SD Eibar futbol-taldearen babesle teknologikoa eta emakume-taldearen babesle ofiziala da

Eibar, 2021eko irailaren 20a. Euskaltelek berriro sinatu du, beste denboraldi baterako, SD Eibar emakume-taldearen babesle ofiziala eta erakundearen babesle teknologikoa izaten jarraitzeko hitzarmena. Hala, denboraldi honetan ere operadore teknologikoaren marka ikusiko dugu emakume-taldearen elastikoaren aurrealdean.

Hitzarmena gaur bertan sinatu dute, Ipuruan, Amaia Gorostiza SD Eibar Kirol Elkarteko lehendakariak eta Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak. Sinaduraren unean, taldeko kapitainetako bat ere han izan da, Nerea Gantxegi.

SD Eibar eta Euskaltel 2014an hasi ziren elkarrekin lanean. 2020-2021 denboraldian, emakume-taldearen babesle nagusia izatea ere sartu zen lankidetza horretan. Orain, 2021-2022 denboraldian, hitzarmena berritu dute. Ondorioz, erakunde biek hainbat kirol- eta gizarte-ekintzatan jardungo dute elkarrekin, indarrak batuz eta Eibar eta Gipuzkoako gizartearekin konprometituta dauden eta balioak partekatzen dituzten erreferentziazko bi proiektu bateratuz.

Amaia Gorostizak eskerrak eman dizkio Euskalteli klubarekin duen konpromisoagatik. "Oso pozik gaude Euskaltel kolaboratzaile izateagatik, eta batez ere emakumeen taldeari ematen dion laguntzagatik. Espero dugu horrela jarraitzea urte askoz eta aurrerantzean are gauza handiagoak egin ahal izatea".

Euskalteleko presidente Xabier Iturbek azaldu duenez, "gure enpresa-erantzukizuneko politikaren barruan, lurraldea, berdintasuna eta kirola elkartzen dituzten ekimenak bultzatzen dugu. Horregatik, oso pozgarria da SD Eibar taldeko emakume-taldearekin dugun hitzarmena berritzea, gure balio eta kultura berberak dituen eta kirolean nahiz enpresa munduan aurrera egiteko behar den ahalegina egiten duen erakunde batekiko lotura indartzea esan nahi duelako". Iturbek nabarmendu duenez, ""Euskadin erreferentzia diren bi erakunderen arteko hitzarmen honen bidez, berriro berresten dugu euskal kirolarekiko eta maila guztietan berdintasunarekiko dugun konpromisoa".

Ipuruako instalazioetan sinatutako babesletza-hitzarmen honen babespean, beste kirol- eta gizarte-jarduera batzuk ere egingo dira klubaren eta operadorearen artean.

Bazkide teknologiko gisa 2014. urtean sinatu zen lehen hitzarmen hartatik, Euskaltelek telekomunikazio-zerbitzuak ematen dizkio SD Eibarri, teknologiarik aurreratuena Eibarko eta Gipuzkoako kirol-proiektu honetako kideen zerbitzura jarriz.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com