Batzar Orokorrak urteko kontuak onetsi ditu; halaber, onespena eman dio Taldearen emaitza aplikatzeko eta dibidendua banatzeko proposamenari

  • Euskaltel Taldearen akziodunek gehiengo zabalez onetsi dituzte iazko ekitaldiaren urteko kontuak, kudeaketa-txostena eta gai-zerrendan jasotako gainerako proposamenak, gaur goizean Derioko gizarte-egoitzan egin duten Batzar Orokorrean.
  • Gaurko Batzarrak onartu duenez, akziodunei banatuko zaien 2020ko dibidendua akzioko 31 euro-zentimo da. Horrek esan nahi du dibidendutan 55 milioi euro baino gehiago banatuko direla.
  • Ekitaldi honetan, zeina bigarrena izan baita ibilbide-orri estrategiko berria onartu zenetik, ondo bete ditu Euskaltelek merkatuari iragarritako helburuak, eta horrek hazkundea eta errentagarritasuna ekarri ditu berekin, bai eta akziodunarentzat balioa sortzea ere.
  • José Miguel Garcíaren hitzetan: "Arrakastaz bete dugu gure ibilbide-orri estrategikoa, eta horrek nabarmen bultzatu ditu enpresaren hazkundea eta errentagarritasuna. Hala, Espainiako telekomunikazioen merkatuan hazkunde handiena izan duten operadoreetako bat izatera iritsi gara".
  • "Geure buruari ezarritako helburu guztiak aise gainditu ditugu: erakunde bakarra ezartzea, negozio tradizionala sendotzea eta estatu osora hedatzeko plana arrakastaz osatzea Virgin telco markaren bidez".

2021eko ekainaren 2an. Euskaltel Taldeko akziodunek gehiengo zabal batez onetsi dituzte Kontseiluak gaur goizean Konpainiaren egoitza sozialean (Bizkaia) egindako Batzar Orokorrean formulatutako akordio-proposamen guztiak.

Gai zerrendako beste puntu batzuen artean, Akziodunen Batzar Orokorrak Euskaltel Taldearen Urteko Kontuak, Kudeaketa Txostenak eta 2020. urteari dagokion Informazio Ez-finantzarioaren Egoera onartu ditu. Datu horiek hala bezeroetan nola errentagarritasunean lortutako hazkundea berresten dute, eta konpainiaren bide-orri estrategikoan zehaztutako ekintzak egikaritzearen ondorioa dira.

Akziodunen Batzar Orokorraren aurrean egin duen hitzaldian, Euskaltel Taldeko kontseilari delegatu José Miguel Garcíak nabarmendu du merkatuari jakinarazitako helburu guztiak bete direla. "Arrakastaz bete dugu gure ibilbide-orri estrategikoa, eta horrek nabarmen bultzatu ditu enpresaren hazkundea eta errentagarritasuna. Hala, Espainiako telekomunikazioen merkatuan hazkunde handiena izan duten operadoreetako bat izatera iritsi gara. Geure buruari ezarritako helburu guztiak aise gainditu ditugu: erakunde bakarra ezartzea, negozio tradizionala sendotzea eta estatu osora hedatzeko plana arrakastaz osatzea Virgin telco markaren bidez: 115.000 bezerotik gora ditugu, ezarritako helburuen oso gainetik".

Virgin telco markaren bidez estatu osora hedatzearen arrakasta

Euskaltel Taldeko CEOak, zeinak aste honetan bi urte beteko baititu konpainian, nabarmendu du Taldearen ibilbide-orri estrategikoa arrakastaz betetzea funtsezko hiru zutabetan oinarritu dela: Erakunde bakar eta integratu bat sortzea. Negozio tradizionala hobetzea eta sendotzea, zehaztutako eraginkortasun-programen bidez; horri esker, 200 milioi eurotik gorako kaxa operatiboa sortu du ohiko negozioak ekitaldian, aurreko ekitaldian baino % 7 gehiago. Eta Virgin telco markaren bidez estatu osora hedatzeko planaren arrakasta; izan ere, 2020rako zituen bezero-helburuak bete eta % 50etik gora gainditu ditu.

Gainera, Taldeak anbizio handiko proiektu bat abian jarri du dagoeneko: bere kable-sarea zuntz optikozko azken teknologiarekin eguneratzea. Proiektu horretan sartzen dira bai etxe tradizionalen konexioa, bai sare-estaldura handitzea, eta balio handia sortuko du konpainiarentzat, inbertsio mugatua eskatzen baitu, dagoeneko aktibo asko baititu, hala nola duktuak eta elikadura- eta garraio-sareak. Dagoeneko, hiru merkatu tradizionaletako 30 udalerritako 45.000 etxetan amaitu da eguneratzea.

