• STI Norlandek Iruñean ditu egoitza nagusia eta I+Gko zentroa, eta serbitizazioan oinarritutako negozio-eredu berriak garatzen ari da, eguzki-instalazioen monitorizazio adimenduna, bi noranzkokoa eta segurua erabilita.
  • Euskaltel aukeratzeko, telekomunikazio-operadorearen bi alderdi hauetan oinarritu da STI Norland: batetik, aliatu teknologikoa da, eta, bestetik, digitalizazio-prozesuan aholkulari eta laguntzaile aritzen da.

2021eko uztailaren 13a. STI Norlandek, zeina liderra baita eguzki-energia fotovoltaikoko proiektu handietarako egitura finkoak eta eguzki-jarraitzaileak diseinatzen, fabrikatzen eta hornitzen, Euskaltel aukeratu du bazkide teknologiko gisa, berrikuntzako eta eraldaketa digitaleko proiektua garatzen laguntzeko. Helburua da serbitizazioan oinarritutako negozio-eredu berriak garatzea, mundu osorako instalazio fotovoltaikoen zerbitzua eta mantentze-lanak optimizatuz, monitorizazio propioaren bidez eta adimen artifizialean oinarritutako iragarpen-zerbitzu berrien bidez.

Hain zuzen, hazkunde handiena izan duten Europako enpresetako bat da STI Norland, Financial Times FT1000 indizearen arabera. Eguzki-jarraitzaileetarako punta-puntako teknologia propioa du. Mundu osorako egiten dituzte proiektuak: Brasil, AEB, Hegoafrika, India, Australia... Kualifikazio handiko 250 pertsonak baino gehiagok osatzen dute, eta egoitza nagusia eta I+Gko zentroa Iruñean daude. Handik ekin diote eraldaketa digitalaren prozesuari.

STI Norlandek mundu osorako eguzki-jarraitzaileak berritzeko eta serbitizatzeko Euskaltel aukeratzearen arrazoia da telekomunikazio-operadoreak bi alderdi dituela aliatu teknologiko gisa; alde batetik, Euskaltelek alderdi operatiboa diseinatuko du, datuak lortzeko aplikazioa garatuz, eta hodeiko azpiegitura edukitzea ahalbidetuko du, Mileva plataformaren bidez; bestetik, aholkularia eta laguntzailea izango da digitalizazio-prozesuan, STI Norlanden balio-kateari eusteko. Azken finean, teknologia bateratua eskaintzen du Euskaltelek: zibersegurtasuneko eta datu-komunikazioko soluzioak, hodei pribatua, adimen artifiziala, euskarri integratua eta aholkularitza, solaskide bakar batekin.

Hala, eguzki-jarraitzaileen konpainiari bere helburuak lortzen laguntzeko aliatu bihurtuko da Euskaltel, horretarako teknologia eta etengabeko aholkularitza eskainiz STI Norlandek egindako berrikuntza- eta eraldaketa digitaleko prozesu osoan. Aldi berean, operadoreak Merkatu Taldearen, zerbitzu digitalak garatzeko erreferentziako bazkide estrategikoaren, laguntza du.

Euskaltelek diseinatutako aplikazioaren bidez, eguzki-instalazio guztiak urrunetik monitorizatzeko eta kontrolatzeko eta haietan urrunetik jarduteko sistema bat diseinatu eta ezarri ahal izango du STI Norlandek. Plataformen kontrol adimendun hori negozio-eredu berri bat bihurtzen da, eta eredu horrek aukera ematen du geldialdi gutxiago egiteko, alertak denbora errealean detektatzeko eta jarduera automatikoak eta eskuzkoak urrundik egiteko. Hori guztia modu seguruan eta bezeroen oniritziarekin. Azken helburua da instalazio fotovoltaikoen ekoizpena hobetzea, jarraitzaileen segurtasuna handituz eta gailuen baterien eta motorren bizitza erabilgarria optimizatuz.

Soluzio hori SCADA IoT plataforman oinarritzen da. Instalazioak kontrolatzeko eta urrundik jarduteko bi noranzkoko sistema bat da, datuak aztertzen eta jarduera-eredu adimendunak garatzen dituena. Aktiboak kudeatzeko IoT plataforma bat da, guztiz eskalagarria (milioi bat sentsore izan ditzake). Hala, negozioaren hazkunde-beharretara egokitzen da, PaaS (Platform as as a Service) formatuan. Horri esker, oso erraza da proiektu horiei ekitea: enpresek ez dute inbertsio handirik egin behar plataformak erabiltzeko, eta errazago eskuratzen dute teknologia hori. Gainera, end2end komunikazio-sistemarekin integratzen du segurtasuna, eta energia-sektoreko nazioarteko estandarrak betetzen ditu (ISO 27001, IEC 62443, NERC eta NIST).

Urrats horri esker, STI Norlandek negozio-lerro berriak garatuko ditu eguzki-jarraipeneko egiturek ematen dituzten datuen sorkuntza masiboarekin lotuta, datu horiek konpainiaren aktibo eta lehiarako abantaila bihurtzeko, enpresa bezeroei eskaintzen dizkien soluzio eta zerbitzuen bidez. Merkatuan hobeto kokatzen lagunduko dio horrek. Era berean, bere diseinuak optimizatu ahal izango ditu, planeta osoan instalatutako eta monitorizatutako instalazio guztietan bildutako informazioarekin.

Isidro Fernández de la Calle Euskaltel Taldeko Enpresen arloko zuzendariak dioenez, "Big Dataren, hodeiko konputazioaren, adimen artifizialaren eta ikaskuntza automatikoaren aroan STI Norlandek aplikazio hori garatzeko Euskaltel aukeratzeak erakusten du datua erabil litekeela negozio-eredua eraldatzeko, negozio-lerro berriak sortzeko eta balio-katea hobetzeko, adituen aholkularitza hurbila izanez gero. Euskaltelen badakigu enpresa bakoitzak soluzio espezifikoak behar dituela. Horregatik, STI Norlandekiko lankidetza honetan, batera hartzen ditugu gure produktu-sorta, gure teknologia, berritzeko gaitasuna, esperientzia eta aliantzen ekosistema, eta osagai guztiak ezin hobeto koordinatzen dituen ikuspegi integral bat aplikatzen dugu".

Bestalde, Pablo Landak, STI Norlandeko zuzendari nagusiaren albokoak, azaldu duenez, "gure ibilbide osoan, 25 urtean, berrikuntza izan da gure arrakastaren giltzarria, eta, horri esker, eguzki-jarraitzaileen munduko bosgarren fabrikatzaile bihurtu gara. Euskaltelekiko lankidetza honi esker, sektore fotovoltaikoaren abangoardian egongo gara berriro ere".

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com