Josep Piqueren hitzaldia Euskaltelen "Garai berriak, aukera handiak" jardunaldi teknologikoan

  • Digitalizazioaren erronka, Josep Piqueren ustez, esaldi honetan laburbiltzen da: "Edo digitala zara edo ez zara. Edo digitalizatu egiten gara, edo desagertu egingo gara".
  • Josep Piquek teknologian inbertitzeko deia egin du, eta azpimarratu du lankidetza publiko-pribatua giltzarria dela enpresen eta administrazioen digitalizazioan atzean ez geratzeko.
  • Ministro ohiak ziurtatu du teknologiaren eragina erabatekoa dela agertoki globalaren bilakaeran, ikuspegi geopolitikotik.
  • Teknologiekin lotutako arriskuei buruz ohartarazi du: datuen pribatutasunak eta kudeaketak sortzen dituzten kezkak, zibererasoak eta abar.
  • Bestalde, digitalizazioak eskaintzen dituen aukera ugariak goraipatu ditu; prozesu hori enpresa-kultura gisa sustatu behar da, erantzukizun handieneko lanpostuetatik.
  • SPRI, Kutxabank, Mutualia, STI Norland eta Eroski, hausnarketarako eta arrakasta-kasuak azaltzeko mahaietan parte hartu duten enpresak, bat etorri dira digitalizazioaren osagai nagusiak zein diren esatean: alde batetik, datuen kudeaketa segurua, eta, bestetik, eta bezeroa izatea foku nagusia.
  • Euskalteleko zuzendari Jon Ander de las Fuentesek nabarmendu du garrantzitsua dela erronkei taldean heltzea eta lankidetzan aritzea. "Jardunaldi honetan, teknologia berriek ematen dizkiguten aukerez hitz egingo dugu, baina pertsonak lehenetsiz, pertsonarik gabe ezinezkoa baita berritzea eta aurrera egitea".

Bilbon, 2021eko urriaren 21ean.Enpresentzako urteko Jardunaldi Teknologikoaren beste edizio bat egin du gaur goizean Euskaltelek Bilboko Euskalduna Jauregian. Erakundeetako eta enpresetako 150 ordezkari baino gehiago elkartu dira eraldaketa digitaleko joerak eta esperientzia arrakastatsuak bertatik bertara ezagutzeko.

IKTen sektoreko urteroko ekitaldien erreferentzia hau ?Garai berriak, aukera handiak? lemapean egin da, eta, gaur egungo egoeraren erakusgarri, aurrez aurrekoa izan da.

Euskaltelen jardunaldi teknologikoak inspiratzeko, ikasteko eta hausnartzeko tarte bat eskaini digu, Josep Piquéren eskutik. Ministro ohi, enpresaburu, ekonomialari eta enpresa-zuzendaritzako nazioarteko hizlariak azalduko digu zer ikuspegi duen enpresak egungo egoera politiko, sozial eta ekonomikora egokitzeari buruz, "Nola egokitu enpresa pandemia osteko garai honetara" izeneko hitzaldian.

Josep Piquék nabarmendu du teknologian inbertitzeak garrantzi estrategikoa duela enpresentzat eta herrialdeentzat, eta lankidetza publiko-pribatua giltzarria dela enpresen eta administrazioen digitalizazioan atzean ez geratzeko. Ministro ohiak ziurtatu du teknologiaren eragina erabatekoa izan dela historian, eta orain ere erabakigarria dela agertoki globalaren bilakaeran, ikuspegi geopolitikotik.

Lehia erabatekoa da gaur egungo bi herrialde hegemonikoen artean: Estatu Batuak eta Txina lehian ari dira ziberespazioa eta azken teknologiak (5G-a, big data, Blockchain) eskuratzeko.

Egoera makroekonomikoan jarri du arreta, eta nabarmendu du mendebaldeak 2008ko eta 2011ko krisi ekonomikoak jasan zituela lehenik, eta, orain, berriz, pandemia. "Gizateriaren historia pandemiaz betea dago, baina ez ziguten mendebaldekooi eragiten", ziurtatu du. Ehun urtean bizi izan dugun lehen pandemia izan da, eta horregatik eragin digu hainbeste. "Bi zentzutan eragin digu: alde batetik, shock bat sortu du eskaintzan, ekoizpen-gaitasuna murriztu baitu. Horrek eragina izan du eskarian, enplegua eta errentak ere murriztu egin direlako. Hori dela eta, politika ekonomiko hedakorrak jarri dituzte martxan herrialdeek, eskaera hedakorrari eusteko". Politika horiek ondorioak izaten ari dira: kolapsoa saihestu dute eta egoera aldatzen lagundu dute; kontsumo-eskaera berriro handitzea eragin dute, eta "ekonomia berreskuratuko den itxaropena dakarte".

