• 2021-2022 denboraldian ere Athleticeko emakumezkoen taldearen babeslea izango da Euskaltel, babesletza-hitzarmena berritu baitute.
  • Hori dela eta, Euskaltelen logotipoa izango dute nesken ekipo nagusiaren bi elaskikoek: jokatzeko elastiko ofizialak nahiz entrenatzekoak.
  • Lankidetza horren bidez, telekomunikazio-konpainiaren balioak nabarmendu nahi dira; izan ere, aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta aniztasunarekiko errespetua Euskaltelen jardueraren ardatz dira.

2021eko ekainaren 28an. Athleticeko emakumezkoen lehen taldearekiko babesletza-hitzarmena berritu du Euskaltelek 2021-2022 denboraldirako. Horretaz gain, klubaren hornitzaile teknologiko eta Athletic Club Fundazioko ohorezko kide izaten jarraituko du.

Hitzarmena berresteko ekitaldian, hauek hartu dute parte: batetik, Athleticeko presidente Aitor Elizegik, Negozioko eta Berrikuntzako zuzendari Borja Gonzálezek, eta Markeniteko zuzendari Mikel Etxebarriak, eta, bestetik, Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak eta José Miguel García kontseilari delegatuak. Nekane Díez jokalariak talde zuri-gorriaren elastikoa jantzita zeukan Lezamako instalazio berrituetan egin den sinadura-ekitaldian. Euskaltelen logotipoa agertuko da jokatzeko elastiko ofizialean eta lehen taldeak entrenatzeko erabiltzen duenean.

Euskaltelekin sinatutako hitzarmena dela eta, gustura azaldu da Aitor Elizegi. "Zortzi urtean berritu dugu sinadura hau. Balioak kontuan hartzen dituen kirolaren aldeko apustu bat da, eta emakumeen futbolarekiko konpromisoaren erakusgarri. Izan ere, kirolaren zati horrek laguntza behar du".

Bestalde, Xabier Iturbek adierazi duenez, "Euskaltel oso gustura dago hitzarmen honekin; izan ere, talde horren balioekin, ahaleginaren kulturarekin eta abarrekin bat egiten dugu guk ere. Athleticeko emakumezkoen taldea berdintasunaren balioen ikur bat da".

Athletic osoari euskarri teknologikoa emango badio ere, emakumezkoen taldearen babeslea izango da Euskaltel, eta babesletza hori bat dator telekomunikazio-konpainiaren balioekin; izan ere, aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta aniztasunarekiko errespetua Euskaltelen jardueraren ardatz dira. Eta berdintasunaz ari garela, emakumeen kirola ikusarazteko kultur eta kirol arloko ekimenak babesteaz ari gara.

2013an, hitzarmen bat sinatu zuten Athleticek eta Euskaltelek, eta, hari esker, klubaren hornitzaile teknologiko eta lehen taldearen babesle bihurtu zen telekomunikazio-operadorea. 2016an, indartu egin zen hitzarmena, emakumezkoen taldearen babesle nagusi bihurtu baitzen Euskaltel; harrezkeroztik, operadorearen logoa darama taldekideen elastikoak.

Babesletza horri esker, Euskaltelek hainbat esperientzia, jardunaldi eta ekitaldi egin ahal izango ditu bere bezeroekin denboraldi osoan; osasun-segurtasuneko baldintzak hobetzen direnean egin ahal izatea espero dute operadorearen nahiz taldearen arduradunek.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com