Euskaltelen "The Tech Experience" eraikin birtualak mundu mailako teknologia-enpresa aitzindariak elkartu ditu unibertso digitalari eta negozio-aukerei buruzko gogoeta egiteko

  • Fortinet, VMware, Cisco, Microsoft eta Citrix etxeetako adituek onlineko topaketa interaktiboak izan dituzte (astelehenetik gaur arte) enpresetako adituekin, hainbat gai lantzeko; besteak beste, eraldatze digitalerako segurtasuna, komunikazio konbergenteak eta erabiltzaile-esperientzia.
  • Bost enpresa horietako profesionalek erabakiak hartzeko duten ikuspegi estrategikoa azaldu dute "Etorkizuneko IKTetako joeren astea: saio bat, konponbide bat, joera bat" ekitaldiko jardunaldietako bakoitzean, eta hamarkada honetako eta datozen hamarkadetako erronka teknologikoetako batzuk aurreratu dituzte.
  • Enpresetako ia ehun ordezkari izan dira jardunaldietan; parte-hartze aktiboa izan dute, Euskadiko eraldatze digitalaren errealitatearen inguruan dituzten zalantza eta kezkak azaldu baitituzte.
  • Euskaltelek jarraitzen du EAEko enpresei digitalizazio-prozesuetan laguntzen, maila guztietan eta munduko edozein agertokitan lehiakorrak izaten jarraitu dezaten.

2021eko ekainaren 11. Hainbat sektoretako ehun profesional eta goi-kargu inguruk, konpainia ezagun gonbidatuekin batera, hartu dute parte Euskaltelek antolatutako "Etorkizuneko IKTetako joeren astea" ekitaldian, zeinari gaur goizean eman zaio amaiera, bost egunen ondoren.

Mundu-mailako bost teknologia-enpresa aitzindaritako adituek zuzendu dituzte saioak: Cisco, Citrix, Fortinet, Microsoft eta VMware.

IKTko azpiegituren etorkizuneko alderdiren bat eta azken joera nagusiak landu ditu enpresa horietako bakoitzak. Enpresa-ingurunean erabakiak hartzen laguntzeko ikuspegi estrategikoak eskaini dituzte, eta, aldi berean, enpresak digitalizatzeko prozesuak dakartzan erronketako batzuen konponbideak aurkeztu dituzte.

Stand birtualak Euskaltelen bezero diren enpresentzat

Informazioaren teknologien alorreko mundu mailako bost "eragile" handi horiek etortzear dauden erronkak azaldu dituzte, eta ahalegin eta garapen esanguratsuenak zer alderditan egin dituzten ere bai; The Tech Experience eraikin birtualeko standean eman dute horren guztiaren berri.

Aipagarria da ekimen horretarako hautatu den formatua: azoka birtual bat, zeinean bidaia automatiko bat egiten baita eraikinean zehar bisitariari interesatzen zaion fabrikatzailearen standera heldu arte. Bisitariak aukera du gero eraikinean geratu eta beste postu eta/edo eremu batzuk ezagutzeko. Hala, esku-hartzeen arintasunaren eta bizitasunaren kontzeptua muturrera daraman formatu bat hautatu du Euskaltelek: 30 minutu inguruko saio laburrak dira, eta modulu didaktiko interaktibo eta oso dinamikoak eratzen dira; parte-hartzaileek kontsultak eta ekarpenak egin ditzakete.

Eraldaketa digitaletik eta lan hibridotik segurtasunera eta konbergentziara

Fortinetek ireki zuen "Etorkizuneko IKTetako joeren astea: saio bat, konponbide bat, joera bat" ekitaldia ekainaren 7an (astelehena), eta eraldaketa digitalerako segurtasuna izan zuen hizpide. Javier Carranzak, Fortineteko Sales Team leaderrak, mehatxuetatik babesteko estrategia bat diseinatzeko modurik onena azaldu zuen, eraldaketa digitalaren oinarrietako bat baita: "Digitalizazioak zaurgarritasun handiagoa dakar berekin. Mehatxuetatik babesteko lan-esparru bat sortu du Fortinetek, eraso-bektoreetatik babesteko zibersegurtasuneko soluzioen integrazioan eta automatizazioan oinarrituta".