Enpresen digitalizazioa

Digitalizazioaren erronka, Piqueren ustez, esaldi honetan laburbiltzen da: "Edo digitala zara edo ez zara. Edo digitalizatu egiten gara, edo desagertu egingo gara". Digitalizazioa ez da aukera bat, behar bat baizik, ekonomia lehiakor batean enpresa gisa bizirik iraun nahi badugu. Horregatik, prozesuetara eta produktuetara egokitu behar da, adimen artifizialera, 5G eta beste transmisio-sare batzuk erabiltzera, eta Euskaltel ahalegin handia egiten ari da zentzu horretan. Digitalizazioaren ondorioz, gure giza kapitala, zeina trebatua eta malgua baita, etengabe egokitu beharra dago, etengabe errealitate berrietara moldatzeko.

"Digitalizazioaz ari garenean, lehengai berriari buruz ari gara: hots, datuei buruz. Datuen kudeaketa funtsezkoa bihurtu da, eta, horregatik, geroz eta beharrezkoagoa da hodeia", esan du.

Horretaz gain, teknologiekin lotutako arriskuei buruz ere ohartarazi du, eta kezka agertu du hauen inguruan: datuen pribatutasuna eta kudeaketa, haien jabetzari buruzko etika eta zibererasoak. "Zibererasoek gure obsesioa izan behar dute", esan du. Bestalde, digitalizazioak eskaintzen dituen aukera ugariak goraipatu ditu; prozesu hori enpresa-kultura gisa sustatu behar da, erantzukizun handieneko lanpostuetatik.

Next Generation funtsei dagokienez, bi bektore dituztela azaldu du: digitalizazioa eta ingurumen- eta energia-trantsizioa. Haren iritziz, ez dira xahutzeko, inbertitzeko eta gure etorkizuna finantzatzeko baizik. "Aitzakia gisa erabili behar ditugu ezinbestean egin behar duguna egiteko: gure jokabideak teknologia berrien eta iraultza digitalaren esparru berrira egokitzeko, seriotasunez eta konpromisoz".

Eta, amaitzeko, aliantzak egitea gomendatu du. "Enpresok ezin diegu bakarrik aurre egin erronka berriei: aliantza eta hornitzaile estrategikoak bilatu behar ditugu, eta gure lehiakortasuna bermatu".

Adituen mahaia. "Arrakasta, erronkak eta aukerak egungo egoeran"

Jardunaldi Teknologikoaren gakoetako bat izan da aro digitalean enpresek dituzten erronkak modu praktiko eta hurbilekoan azaltzea, eta enpresei lehiakorragoak izateko soluzioak eskaintzea.

Euskaltelentzat, jardunaldi hau aukera bat da enpresa bakoitzaren egoera bertatik bertara ezagutzeko, eta jakiteko zer behar, erronka eta zalantza dituzten. Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko zuzendariak azaldu duenez, "enpresen ondoan egonez eta haien egunerokoa ezagutuz bakarrik proposa diezazkiekegu haien jarduera bultzatuko duten soluzioak eta zerbitzuak.

Parte-hartzaileei egindako ongietorrian, De las Fuentesek nabarmendu du garrantzitsua dela erronkei taldean heltzea eta lankidetzan aritzea: "teknologia berriek ematen dizkiguten aukerez hitz egingo dugu, baina pertsonak lehenetsiz. Izan ere, pertsonarik gabe ezinezkoa da berritzea eta aurrera egitea".

Euskadiko enpresa eta instituzio nagusietako arduradunek teknologia nola erabiltzen ari diren azaldu dute, eta zer den haientzat garrantzitsuena enpresek, aldaketa- eta disrupzio-une honetan, arrakasta eta lehiakortasuna lortzeko.

Josep Piquérekin batera, EAEko eta Nafarroako zenbait profesional aritu dira "Arrakasta, erronkak eta aukerak egungo egoeran" mahai-inguruan, DEIAko zuzendari Iñaki González moderatzaile zutela. Eraldaketa digitalaren aro honetan enpresek dituzten aukerei eta erronkei buruz zer ikuspegi duten azaldu dute denek.

Koldo Etxeberria Kutxabankeko Sistemen zuzendariak azaldu duenez, bankuek ezin dute teknologiatik banandu, "teknologiaren aurrerapenak guk ere aurrera egitea dakar eta. Urte batzuk badaramatzagu bide horretan, eta bezeroarekiko beste harreman-eredu bat garatzen ari gara, harreman digital bat; eta horrek negozioa eta gure banaketa-eredua aldatzea dakar".

