euskaltel telebistako Replayteka atalera jotzea baino ez du, eta bertako portadan ageri diren programa ezberdinen artean aukeratu. Bezeroaren ordutegiei egokituta ikus-entzunezko eduki gehiago eskaintzen dituen zerbitzua da Replayteka; hala, telesailak, pelikulak, dokumentalak, kontzertuak? hasietatik eta nahi duen unean ikusteko aukera ematen dio ikusleari. Gainera, bideo bat bailitzan ikus daitezke, emanaldia geldituz eta aurrera edo atzera eramanaz.

Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariak aipamen berezia egin dio Euskalteleko eta EITBko profesional taldeek egindako talde-lanari, saioak biltzeko eta plataforman eskura jartzeko egindako lana aitortuta "Akordio honi esker, Euskalteleko bezeroek aukera izango dute modu azkar eta erraz batean euskarazko edukiak eskura izateko, eta Euskaltelek jarraikortasuna ematen dio euskarazko edukiak sortzeko eta zabaltzeko duen etengabeko apustuari, bere garaian Betizu haurrentzako kanalarekin zein euskarazko Loreak, Handia, Errementari eta Akelarre pelikula arraskatsuen koprodukzioarekin egin bezala. Orain gure teknologia jartzen dugu, euskarazko edukien biblioteka garrantzitsu bat izateko, Euskadiko milako etxetako urrutiko agintetik eskuragarri".

Erreferentziazko bideoteka

Euskaltelen eta EITBren arteko aliantzatik sortutako euskarazko ikus-entzunezko edukien erakusleiho berri honek euskarazko produkzioak dituzten beste ekoiztetxe eta kanal batzuetara zabaltzeko asmoa du, eskaintza aberasteko eta osatzeko. Hala, Euskalteka euskarazko ikus-entzunezko kulturaren bilgune bihurtu nahi da, eta plataforma zabalik dago euskarazko edukia gehiago bertan sartzeko, etorkizunean Euskadiko ikus-entzunezko sektorean erreferentziazko bideoteka bihurtu dadin.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com