Internet baliabide gutxien dituzten familiei prezio murriztuan eskaintzen die Euskaltelek betiko

Bilbon, 2023ko urtarrilaren 16an. 2020an koronabirusak sortutako pandemiak agerian utzi zuen EAEn etxe batetik bestera dagoen arrakala digitala, eta ikusarazi zigun adinak ez ezik egoera ekonomikoak ere eragiten duela arrakala hori.

Egoera horren ondorioz, erakundeek zenbait neurri aktibatu zituzten, hala nola Eusko Jaurlaritzaren Bonu Soziala, baliabide mugatuak dituzten pertsonentzako Interneteko konexioa eskaintzen duena 12 hilabetez, prezio murriztuarekin.

Beste urrats bat egin du orain Euskaltelek, eta, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Internet Konpromisoa zerbitzua eskaintzen du. Zerbitzu horren bidez, onura hori mugagabe bihurtu nahi du operadoreak. Honela mintzatu da Koldo Unanue, enpresako marketin-arduraduna: “Jendeari lasaitasuna eman nahi diogu, eta baliabide gutxien dituzten familiei tresna berak eta, batez ere, aukera berak eskaini”. Hala, Euskaltelek, Eusko Jaurlaritzarekin batera, familia

horiekin konpromisoa hartu du Interneteko kalitatezko konexioa prezio murriztuan eskaintzeko. Konpromisoa epe luzekoa da, behin betiko prezioekin, eta zerbitzu hauek hartzen ditu barnean: etxerainoko zuntz bidezko konexio simetrikoa, 500 megatik hasita, eta prestazio onenak dituen wifi-bideratzaile bat.

Internet Konpromisoa zerbitzua eskuragarri dago dagoeneko eta konpainiaren bezeroek www.euskaltel.com/eu/konpromisoawebgunean eska dezakete. Dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da Bizitzeko Gutxieneko Errenta edo horren antzeko besteren bat jasotzen dutela egiaztatzeko (hala nola DSBE, EAEn). Gainera, zerbitzu horretaz gain, beste batzuk ere kontrata ditzakete konpainiarekin.

Bezero ez direnek, berriz, Eusko Jaurlaritzaren bonu soziala eskatu behar dute haren webgunean: Eusko Jaurlaritza. Bonua baliozkotu ondoren, formulario bat bete beharko dute, eta Euskaltel jarriko da gero haiekin harremanetan.

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, deitu Euskaltelen 1717ra.

Euskaltel - Komunikazioa
komunikazioa@euskaltel.com