• 2021ean, estatuko enpresen % 94k jasan zuen zibererasoren bat, aurreko urtean baino % 26 gehiagok.
  • "Zibersegurtasun industriala: mitoa ala errealitatea" jardunaldia egin du Euskaltelek, Nafarroako enpresei beren sistema eta datuen segurtasuna bermatzeko tresnak eskaintzeko.
  • Zibersegurtasunaren hainbat arlotako adituek aztertu dute, besteak beste, zein diren eremu digitaleko arrisku nagusiak, zer monitorizazio behar duten industria-inguruneek, nola babestu sare kritikoak eta nola lantzen den zibersegurtasuna ekoizpen-lerroetan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 17an. Ingurune digitalak izugarri ari dira aldatzen, eta, haiekin batera, abiadura berean ari dira hazten eta dibertsifikatzen mehatxuak. Horregatik, enpresek etengabe egokitu beharra dute mehatxuetatik babesteko. 2021ean, estatuko enpresen % 94k jasan zuen zibererasoren bat, aurreko urtean baino % 26 gehiagok.

Sistema eta datuen segurtasuna bermatzeko Nafarroako industriari eskura dituen tresnak ezagutarazteko, "Zibersegurtasun industriala, mitoa ala errealitatea?" jardunaldia antolatu du gaur Euskaltelek, S2 Grupo eta Trend Microrekin elkarlanean.

Zibersegurtasunaren hainbat arlotako adituek zibererasoei aurrea hartzeko dauden soluzio teknologikoen inguruko esperientziak eta ezagutza partekatu dituzte. Erakunde pribatu nahiz publikoetako adituek aztertu dute, besteak beste, zein diren eremu digitaleko arrisku nagusiak, zer monitorizazio behar duten industria-inguruneek, nola babestu behar diren sare kritikoak eta nola lantzen den zibersegurtasuna ekoizpen-lerroetan.

Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko zuzendariak ireki du jardunaldia. Hasteko, nabarmendu du zibersegurtasunak funtsezko eginkizuna duela enpresetan, eta, ingurune digitala hain azkar eraldatzen delarik, garrantzitsua dela baliabideak hornitzea. De las Fuentesek adierazi duenez, "enpresek berek aplikatu behar dute teknologia negozio-prozesuak eta -ereduak eraldatzeko eta digitalizatzeko; eta helburu hori lortzen laguntzeko prest dago Euskaltel, enpresetatik gertu, gure esperientzia eta ezagutza eskainiz".

De las Fuentesen hitzaldiaren ondoren, gaur egun ingurune digitaletan zer arrisku nagusi dauden eta horiei aurre nola egin dakiekeen aztertu dute.

S2 Grupoko zibersegurtasun industrialaren arloko buru Armand Pascualek azaldu du ransomwareak kontrol-sistemen maila guztiei eragin diezaiekeela, eta zer estrategia erabili behar diren software maltzur hori enpresaren informaziora sar ez dadin. Ildo horretatik, Pascualek nabarmendu du oso garrantzitsua dela sarean une oro zer gertatzen den jakitea, babes egokia definitu ahal izateko, eta adierazi du funtsezkoa dela "industria-kontroleko sistemen zibersegurtasuna etengabe monitorizatzea, eta ikuspegi erreaktibotik ikuspegi proaktiborantz egitea".

Jorge Villaescusa Trend Micro enpresako industria-ingeniari espezialista, berriz, sare kritikoen babesaz aritu da. Villaescusak merkatuan dauden hainbat soluzio erakutsi ditu, hala nola TXOne, "zeinak minimizatu egiten baitu zentral hidroelektrikoek edo gailu sentsorizatuek zibererasoak izateko arriskua"; horrekin batera, StellarOne eta Portable Security produktuak izan ditu mintzagai: "Ingurune guztiz isolatuak babesten laguntzen dute, USB bidez malwarerik sar ez dadin? azaldu du.

Halaber, ekitaldian izan dira Guzmán Garmendia, Nafarroako Gobernuko Telekomunikazio eta Digitalizazioko zuzendari nagusia; Jose Antonio Cruceira, Guardia Zibileko Delitu Informatikoen brigadako burua; eta Miguel Ruiz Marfany, Foruzaingoaren delitu ekonomikoen eta ondarearen aurkako delituen brigadako burua.

Jardunaldia amaitzeko, ekoizpen-lerroetako zibersegurtasunari buruzko mahai-inguru bat egin dute. Hauek hartu dute parte: Idoia Uriarte, Euskalteleko MÁSMÓVIL Taldeko CISOa; Florencio Gota, AN GRUPOKO OT/IoT managerra; Pedro Becerril, NUPeko zibersegurtasun industrialeko aditua; Iñaki Bizarro, FAGOR INDUSTRIALeko IT azpiegituren arduraduna; Jesús Redrado, Vitio-ren sortzailea eta CTOa; eta Iñaki Aguirre, Packaging El Carmen-eko CIOa.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com