Aste honetan burutu du Euskaltel Taldeak Telecableren erosketa
Bilbon, 2017ko uztailaren 28an. Aste honetan amaitu du Euskaltel Taldeak Asturiasko operadore nagusia, Telecable, erosteko prozesua, eta, honenbestez, Estatuaren iparraldeko telekomunikazio-talde nagusia eratu du; gaur, berriz, 2017ko lehen seihilekoko emaitzak aurkeztu ditu. Hau izan du ezaugarri nagusia aurtengo lehen seihilekoak: % 0,4ko igoera etxeko sektorearen diru-sarreretan. Negozioaren giltzarri diren segmentuen sendotasunari esker lortu dira emaitza horiek; izan ere, nabarmen egin du gora ordainpeko telebistaren zerbitzu-kontratazioak eta, batez ere, telefonia mugikorrarenak, zeinak errekor bat gainditu baitu (% 80ko merkatu-kuota Euskaltel Taldearen bezeroen artean), eta areagotu segmentu horretan zuen nagusitasuna.
Bilakaera ona izan du etxeko merkatuak aurtengo lehen seihilekoan, eta markak hautsi ditu taldearen merkatu-kuotak telefonia mugikorrean (% 79,6), banda zabalean (% 84,4), eta ordainpeko telebistan (% 58,9).
Honenbestez, Euskaltel Taldeak sendotu egin du hazkundea lehen seihilekoan, oso gogorra den arren merkatuko lehia, eta emaitzetan eragin nabarmena izan du horrek. Bigarren seihilekorako, berriz, diru-sarrerak handitzea aurreikusten du, etxeko merkaturako eta enpresetarako garatutako ekimen komertzialak direla medio.
Bere horretan jarraitu du 2017ko lehen seihilekoan iaz hasitako hazkunde-prozesuak, eta izugarri igo da mugikorreko eta ordainpeko telebistako produktuen kontratazioa. Telefonia mugikorreko 35.500 linea gehiago zituen Euskaltel Taldeak aurtengo lehen seihilekoaren amaieran, hots, aurreko ekitaldiko data berean baino % 4,8 gehiago. Sendotu egin da, beraz, taldearen nagusitasuna merkatu-segmentu horretan. Mugikorraren hedapen-ratioaren errekorra ere aipatzekoa da; izan ere, 2017ko lehen sei hilabeteotan, Euskaltel Taldearen bezeroen % 79,6k daukate kontratatuta gure operadorearekin telefono mugikor bat, gutxienik; iaz, epe berean, % 75,7k.
Etxeko segmentuko hazkundearen sendotasunak beste euskarri bat ere izan du: ordainpeko telebista daukan Taldeko bezero-kopuruaren areagotzea (10.000 linea berri, 2016eko lehen seihilekoan baino % 3,5 gehiago). Bestalde, telebistako bezeroen kopuruak ere etengabe egin du gora, eta bezero-kopuru osoaren % 58,9ra iritsi da 2017ko lehen seihilekoan; duela urtebete, % 56,3 zen portzentajea.
Telebistaren alorrean Taldeak bultzatu duen estrategiaren ondorio dira emaitza on horiek, telebista-funtzionaltasunen balio handiko zerbitzuak ("Replayteka", "Ez zenuen ikusi", nPvR, VoD, Star-over?) eta Premium edukiak eskaintzearen ondorio, alegia. Estrategia horri esker, gora egin du kontsumoak eta bezeroen gogobetetasun-mailak.
Bestalde, duela gutxi plazaratu du Euskaltelek espainiar Estatuko Android TV sistema daraman lehen deskodetzailea, zeinak produktu bakar batean biltzen dituen kalitaterik handieneko telebista eta Internet. Euskaltelen azken belaunaldiko telebista-deskodetzaile interaktibo berria lehena da, espainiar estatuko merkatuan, kable- eta zuntz-teknologiak eta Android TV sistema eragilea, Interneterako sarbidea eta 4K irudi-kalitatea dituena. Egungo telebista-teknologiarik aurreratuena jartzen du bere bezero guztien esku.
