Akzioko 21 zentimoko dibidendu osagarriari dagokio

Euskaltel taldeak 31,8 milioi euroko dibidendu bat banatuko du uztailaren 5ean

  • Euskaltelek banatutako lehen dibidendua 54,6 milioi eurokoa da; horrek esan nahi du akzioarekiko errentabilitatea % 4tik gorakoa da.
  • Taldeak berretsi du errentabilitateak, bere aurreikuspenen arabera, hazten jarraituko duela; horrek aukera emango dio akziodunei ordaintzeko politika "iraunkor eta gorakor" bati eusteko.

Bilbon, 2017ko ekainaren 26an. Euskaltelen Administrazio Kontseiluak, gaur goizean Batzar Orokorra egin ondoren bildurik, erabaki du 2017ko uztailaren 5ean ordaintzea, 2016ko emaitzen kontura, akzioko 21 euro-zentimo gordineko dibidendu osagarria.

Gogoan izan behar da Euskaltelen Administrazio Kontseiluak urrian onartu zuela konpainiaren akziodunen artean 2016ko ekitaldiaren konturako dibidendu bat banatzea, akzioko 15 euro-zentimo gordinekoa, hau da, 22,7 milioi euro, eta 2017ko otsailaren 1ean ordaindu zela.

Gero, eta aurrekoaren ondorioz, Administrazio Kontseiluak adostu zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea akzioko 21 euro-zentimoko dibidendu osagarri bat onar zezan, hots, 31,8 milioi euro. Ordainketa-eguna Administrazio Kontseiluak zehaztu behar zuen Batzar Orokorra amaitu eta berehala egin behar zuen bileran. Azkenik, uztailaren 5ean ordaintzea erabaki da.

Horrek esan nahi du Euskaltelek banatutako lehen dibidendua 54,6 milioi eurokoa dela eta akzioarekiko errentabilitatea % 4tik gorakoa dela.

Akziodunen Batzar Orokorrean, Alberto García Erauzkin Euskaltel Taldeko lehendakariak honela nabarmendu du: "abiatu gara akziodunari ordaina emateko bidean, eta hala jarraitzeko asmotan gainera, lehen dibidendua banatu baitugu burtsan kotizatzen duen enpresa gisa hasitako ibilbidearen hurrengo urtean bertan".

Francisco Arteche Taldeko kontseilari delegatuak, bere mintzaldiaren amaieran, Taldearen etorkizunari buruzko konfiantza-mezu bat bidali du, eta konpainiaren hazkunde-aurreikuspenak berretsi ditu. "Berretsi nahi dut eutsi egiten diegula aurtengo urterako egina dugun aurreikuspenari eta helburuari, hau da, EBITDA-marjinaren zein cash flowaren hazkundea sendotzeari; horri esker, aukera izango dugu akziodunari modu iraunkorrean eta gorakorrean ordaintzeko".

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com