• Euskaltelek azterketa bat egin du, jakiteko zer-nola ari diren eboluzionatzen EAEko etxeetan telekomunikazioak kontsumitzeko ohiturak Gabonetan.
  • EAEko herritarren % 60k hots egiten die senitartekoei Eguberriak zoriontzeko, eta erdiek beste horrenbeste egiten dute adiskideekin.
  • Pertsonalki geratzea da EAEko herritarrek gehien erabiltzen dituzten bideetan bigarrena: senideak zoriontzeko, % 30 geratzen dira haiekin aurrez aurre; lagunak zoriontzeko kasuan, berriz, % 50.
  • Eguberriekin batera, aldatu egiten dira telekomunikazioak kontsumitzeko ohiturak urteko gainerako garaiekin alderatuta: % 30ek telefono-dei gehiago egiten ditu, eta % 15ek mezu gehiago bidaltzen du WhatsApp bidez.

Bilbo, 2021eko abenduaren 20a. Telekomunikazioak kontsumitzeko ohiturek erakusten dutenez, EAEko herritarrek nahiago dute telefonoz deitu bat-bateko mezularitza-zerbitzuak baliatu ordez.

Ondorio horiexek atera dituzte Euskaltelek egindako ikerketa batetik, zeinak aztertu baitu zer ohitura diren EAEko etxeetan Gabonetan telekomunikazioak kontsumitzeko. Era berean, nabarmentzen du herritarrek ez dutela berdin jokatzen, segun eta senitartekoak edo adiskideak zoriontzen dituzten. Hala, EAEko herritarren % 60k deitu egiten die senitartekoei desiorik onenak helarazteko. Adiskideen kasuan, herritarren erdiek deitzen dute telefonoz xede berarekin.

Eguberriek urteko gainerako hilekin alderatuta duten inpaktuari dagokionez, inkestatutako pertsonen erdiek adierazi dute telekomunikazioak kontsumitzeko ohiturak aldatu egiten direla gabon-jaiekin batera. Egun horietan, ia % 30ek telefono-dei gehiago egiten ditu urtean zehar baino, % 15ek mezu gehiago bidaltzen ditu WhatsApp bidez, eta % 6k bideo-dei gehiago egiten ditu, telebista-eduki gehiago kontsumitzen du eta Internet gehiago erabiltzen du Gabonetan urtean zehar baino.

Euskaltelen ikerketak agerian uzten du EAEko herritarrek gehiago zoriontzen dutela kanal digitalen bidez, baina, aldi berean, gozatzen dutela pertsonen arteko harremanaz ere. Ildo horretan, jende ugarik jotzen du aurrez aurrekora adiskideak zoriontzeko, eta bide horixe bera da senitartekoak zoriontzeko modu nagusietan bigarrena: herritarren % 30ek zorionduko ditu aurrez aurre familiakoak aurtengo Eguberrietan. Kanal tradizionalagoek, aldiz, behera egin dute. Eskuz eginiko zorion-idatziak % 6an geratu dira, eta SMS mezuak % 1 baino ez dira.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com