• Datuak prozesatzeko azken belaunaldiko azpiegitura teknologiko berri horrek bide emango du enpresa digitalen ekosistema bat ugaltzeko, eta horrek "eragin ekonomiko eta soziala izango du inguruan".
  • Atlantiko aldeko erreferentziazko datu-zentro bilakatuko da, sektore publiko eta pribaturako zerbitzu aurreratuen bidez. Zerbitzu horiek ?bikaintasuna, fidagarritasuna, jasangarritasuna, eskalagarritasuna eta hurbiltasuna? ekarriko dute.
  • Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean egingo da lehen instalazioa, Ezkerraldea-Meatzaldea Campusean, eta Autonomia Erkidegoan barrena zabalduko da gero. Baliteke ADIk 3.000 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izatea Euskadiko BPGan.

2022ko irailaren 18a. Euskaltelek, Teknei Taldeak, Dominionek eta Eusko Jaurlaritzak "Atlantic Data Infrastructure" (ADI) sortu dute, Atlantiko aldeko sektore pribatu eta publikora bideratutako lehen mailako datu-zentro handi bat. Azpiegitura teknologiko berri horri esker, enpresek eta erakundeek informazioa hodeian biltegiratzeko gaitasun handia izango dute, segurtasun eta hurbiltasun handieneko irizpideekin, eraldaketa digitaleko prozesuak garatzeko. Datu-zentro horrek ?bikaintasuna, fidagarritasuna, jasangarritasuna, eskalagarritasuna eta hurbiltasuna? ekarriko ditu, eta, gainera, ?inpaktu ekonomiko eta sozial handia izango du bere eragin-esparruan?.

Sozietate berrian honela banatua dago partaidetza hasieran: Euskaltel, % 21,25; Dominion, % 21,25; Teknei, % 21,25 (Teknei Taldea); Sistemas y Tratamientos Automáticos, % 21,25 (Teknei Taldea); eta Eusko Jaurlaritza, % 15. Dena den, erakundeak etorkizun hurbilean bazkide berriak hartzeko asmoa du. Proiektuaren gidari-lanak egiteko, bazkideek Alex Etxeberria hautatu dute zuzendari nagusi, zeinak esperientzia eta ezagutza handia baitu IKTen sektorean.

Proiektuaren lehenengo instalazioa Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean egitea aurreikusi da, Ezkerraldea-Meatzaldea Campusean, eta 2024ko lehen erditik aurrera hasiko da zerbitzuak ematen. Ondoren bigarren eta agian hirugarren instalazio batzuk ezartzea proposatu da, toki batean baino gehiagotan banatuta. Instalazio bakoitzak bi modulu izango ditu, bakoitza 1 MW-ekoa, eta progresiboki jarriko dira martxan. Horren aurretik, 2023ko bigarren hiruhilekotik aurrera, hasi ahal izango da ADI bezeroei zerbitzuak ematen, Euskaltel bazkideak Zamudioko Parke Teknologikoan dituen instalazioei esker.

Instituzio eta enpresa digitalen ekosistema bat garatzeko eta eraldaketa digitala gauzatzeko prozesuan, aurrerapen handia da datu-zentroa sortzea. Horrez gain, datu-zentro handi bat sortzeak baditu beste onura batzuk ere tokiko ekonomiarako, besteak beste eragin-eremuan lanpostuak sortzea eta aberastasuna sortzea baitakar. Aurreikuspenen arabera, datu-zentroak 3.000 milioitik gorako inpaktu ekonomikoa izango du.

Benetako inpaktua eraldaketa digitalean

?Bikaintasuna, fidagarritasuna, jasangarritasuna, eskalagarritasuna eta hurbiltasuna? emateko helburuarekin sortu da ADI. Horretarako, tokiko eta nazioarteko teknologia-operadore handiak erakarri nahi ditu lurraldera, eta tokiko enpresen eta erakundeen digitalizazioarekin lotutako aukerak bideratu:

  • Datuetan eskakizun-maila handia duten enpresei aukera emango die beren lurraldetik atera gabe lehen mailako azpiegitura-eskaintza baterako sarbidea izateko.
  • Datu-prozesaketarekin zerikusia duten eta datuaren azpiegituraren hurbiltasuna aprobetxatu nahi duten lurraldeko enpresen zerbitzu-instalazioa erakarriko du, gutxieneko latentzia batekin eta kudeaketa eta euskarria fisikoki hurbiletik eskainita.
  • Enpresa berriak erakartzen eta sortzen lagunduko du, datu-zentroaren azpiegituren bidez datuak kudeatzeko zerbitzu aurreratuak eman diezazkieten zenbait sektoreri, hala nola manufaktura, finantzak edo osasuna.
  • Zerbitzuak zuzenean eskainiko dizkio administrazio publikoari, hurbiltasun-irizpideei eutsiz lehen mailako azpiegitura batean, eta arreta berezia eskainiz datuen segurtasunari eta konfidentzialtasunari.
  • I+G+Bko proiektuen garapena sustatuko du, enpresa-sarearekin eta ikerketa-zentroekin batera, kalkulu-ahalmen handia behar duten teknologiak sartzea erraztuz.
  • Datuen kudeaketarekin lotutako Europako proiektuetan lurraldeko enpresek parte hartzea sustatuko du.
  • Azpiegitura-mota horri lotutako energia-berrikuntza indartuko du, alternatiba garbi eta berriztagarriei dagokienez (hidrogenoa, adibidez).
  • Arlo digitalean eta berrikuntzan ezagutza handia duten profilen prestakuntza eta garapena sustatuko du.

