• Telekomunikazio-operadoreak B balorazioa lortu du irabazi-asmorik gabeko Carbon Disclosure Project (CDP) erakundearen klima-aldaketari buruzko galdera-sortan.

2022ko urtarrilaren 11n. Euskaltel Taldea, Espainiako iparraldeko operadore nagusia, klima-aldaketaren aurkako konpromisoagatik aintzatetsi dute, eta "B" balorazioa lortu du irabazi-asmorik gabeko Carbon Disclosure Project (CDP) erakundeak arlo horretan urtero egiten duen galdetegian.

Telekomunikazio-operadoreak 2016tik parte hartzen du galdeketan, eta ingurumenaren eta klimaren eraginaren kudeaketan duen posizionamenduaren eta gardentasunaren erakusgarri gisa jaso du aitorpena.

A-tik F-rako eskala batean B balorazioa eskuratuta, Euskaltel Taldea munduan balorazio altuenetako bat duen konpainia da parte-hartzaileen artean. Aitortzak telekomunikazio-operadorearen jarduerari lotutako ingurumen-arriskuen kudeaketa baliozkotzen du, eta eragiketa guztietan kudeaketa arduratsuarekin duen konpromisoa islatzen du.

Taldearen ingurumen-kudeaketa

Enpresak garatzen duen ingurumen-estrategia 2020-2025eko Jasangarritasun Plan Estrategikoan dago kokatuta, eta Nazio Batuen Mundu Ituneko 13. GJH ("Klimaren aldeko ekintza") bere kudeaketan sartzeko konpromisoari erantzuten dio.

Horrez gain, EMAS eta ISO 14001:2015 araudien araberako Ingurumena Kudeatzeko Sistema bat eta ISO 50001:2018 arauaren araberako Energia Kudeatzeko Politika eta Sistema bat ditu.

Oinarri horiek finkatuta daudela, baliabideen kudeaketa arduratsuaren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten du, Euskaltel Taldeak arlo horretan egiten dituen eragiketen funtsezko pieza gisa, berrerabiltzea lehenetsiz birziklatzearen edo botatzearen aldean. Urtero CO2-emisioak murrizteko planak ezartzen dira, energia- eta erregai-kontsumoa murrizteko. 2020an, % 72,44 murriztu zituen BEGen (berotegi-efektuko gasen) zuzeneko emisioak, aurreko ekitaldiaren aldean. Elektrizitate % 100 berriztagarria erosi izanaren emaitza da murrizketa garrantzitsu hori; pixkanaka joan da Euskaltel Taldea bere konpainia guztietan aplikatzen, eta, hala, kontsumo elektrikotik eratorritako zeharkako emisioak saihestu ditu.

CDPri buruz

Irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakunde bat da CDP, eta mundu mailako informazio-sistema bat kudeatzen du, inbertitzaileek, enpresek, hiriek, estatuek eta eskualdeek ingurumenean duten eragina neur dezaten. Metodologia zehatz eta independentea erabiliz, CDPk enpresak ebaluatzen ditu A-tik D-ra kalifikazio bat esleituz, hauek kontuan hartuta: informazioaren zehaztasuna, arrisku klimatikoen gaineko kontzientziazioa eta kudeaketa, eta ingurumen-lidergoari lotutako jardunbide egokien frogak, hala nola asmo handiko helburu adierazgarriak ezartzea.

Euskaltel Taldeari buruz

Euskaltel Taldea Espainiako telekomunikazio-konpainia nagusietako bat da, pertsona, erakunde eta enpresen komunikazio-beharrei erantzun integrala ematen diena. Euskaltel Taldea -Euskaltel markarekin Euskadin, R markarekin Galizian eta Telecable markarekin Asturiasen- lider da jarduten duen merkatu guztietan, tokian-tokian ondo errotua dago eta nagusi da zuntz optikoan eta telekomunikazioko zerbitzu bateratuetan. 2021eko abuztutik, MASMOVIL Taldeko kide da. MASMOVIL eta Euskaltel batuta, 14,3 milioi linea inguru dituen talde bat sortu da -mugikorreko 11,3 milioi bezero eta banda zabaleko 3 milioi bezero baino gehiago-, gutxi gorabehera 3.000 M€-ko diru-sarrerak, 1.000 M€-tik gorako EBITDA, zuntz optikoarekin konektatutako 26,5 milioi etxe eta 2.000 langile inguru dituena, eta estatu osoan presentzia sendoa duena.

IKTetako soluzioak eskaintzen ditu Euskaltel Taldeak etxeko eta enpresako bezeroen komunikazio-ziklo guztirako, zerbitzu teknologikoen aukera zabal baten bidez: Internet, telefonia finkoa, telefonia mugikorra, telebista digitala, banda zabala, eraldaketa digitaleko prozesuak, IoT soluzioak (gauzen Internet), big data, adimen artifiziala, hiri adimendunetarako soluzioak eta 4.0 industria.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com