Konpainiaren produktuak bateratzeko estrategia hori dela eta, asko hazi da zerbitzu-paketetan eskaintzen diren balio handiko produktuen kontratazioa: Euskaltel taldeko bezeroen % 66,7k dauzkate kontratatuta hiru zerbitzu edo gehiago; 2016ko lehen seihilekoan, berriz, % 65,2k.
Hori dela eta, bezeroko kontratatutako produktu-kopuruak ere gora egin du: 2016ko lehen seihilekoan, 3,4 produktu; 2017ko ekainaren 30ean, 3,5.
Orotara, 1,9 milioi produktu dituzte kontratatuta Euskaltelen etxeko sektoreko bezeroek, hau da, 31.000 produktu berri baino gehiago saldu dira 2016ko ekainaz geroztik (1,86 milioi produktu zeuden kontratatuta orduan).
Kostuen kudeaketa eraginkorra ezinbestekoa izan da aurtengo lehen hilabeteetan, oso gogorra izan baita lehia; hori dela eta, hobetu egin da EBITDA marjinan (% 49,4 2017an; aurreko urteko epe berean, % 48,7).
Hala eta guztiz ere, baldintzatu egin dituzte Taldearen emaitzak ekainean onartu ziren araudi-aldaketek, zeinek Espainiako telebista Publikoa finantzatzera behartzen baitute Euskaltel Taldea (CRTVE tasa): telekomunikazioen alorreko diru-sarreren % 0,9 ordaindu behar du, eta telebista bidezko diru-sarreren % 1,5. Jakina, eragina du tasa horren ordainketak bai emaitza garbian, bai EBITDAn.
Honenbestez, 137,9 milioi eurokoa izan da Euskaltel taldearen EBITDA 2017ko lehen seihilekoan; 2016ko epe berean, berriz, 139,3 milioikoa. Dena dela, 137,1 milioi eurokoa izango zatekeen 2016ko lehen seihilekoko EBITDA doitua CRTVE tasa aplikatu izan balitzaio (2,2 milioi euro), eta, beraz, % 0,6ko igoera izango zukeen aurtengo lehen seihilekoko EBITDAk.
Bestalde, 21,1 milioi eurokoa izan da aurtengo lehen seihilekoko emaitza garbia, 8,5 milioi euro ordaindu baitira: 4,6 milioi euro Televisión Españolaren aipatutako finantziazio-tasa dela-eta, eta 3,9 milioi antolakuntza-egitura hobetzeko gastuak direla eta.
Beraz, irabazi garbia, ordainketa horiengatik doitua, 29,6 milioikoa zen 2017ko ekainaren 30ean; 2016ko ekainean, berriz, 30,2 milioikoa.
Aurtengo lehen seihilekoan, 279,3 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu Euskaltelek; aurreko urteko lehen seihilekoan, berriz, 286 milioi; beraz, % 2,3ko jaitsiera egon da. Balio handiko hiru eta lau produktuko paketeetarako bezero berriak erakarri direnez, lehia gogorra izan arren, eta lehendik bezero direnen bizi-zikloaren balioa areagotu dugunez, % 0,4 egin dugu gora; hala eta guztiz ere, eragin negatiboa izan dute Taldearen emaitzetan enpresa-sektoreko emaitzek, zeinek Eusko Jaurlaritzarekiko kontratua galdu izanaren ondorioak pairatzen baitituzte oraindik ere.
Cash flow operatiboa 92 milioi eurokoa izan da. Errentagarritasun-marjina handiak ?erreferentziazkoak sektore osorako?ditu Euskaltel Taldeak, eta nagusi izaten jarraitzen du, Europan, kutxa-bihurtzearen ratioari dagokionez (% 66,5; Europako merkatuko hoberenak, berriz, % 60 ingurukoak); horrez gain, marjina handia du diru-sarrerekiko (% 32,8, merkatuaren batezbestekoa baino askoz handiagoa). Batez ere faktore hauek ekarri dute kaxa-fluxuaren bihurtzearen hobekuntza: belaunaldi berri bateko zuntz-sare propioa edukitzeak, eta operadorearen negozio-estrategiak. Horri esker, bezeroak erakartzeko eta lehendik dituenei eusteko erabiltzen ditu konpainiak bere kapital-inbertsio nagusiak.