Bestalde, Carlos Sen, VMware Iberiako cloudeko Hornitzaileentzako Soluzioen arkitektoa, negozio digitaletarako azpiegituretako joerez aritu zen asteartean, eta enpresako estrategia digitalerako teknologia kritikoak sartzean kontuan hartu behar diren gakoak eman zituen, zeinei esker arriskuak eta inbertsioa minimizatzen baitira. Senek esan zuenez, "berrikuntza teknologikoak aurrekaririk gabeko erritmo batean zabaltzen ari dira, eta enpresek edozein unetan hartu behar dituzte, merkatuan bereizteko. Euskaltelek gogor lan egin du VMware enpresarekin batera bezeroei Multicloud azpiegituren plataforma bat eskaintzeko, zeinak aukera ematen baitu berrikuntza horiek prozesu eta politiketan modu ez-disruptiboan sartzeko, kontsumo-modu efiziente batean eta enpresa bakoitzaren beharretara egokitzeko behar den malgutasunarekin".

María García Inanez Cisco enpresako Europako hegoaldeko Salmenten Segurtasuneko adituak lanpostu hibrido baterako aldaketari buruz hitz egin zuen, eta segurtasuna edozein tokitatik indartzeko eta hodeira eramateko modua azaldu zuen: "Erakundeen % 60k espero dute aplikazio gehienak hodeian izatea aurten, eta langileen % 40 inguru urrunetik ari dira lanean; lan-indar hibridoak babesa eta errendimendua behar du Interneterako eta cloud-aplikazioetarako sarbidea dagoen tokietan." Testuinguru horretan, Ciscoren SASE arkitekturak "hainbat segurtasun-, sare- eta ikuspen-funtzio integratzen ditu eskaintza bakar batean, eta modu seguruan konektatzen du edozein erabiltzaile edo gailu edozein tokitako edozein aplikaziorekin".

Microsofti dagokionez, Nacho Sanchez-Beato teknikari aditua komunikazio konbergenteez mintzatu zen asteko laugarren jardunaldian. Bere konpainiak lanpostu modernoko komunikazioen konbergentziaz duen ikuspegia azaldu zuen Sánchez-Beatok: "Microsoftek badaki lanpostu modernoan errealitate bat dela komunikazioen konbergentzia, eta gure bezero eta partnerren bitartez ari gara ikusten joera hori merkatuan. Guztia zuzenean lankidetza-tresnetan eta negozioko aplikazioetan integratuta izateak pertsonen produktibitatea areagotzen du, eta eraginkortasunak eta bizkortasunak ere gora egiten dute.

Azkenik, gaur goizean bertan itxi du Citrixek Etorkizuneko IKTetako joeren astea, konpainiako Carlos Moliner Field Sales managerraren esku-hartzearekin. Laneko tokia eta erabiltzaile-esperientzia izan dira ardatzak, eta esperientzia hori hobetzeko eta ingurune erabat seguru batean produktibitatea areagotzeko beharrak aztertu ditu: "Citrixek esperientzia onena eskaintzen du beti laneko edozein tokitan. Nire tresna eta datuetara sartzeko modu erraz bat, konexio-, identifikazio- eta erabilera-prozesu konplexurik gabe. Behar dudan guztia modu seguru eta malguan izango dudan puntu bakar bat, jarduera profesionala produktibitate-igoera nabarmen batekin egin ahal izateko."

"Saio bat, konponbide bat, joera bat" goiburutzat zutela, Euskaltelen bezero diren enpresek aukera izan dute fabrikatzaile handiek hainbat gairen inguruan egiten dituzten ahaleginak gertutik ezagutzeko, besteak beste: etorkizuneko lanpostuak komunikazio bateratu eta konbergenteekin, zibersegurtasuna eta IKT azpiegiturak enpresa digital baterako.

"Etorkizuneko IKTetako joeren astea", zeina oraintsu bukatu baita, Euskaltelek EAEko enpresen bazkide teknologiko gisa egiten dituen ekintza ugarietako bat da. Izan ere, Euskaltelek bere horretan mantentzen du enpresei digitalizazio-prozesuak osatzeko eta optimizatzeko funtsezko ibilbide horretan laguntzeko konpromisoa.

Hitzaldien grabazioak entzun nahi izanez gero, Euskaltelen eraikin birtualeko standetara jo daiteke; parte hartu duten enpresa guztiak daude han: https://thetechexperience.euskaltel.com/eu/the-tech-experience_3617#page=3630

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com