• Euskaltelek eta APD Nortek berritu egin dute lankidetza-hitzarmena, eta, hori dela eta, zenbait jardunaldi eta foro antolatuko dituzte, enpresa-komunitateak negozio-ereduen digitalizazioari buruz dituen ezagutzak eguneratzeko.

Bilbo, irailaren 22a. APD Asociación para el Progreso de la Dirección Zona Norteko presidenteak, Eduardo Junkerak, eta Euskalteleko lehendakariak, Xabier Iturbek, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena berritu dute gaur goizean, APDren Bilboko egoitzan, eta, era horretan, hamarkada batez izandako konfiantza eta lankidetza berretsi dute.

Berritu eta eguneratu egin dute elkarteko kideentzat balioa sortuko duten ekimenak garatzeko hitzarmena, eta, aldi berean, Euskaltelek Euskadiko eta Nafarroako enpresa-ingurunearekin duen konpromisoa berretsi, erakunde-jardueratik haratago. Euskaltelek eta APDk, hartara, enpresetan goi-zuzendaritzako lanak egiten dituzten pertsonen ezagutza, esperientzia eta tekniken trukea sustatu nahi dute.

Ezagutza partekatzeko topaketak

Helburu hori betetzeko, bi erakundeek APD Norteko bazkideei zuzendutako jardunaldiak eta networking-topaketak antolatzen lagunduko dute, enpresa-kudeaketako bikaintasuna xedetzat harturik konexioak ezartzeko eta jardunbide onenetatik ikasteko aukera gisa.

Euskaltelek bere ikuspegia azalduko du Euskadiko eta Nafarroako enpresen eraldaketa digital saihetsezinari buruz, aldaketetara azkar egokitzea ezinbestekoa den agertoki batean.

Xabier Iturbek oso balantze positiboa egin du APDrekiko lankidetzaz. "Hamarkada bat daramagu teknologia berriak enpresa-kudeaketara hurbiltzen, negozio-ereduen aldaketa errazteko palanka gisa, aldaketa disruptiboak lortzeko bidea ematen dutelako, ezarritako ereduak zalantzan jartzen dituztelako eta konpainien egungo gaitasunak zabaltzen dituztelako".

Iturbek gaineratu duenez, "eraldaketa digitalari esker, enpresak eraginkortasuna eta efizientzia hobetzen ari dira, akats-kopurua murriztuz eta produktuen eta zerbitzuen kalitatea hobetuz, eta horrek haien lehiakortasuna handitzen du".

Eduardo Junkerak, APD Norteko presidenteak, eskerrak eman dizkio Euskalteli laguntzagatik, aukera ematen baitio elkarteari, bere bazkide eta babesleekin batera, enpresen arteko ezagutza sustatzeko eta partekatzeko. "Beharrezko ezagutza da abangoardian kokatu eta erakunde berritzaileak, jasangarriak eta digitalak bultzatzeko".

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com