Plan estrategikoa betetzearen ondorioz, Euskaltel Taldea Espainiako telekomunikazioen merkatuan gehien hazi diren operadoreetako bat da. Banda zabaleko zerbitzuetan, Euskaltelek 60.000 alta garbi inguru lortu ditu 2020an. Horrek esan nahi du merkatuan gehien hazi den bigarren operadore handia dela.

Diru-sarrerei dagokienez, Euskaltel % 2 hazi zen aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta merkatuan gehien hazi den bigarren operadorea da. Merkatu horretan, bost operadore nagusietatik bik bakarrik lortu dute diru-sarreren hazkunde positiboa.

2020: Euskaltel hazkundera itzuli den urtea

Aipatzekoa da 2020ko ekitaldian Euskaltel hazkundera itzuli dela bere eragiketa- eta finantza-magnitude nagusietan, batez ere estatu osora hedatzearen bultzadari esker, nabarmen hazi baita, bai bezeroetan, bai ekitaldiko diru-sarreretan.

Datu zehatzei dagokienez, ibilbide-orria ezartzeak eta aldaketa estrategikoak konpainia 2020an haztea eta errentagarritasuna lortzea eragin dute.

Bezero finkoak 47.000 baino gehiago hazi ziren ekitaldian. Hala, ekitaldiaren amaieran, sare finkoko 716.000 bezerotik gora zeuden; horrek parerik gabeko hazkundea ekarri dio konpainiari, Virgin telcok izandako arrakastak bultzatuta.

Sare-estaldura, bai sare propioaren bidezkoa, bai beste operadore batzuen sareen bidezkoa, 24 milioi etxe ingurukoa izan zen. Horrek esan nahi du konpainiak jarritako estaldura-helburua -2020aren amaieran 18 milioi etxebizitzatara iristea- % 30 baino gehiago gainditu zela, konpainiaren sare-estaldura ekitaldi bakar batean laukoizteaz gainera.

Konpainiaren diru-sarrerak % 2 hazi ziren 2019koen aldean, eta 2020an 697 milioi eurora iritsi ziren. Horrek ekarri du Taldearen diru-sarrerak hazkundera itzultzea.

Negozio tradizionalaren kutxa operatiboa 200 milioi eurotik gorakoa izan zen, hau da, aurreko urtean baino % 7 gehiago, negozio tradizionala hobetzeko eta finkatzeko ahaleginaren ondorioz eta efizientzia-planak ezartzearen ondorioz.

Horrek guztiak ekarri du 2020a Euskaltel hazkundera itzuli den urtea izatea.

Kalitate handiko zerbitzua prezio lehiakorretan

Joan den urteko maiatzaren 20an merkaturatu zen Virgin telco, eta ezarritako helburu guztiak gainditu ditu, ez bakarrik bere bezero-oinarriaren bolumenari dagokionez, baita kalitateari dagokionez ere. Urteko laugarren hiruhilekoan, merkatuan zazpi hilabete eskaseko presentzia izan ondoren, Virgin telco Net Promoter Score (NPS) markako liderra zen merkatuan.

Virgin telcok merkatuan duen arrakasta markak kalitate handiko eta prezio lehiakorreko zerbitzu gisa duen posizionamendu argiari zor zaio. Gainera, eskaintza berritzaileenak merkaturatu dituen operadorea da, eta horrek Virgin telcoren errentagarritasuna bultzatu du; izan ere, bezero bakoitzeko zerbitzu-kopurua % 23 handitu da, eta haren ARPUa % 10 hazi da merkaturatu zenetik.

Virgin telcok merkaturatutako eskaintza berritzaile horien artean, hauek nabarmentzen dira: Netflix Fan, Netflix-en edukiak merkatuko preziorik lehiakorrenean; Virgin Family, zerbitzu lehiakorrenekin bat datorren produktua, preziorik onenetan; Wifi Mesh, etxeko WiFi sarearen potentzia guztia aprobetxatzeko; Amazonekin egindako hitzarmena, zeinaren bidez Virgin telco baita Amazonen bidez bere produktua banatzen duen lehen operadorea eta zeinari esker haren bezeroek Amazon Primeren edukiaz goza baitezakete prezio murriztuan.

Akziodunarentzat balioa sortzea. Dibidendu-banaketa

Oinarri sendo horretatik abiatuta, Euskaltel Taldearen Negozio Planak akziodunarentzat hazkundea eta balioa sortzea bermatzen du, eta hurrengo urteetarako finantza- eta negozio-magnitude nagusiak handitzea aurreikusten du, batez ere estatu osora hedatzeko plana gauzatzean oinarrituta, zeinak konpainia eraldatu eta hazkunde-negozio bihurtu baitu.

