Hiru hilabete opari eskaintzen dituen sustapen esklusiboa barne

  • Euskaltelen bezeroek dagoeneko eskura dute DAZNren kirol anitzeko katalogo zabala; besteak beste, motorraren, tenisaren, saskibaloiaren, boxeoaren eta futbolaren munduko txapelketarik onenak biltzen ditu.
  • Bezeroei harpidetza-prozesua errazteko, kirolari eskainitako streaming-zerbitzua Euskaltelen aplikazioaren bidez kontratatu ahal izango da, eta ordainketa operadorearen fakturan sartu.

Bilbon, 2022ko urtarrilaren 13an. Euskaltel Euskadiko telekomunikazio-konpainia nagusiak eta DAZN kirol-streamingaren zuzeneko eta eskaripeko plataforma lider globalak akordioa lortu dute operadorearen bezeroei kirol anitzeko edukirik onena eskaintzeko.

Hemendik aurrera, merkatuko kirol-katalogo zabalena duen streaming-zerbitzua izango dute eskura Euskaltelen bezeroek; zuzeneko ekitaldiez gainera, istorio jakingarri eta esklusiboak ikusteko aukera izango dute, protagonistek berek kontatuta, DAZN Originals-en elkarrizketa, erreportaje eta produkzio propioen bidez. Besteak beste, motorraren, tenisaren, saskibaloiaren, boxeoaren edo futbolaren munduko lehiaketarik onenak dituzte ikusgai, eta zenbait gailutatik (Smart TVak, tabletak, bideo-kontsolak...) nahiz Euskaltelen 4K deskodetzailetik ikus ditzakete.

DAZN streaming-zerbitzuarekin egindako aliantza honek sustapen esklusibo bat dakarkie Euskaltelen bezeroei: hiru hilabeteko harpidetza oparituko zaie urtarrilaren 31 baino lehen egiten diren altei. Gainera, DAZNk ez du iraute-konpromisorik, eta, beraz, operadorearen bezeroek edozein unetan eman diezaiokete baja zerbitzuari.

Ordainketa Euskaltelen fakturan sartuta

Kontsumitzaileei etxerako telekomunikazioetako esperientzia onena hurbiltzeko, Euskaltelek hobetzen eta player nagusiekin aliantzak sinatzen jarraitzen du, merkatuko zerbitzurik onenak eskaintzeko, betiere bezeroei arreta eta zainketa handiena eskainiz.

Horregatik, bezeroei harpidetza-prozesua errazteko, euskal telekomunikazio-operadoreak zuzeneko sarbidea jarri du bere bezeroen aplikazioan, streaming-zerbitzuan alta emateko.

Euskaltel etengabeko eboluzio-prozesuan dago, erabiltzailearen esperientzia sinplifikatzeko eta hobetzeko, eta apustu garbia egiten du digitalizazioaren, prozesuen eraginkortasunaren eta berrikuntzaren alde. Hala, Carrier billing zerbitzua barne duela iritsi da DAZN Euskaltelera; zerbitzu horrek plataforma telekomunikazio-faktura bakar baten bidez ordaintzea errazten du.

Euskaltelen eskaintzaren katalogoan DAZN sartuta, euskal telekomunikazio-operadoreak jarraipena eman dio entretenimendu-eskaintzaren balioa handitzeko bere helburuari.

DAZN Group-i buruz

DAZN Group munduan gehien hazten ari den kirol-komunikabideen enpresetako bat da. Erresuma Batuan du egoitza, eta 25 herrialdetan baino gehiagotan ditu langileak. Zaleen eta kirolaren arteko elkarrekintzaren alderdi guztiez arduratzen da: ekoizpena, edukiaren banaketa eta merkaturatzea. DAZN Group-en parte da DAZN, zuzeneko eta eskaripeko kirol-edukiak streaming bidez eskaintzen dituen zerbitzu liderra; haren parte dira orobat DAZN News, kirol-atari ezaguna, eta DAZN Player VOD edukiko plataforma, berariaz editoreei zuzendua. DAZN liderra da mundu guztiko zaleei kirol-edukiak edonon eta edonoiz eskaintzeko gertatzen ari den aldaketan. DAZNk iraupen-konpromisorik gabeko zerbitzua bermatzen du, eta arrazoizko tarifekin, Internetera konektatutako gailu gehientsuenetarako: smart TVak, set-top boxak, streaming stickak, smartphoneak, tabletak, PCak eta bideo-kontsolak. DAZN 200 herrialde eta lurraldetan baino gehiagotan dago eskuragarri.

Euskaltel Taldeari buruz

Euskaltel Taldea Espainiako telekomunikazio-konpainia nagusietako bat da, pertsona, erakunde eta enpresen komunikazio-beharrei erantzun integrala ematen diena. Euskaltel Taldea -Euskaltel markarekin Euskadin, R markarekin Galizian eta Telecable markarekin Asturiasen- lider da jarduten duen merkatu guztietan, tokian-tokian ondo errotua dago eta nagusi da zuntz optikoan eta telekomunikazioko zerbitzu bateratuetan. 2021eko abuztutik, MASMOVIL Taldeko kide da. MASMOVIL eta Euskaltel batuta, 14,3 milioi linea inguru dituen talde bat sortu da -mugikorreko 11,3 milioi bezero eta banda zabaleko 3 milioi bezero baino gehiago-, gutxi gorabehera 3.000 M€-ko diru-sarrerak, 1.000 M€-tik gorako EBITDA, zuntz optikoarekin konektatutako 26,5 milioi etxe eta 2.000 langile inguru dituena, eta estatu osoan presentzia sendoa duena.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com