Bestalde, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelaik baikortasun- eta ziurgabetasun-unea dela aipatu du. Alde horretatik, aurreratu du SPRIren Industria Egoeraren Behatokiak erakusten duela enplegua, esportazioak eta industria-jarduera monitorizatzen dituzten adierazleak positiboak direla. Bestalde, enpresak laguntzak jasotzeko eskaera-uholdea bidaltzen ari dira sailera. Laguntzak pandemiaren ondorioak arintzeko eta digitalizazioaren aukerak aprobetxatzeko dira. Horrez gain, ekipamenduen, lehengaien eta energiaren horniduraren ziurgabetasuna ere aipatu ditu, eta esan du oztopo bat direla ekonomia berpizteko eta optimista izateko.

Mutualiako zuzendari kudeatzaile Ignacio Lekunberriren ustez, garrantzitsuena pertsonak dira. Horretarako, Mutualiak Bilbon inauguratuko duen ospitalearen adibidea jarri du. "Ospitale adimendun bat izango da, pazienteen arabera diseinatua erabat: ez da egongo oztoporik, ez paperik, eta dena dago pentsatua datuen segurtasuna bermatzeko. Erabakiak pertsonek hartuko dituzte, eta etika funtsezko faktorea izango da. Etxez etxeko medikuntza gehiago egingo da, pertsonen arteko harremanak hobetzen baititu".

Zibersegurtasunaren garrantzia azpimarratu da eztabaidan. Puntu horretan, Isidro Fernández de la Calle Euskaltelen Enpresa Negozioaren zuzendariak ohartarazi du zibererasoak gero eta gehiago eta gero eta sofistikatuagoak direla. "Guk modu batean baino gehiagotan laguntzen dugu: enpresa txikientzat, serieko segurtasun-piezak gure enpresa-telekomunikazioen zerbitzuetan sartzearen aldeko apustua egin dugu. Konpainia handientzat, konturatu gara baliotsuena dela enpresarekin zuzenean lan egitea, eta elkarrekin ezartzea komunikazio-sistemen segurtasunerako jarduera-protokoloak. Ildo horretan ari gara lanean, eta arrakastatsua izaten ari da".

Halaber, nabarmendu du pertsonen talentua ezinbestekoa dela teknologiak -hala nola adimen artifiziala- integratzeko estrategiei ekiteko, eta Euskaltelen esperientzia gisa BAI Analytics sortu izana aipatu du, enpresentzako zerbitzu-unitate bat. 5G-ari dagokionez, nabarmendu du Euskaltelek 5G Euskadi ekimen pilotuan parte hartzen duela, eta eragile garrantzitsua dela. Sare hori ezinbestekoa da datuak azkar transmititzeko.

Esperientzia arrakastatsuak: Eroski eta STI Norland

Jardunaldiaren azken zatian, Eroski eta STI Norland konpainiak izan dira protagonista, eta eraldaketa digitalerako bidean izandako esperientzia arrakastatsua azaldu dute.

"EROSKIrentzat, bezeroak berrikuntza-estrategiaren erdigunean egon behar du; helburua da hura erakartzea, erosketa-esperientzia onena ziurtatzea, elikadura osasungarria eta jasangarria eskaintzea, eta, nola ez, guregana itzultzea". Kooperatibako Berrikuntzako, IKTetako eta Eraldaketa Digitaleko zuzendari Enrique Monzonisek azaldu du berrikuntza-eredu propio baten bidez lortu dutela hori, eta eredu horretan lankidetzak onartzen direla, analitika aurreratua aplikatzen dela eta, batez ere, eredua pertsonek osatzen dutela. "Talentua eta kultura dira arrakastaren giltzarriak".

Iñigo Jaime STI Norlandeko CIOak parte-hartzaileei azaldu die zer bide egiten ari den konpainia bere negozioa teknologiaren bidez garatzeko. STI Norland duela 25 urte Nafarroan sortutako enpresa bat da, eta munduko liderra da patente eta teknologia propioak erabilita eguzki-instalazio fotovoltaikoetarako eguzki-jarraitzaileak egiten. "Azken bost urteotan hazkunde ikusgarria izan dugu, eta 2020an gehien hazi den Europako enpresetako bat izatera iritsi gara, Financial Times-en arabera". Negozioaren hazkunde horretan zerikusia eduki du Iñigo Jaimek zuzentzen duen IT sailak: "Gure lanak lau zutabe ditu: ekoizpenaren teknologiak, zibersegurtasuna, hodeiko estrategiak eta negozio-eredu berriak garatzea datuetan oinarrituta".

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com