Gaur egin den Batzar Orokorrak Euskaltel Taldearen emaitza aplikatzeko eta 2020ko abenduaren 31n itxitako ekitaldiari dagokion dibidendua banatzeko proposamena onartu du. Azkenik akziodunei banatuko zaien dibidendua akzioko 0,31 euro izango da, Batzarrak gaur onespena eman ondoren.

Gogoratu behar da Euskaltelen Administrazio Kontseiluak Konpainiako akziodunen artean 0,14 euro gordin banatzea onartu zuela 2020ko abenduan, kobratzeko eskubidea duen eta zirkulazioan dagoen akzio bakoitzeko, 2020ko ekitaldiko emaitzen kontura; operazio hori 2020ko otsailaren 12an gauzatu zen.

Gero, Administrazio Kontseiluak adostu zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea akzioko 0,17 euroko dibidendu osagarri bat onar zezan, zeina beranduenez 2021eko ekainaren 17an ordaintzea aurreikusiten baita.

2015ean Burtsara atera zenetik, konpainiak dibidendua banatzen duen bosgarren urtea da jarraian. Era berean, dibidendu-banaketa horrek erakusten du Taldeak betetzen dituela akziodunekin dituen konpromisoak, eta inbertitzaileentzat balioa sortzeko helburuak indartzen ditu.

Batzarra telematikoki egin da, COVID-19a dela eta

Euskaltelen Akziodunen Batzar Nagusia telematikoki egin da, akziodunen segurtasuna eta osasuna bermatzeko eta COVID-19aren ondoriozko joan-etorrietarako murrizketak errespetatzeko, aldi berean akziodunen partaidetza- eta boto-eskubideak bermatuz.

Ingurumen-jasangarritasuna

Euskaltel Taldeak ingurumen-kudeaketako bikaintasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Horretan islatzen da klima-aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa, eta Garapen Helburuei laguntzen die, bere jarduera merkatuko praktika onenekin lerrokatuz.

Aurten ere, eta Euskaltel Taldearen ingurumen-konpromisoaren erakusgarri, Akziodunen Batzar Nagusi hau ekitaldi jasangarrietarako "Erronka Garbia" ziurtagiriarekin egin da. Haren bidez, Eusko Jaurlaritzak ziurtatzen du Batzarrak ingurumenaren gaineko eragin negatiboak minimizatzen dituzten neurriak ezarri dituela. 2021eko Batzarrari dagokionez, 2020tik aurrera Euskaltelen egoitzak kontsumitzen duen energiaren % 100 iturri berriztagarrikoa izateak dakarren emisio-murrizketaren hobekuntzaz gainera, Batzarra modu telematikoan egiteak, akziodunen eta haien ordezkarien asistentzia fisikorik gabe, nabarmen gutxitu du haren ingurumen-inpaktua.

Ingurumen-konpromiso horietaz gainera, aipatzekoa da Berreskuratze Berdearen aldeko Aliantzarekin bat egin izana. Aliantza horren helburua da Europar Batasunak jasangarritasuna helburu hartuta gainditzea osasun-krisia eta krisi ekonomikoa, eta gobernuek jasangarritasun-irizpideekin bat datozen neurriak eta politikak ezar ditzaten sustatzea.

Errentagarritasuna eta jasangarritasuna aintzat hartzea

Euskaltel IBEX TOP DIVIDENDO® indizean sartu zen 2021eko otsailean, Euskaltelen errentagarritasun onaren erakusgarri; hain zuzen, bere dibidenduen politika berretsi du aurten ere konpainiak, urteko emaitza sendoen ondorioz.

IBEX TOP DIVIDENDO indizean sartzeari 2020ko ekainean Burtsako FTSE4Good IBEX jasangarritasun-indizean sartu izana gehitu behar zaio. Munduko jasangarritasun-indize entzutetsuenetako bat da, eta erantzukizun sozial korporatiboko jardunbideetan aitzindari diren Espainiako konpainiak identifikatzen ditu. Inbertitzaileei ingurumen-, gizarte- eta gobernu-arloko jardunbide onenak betetzen dituzten enpresei buruzko informazioa emateko diseinatuta dago.

Errentagarritasunaren eta jasangarritasunaren arloko jokabide on horri Euskaltel markaren sendotasunaren aintzatespena gehitu behar zaio. Izan ere, mundu osoko 150 telekomunikazio-marka baliotsuenetako bat da, sektore horretako marka baliotsuenak aukeratzeko Brand Finance aholkularitzak egindako "Telecoms 150 2021" txostenaren arabera. Aholkularitza independente horrek ukiezinen balorazioa egiten du, ISO 10668 eta ISO 20671 arauei jarraituz -markak baloratzekoa eta ebaluatzekoa, hurrenez hurren-, eta markaren balioari buruzko datu-base hori baliatzen da NBEren Berrikuntzaren Mundu Indizearen (GII indizearen) adierazleetako bat osatzeko.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com