Kutxa hornitzeko Euskal Taldearen ahalmen nabarmenari esker, 2017ko lehen seihilekoaren amaieran, 1.185 milioi eurora jaitsia zen finantza-zorra. Beraz, palanka-efektua EBITDAren halako 4,2 izan da; 2016ko lehen seihilekoaren amaieran, berriz, 4,7 (1.307 milioi euroko zorra). Cash flowaren bihurtze sendo horri esker, akziodunei ordaintzeko moduan izan da Euskaltel Taldea, eta 54,6 milioi euroko dibidendua banatu du ?36 euro-zentimo akzioko? 2016ko emaitzen kontura.
Euskaltel Taldearen kontseilari delegatuaren balorazioa
Euskaltel taldearen kontseilari delegatuak, Francisco Artechek, azpimarratu duenez, "bilakaera ona" izan du konpainiak aurtengo lehen seihilekoan, nahiz eta gogorra izan den merkatuko lehia eta ohiz kanpoko inpaktuek emaitzei eragin dieten; hori dela eta, "baikor" azaldu da bigarren seihilekoan negozioak izan dezakeen garapenaz, eta eutsi egin dio ekitaldiaren hasieran merkatuari egindako iragarpenari.
Artechek adierazi duenez, "2017ko bigarren seihilekoan ikusiko ditugu aurtengo lehen seihilekoan martxan jarritako ekimenen emaitzak, bai eta datozen hilabeteotan etxeko merkatuan eta enpresen sektorean merkaturatuko ditugun produktu eta zerbitzu berrienak ere. Eutsi egingo diogu balio handiko produktuak eta zerbitzuak batera eskaintzeko gure estrategiari, hots, negozioaren hazkunde iraunkorraren euskarriari".
Etxeko merkatuan nagusi izaten jarraitzeko eta lidergoa sendotzeko ekimenen artean, hauek aipatu ditu Artechek: 4k-ko irudi-kalitatea duen Androiden oinarritutako lehen deskodetzailea merkaturatzea, telebista hobeto ikus dezaten bezeroek; DOCSIS 3.1-en hedapena, sarearen kalitatea eta ahalmena hobetzeko (urtearen erdi aldera, sarearen % 42ra hedatuta zegoen Euskadin jada), etxe konektatuaren zerbitzuen komertzializazioa, eta abar.
Enpresen sektoreari dagokionez, berriz, hau adierazi du Euskaltel Taldearen kontseilari delegatuak: "Enpresa-alorreko diru-sarreren hazkundea hasiko da, eta lehenbiziko emaitza positiboak ekarriko dituzte sektore horretan martxan jarri ditugun ekimen berriek". Ekimen horien artean aipatu Artechek paketetako soluzioak eskaintzea enpresa txiki eta ertainei (telefonogunea, firewalla, hodeia, segurtasun-zerbitzuak, data centerrak eta abar dituen bundle bulegoa). Gogoratu du, bestalde, 2020ra arteko Galiziako Xuntaren lehiaketarik handiena irabazi duela bere konpainiak. Xuntarena izango da eskualde horretako taldearen konturik handiena, zeinak Galiziako enpresaren sektoreko emaitzen % 40 ekarriko baitizkio. Horrez gain, aurtengo ekitaldiaren bigarren seihilekoan gutxitu egingo da, pixkanaka, Eusko Jaurlaritzaren lehiaketa galdu izanak taldearen kontuetan duen inpaktu negatiboa, zeina 2017ko lehen bi hiruhilekoetan nabaritu baita batik bat.
Azkenik, gogoratu du Artechek amaitu duela Euskaltel Taldeak espainiar Estatuaren iparraldeko kable bidezko operadoreen bateratze-prozesua: Asturiasko operadore nagusia, Telecable, erosi du, eta Estatuaren iparraldeko telekomunikazio-talde nagusia eratu. Euskaltelen kontseilari delegatuak iragarri duenez, laster azalduko zaizkio merkatuari Taldearen plan estrategikoa eta helburuak, merkatuaren egoera berrira eta Konpainiaren eskalara egokituta. Egun, sei milioi laguni eskaintzen dizkie bere zerbitzuak Taldeak Euskadin, Galizian eta Asturiasen.
Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com