Azpiegitura teknologikoa eta hodeiko zerbitzu aurreratuak

Erakundeen eta enpresen digitalizazioa sustatzeko helburua betetzeko, zerbitzu gisako azpiegitura-zerbitzuak (Iaas) emango ditu batez ere ADIk, baina zerbitzu gisako plataforma- eta zerbitzu-eskaintza batekin osatuko ditu (Paas eta Saas). Hala, bezeroen beharretara eta ekosistemako beste kide batzuen ?bertakoen nahiz nazioartekoen? eskaintzara egokituko da, eta haiekin hainbat lankidetza-mota sustatuko ditu. Era berean, hipereskaladoreentzako eta adimen artifiziala garatzeko azpiegitura espezifikoak garatzeko asmoa du.

ADIk, bezeroei hodeiko zerbitzu aurreratuak eskaintzearen aldeko apustua egiten duenez gero, informazioaren zaintza bermatuko du, datuak babesteko Europako legeria zorrotz betez.

Bezero pribatu eta publikoentzat

ADIren bezero-zorro posibleak sektore pribatua eta sektore publikoa dira. Sektore pribatuaren barruan, negozioa kudeatzeko azpiegiturak, aplikazioak eta sistemak behar dituzten ETE-ei eta enpresa ertain eta handiei eskainiko dizkie bere azpiegitura teknologikoak eta zerbitzuak, bai eta sektoreka bertikalizatutako hodeiko soluzioak ere.

Sektore horretan bertan, enpresei ez ezik, edukiak banatzeko sareei ere eskainiko dizkie zerbitzuak ADIk (CDN - Content Delivery Network). Izan ere, haiei interesatzen zaie eduki horiek eskualdean kokatzea, erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko, berariazko azpiegitura bat eta hurbileko talde komertzial bat erabilita.

Fidagarritasun- eta jasangarritasun-maila gorena

Fidagarritasuna eta jasangarritasuna funtsezko elementuak dira ADIrentzat, bi alderdi horiek oso garrantzitsuak baitira zerbitzua emango dien bezeroentzat.

Datu-zentroen (TIER IV) fidagarritasun- eta jarduera-maila gorena betetzeko diseinatzen ari da proiektua, eta, horretarako, denboraren % 99,995 baino gehiagoko eskuragarritasun-maila behar da, Uptime Instituteren Tier Standard estandarraren arabera (estandar hori onartzen da nazioartean datu-zentroen fidagarritasuna eta jarduera neurtzeko).

Era berean, jasangarritasunaren ikuspegitik, proiektuak LEED (Leadership in Energy & Enviromental Design) ziurtagiri gorena, Platinum mailakoa, lortzea espero du, eta horren bidez egiaztatzea instalazioek ahalik eta kalte txikiena eragiten dutela ingurumenean eta herritarrengan.

Bestalde, Europako telekomunikazioen azpiegitura orokorraren esparruan Euskadik duen kokapen bikaina balioesteko aukera emango du proiektuak; zer esanik ez, horretan lagungarri izango da berriki instalatutako 6.500 kilometroko Grace Hopper itsaspeko kablea, New York eta Bilbo lotzen dituena. Hodeiko sistemek moldagarritasun handia duten arren, horrelako azpiegituretatik hurbil egoteak abantaila eta onura nabarmenak dakartza, eta abantaila horiek are nabarmenagoak dira zerbitzu garrantzitsuen jarraitutasunean bikaintasun-tasa handiagoak lortzeko.

Datu-zentroen industriaren eztanda

Espainiako merkatuan, datu-zentroen industriak 200 MW-etik 500 MW-era handituko du potentzia-maila datozen 24 hilabeteetan, eragile berriak sartuko baitira, hala nola Amazon, Google edo Microsoft. Gaur egun, 100 bat datu-zentrok eta ostatatze-enpresak osatzen dute ekosistema. Eskaintzaren zatirik handiena Madrilen dago, eta eskaintzen diren zerbitzu nagusiak oinarrizkoak dira.

Atlantiko aldean, gaur egun badira presentzia fisikoa eta jarduera komertziala duten eragile batzuk, baina ADIrena ez bezalako balio-proposamena dute.

¿

Euskaltel - Komunikazioa
komunikazioa@euskaltel.com