Orkestrak eta Euskaltelek Ekonomia Digitaleko Katedra sortu dute

  • 10. urteurrenean, Orkestraren asmoa da ekonomia eta gizarte esparruko beste eragile batzuekin itunen sarea zabaltzea, Euskadiren lehiakortasuna hobetzen laguntzen jarraitzeko
  • Ekonomia digitala alderdi estrategikoa da lurraldearen garapenean, sektoreak duen potentzialarekin eta ekoizpenaren esparru guztietan duen eraginarengatik

Bilbo, 2016ko irailaren 28a. Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Insitutuak (Deustuko Unibertsitatea) hamargarren urteurrena du aurten, eta Euskadiren etorkizuneko garapenarekin duen konpromisoa berretsi nahi du. Horretarako, Institutuko arduradun nagusiak bilerak egiten ari dira erreferentziazko ekonomia eta gizarte eragileekin, itunen sarea zabaldu ahal izateko. Ildo horretatik, Orkestrak eta Euskaltelek Ekonomia Digitaleko Katedra jarri dute abian, Euskadik esparru horretan duen kokapen estrategikoa definitzen laguntzeko. Ekimena gaur aurkeztu da, Deustuko Unibertsitateko, Orkestrako eta Euskalteleko arduradun nagusiek izan duten bileraren ondoren.

Ekonomia digitala ohiko negozio ereduak eraldatzen eta negozio berriak sortzen ari da. Hainbat azterlanek erakusten dute 2020 urterako ekonomia digitala Espainiako BPGren % 22 izango dela. Ekonomia digitala garrantzitsua da, sektore estrategiko bat izan daitekeelako eta, gainera, beste ekoizpen sektoreetan aldaketak sortu eta eragin ditzakeelako. Orkestrak uste du eraldaketa prozesu horrek onura handiak ekar diezazkiokeela gizartearen zati bati baina, aldi berean, atzean utz dezakeela gizarte horren beraren beste zati bat. Horregatik, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, Euskaltelekin batera, Ekonomia Digitaleko Katedra sortzea erabaki du, Euskadik esparru horretan izan behar duen garapen estrategia definitzen laguntzeko, ekonomia digitalak ekoizpen sektore guztietan eta, horrenbestez, herritar guztiengan izango baitu eragina.

Enpresek azkar egin behar dute aurrera beren prozesuen eta zerbitzuen zati handi bat digitalizatzeko, gero eta sofistikatuagoa den eskariari erantzun nahi badiote. Digitalizazioak, 4.0 industriak, zerbitzutzeak edo produktuak pertsonalizatzeak eragina dute sektore guztietako enpresetan, eta are eragin handiagoa izango dute ekonomia digitalean.

Ekonomia Digitaleko Katedrak sorreratik bertatik hartzen du eragile publikoen eta pribatuen artean gogoeta prozesu bat aurrera eramateko beharrezkoa den jakintza sortzeko konpromisoa, guztion artean Euskadik ekonomia digitalean izan beharko lukeen kokapena zein den erabakitzeko. Era berean, prozesu horretan identifikatu beharko lirateke ekonomia digitalaren barruko lehentasunezko jarduera sektoreak, lurraldearen garapenari indar handiagoz laguntzeko eta Euskadiren eta bertako enpresek kokapen hobea lortzeko.

Zehazki, Ekonomia Digitaleko Katedraren xedea da ekonomia digitalak Euskadiren garapenerako eskaintzen dituen aukerak aztertzea; ikertzaileen, enpresen eta administrazio publikoen arteko elkarrekintza sustatzea; eta aldaketa prozesuak erraztea, Euskadik eta bertako enpresek kokapen hobea izan dezaten ekonomia digitalaren aurrean.

Euskaltelek Orkestrako Ekonomia Digitaleko Katedran parte hartu nahi du telekomunikazioetako euskal enpresak trakzio lana egiten duelako eta, hori horrela izanik, Euskadin sektorea garatzen eta sendotzen lagundu nahi du eta, aldi berean, sektore guztietako enpresen aldaketa eta digitalizazio prozesuak bultzatu nahi ditu.

Ekimenaren aurkezpena Deustuko Unibertsitateko, Orkestrako eta Euskalteleko arduradun nagusiek gaur izan duten bileraren ondoren izan da. Hiru erakundeen arteko harremanak ibilbide luzea du jada, Euskaltelek Lehiakortasunerako Euskal Institutuan parte hartzen baitu, sorreratik bertatik. Hain zuzen ere, unibertsitatearen eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza Orkestraren ibilbidean funtsezko ezaugarrietako bat izan da, eta Institutuari aukera eman dio hamar urte hauetan proiektu ugari aurrera eramateko.

Ekonomia Digitaleko Katedra berria Orkestraren eta Euskaltelen arteko lankidetzaren azken emaitza da, oraingoz. Ekimenaren xehetasunak azaldu dituzte Deustuko Unibertsitateko errektoreak, José María Guibertek, Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidenteak eta Francisco Arteche kontseilari ordezkariak. Haien ondoan izan dira, Orkestraren izenean, Orkestrako presidente Ignacio Mª Echeberria, ohorezko presidente Jose Luis Larrea, zuzendari nagusi Maria Jose Aranguren, eta Ibon Gil de San Vicente, zuzendariorde nagusia; Euskaltelen izenean, enpresako beste arduradun batzuk, horien artean, Francisco Javier Allende idazkari nagusia eta Kontseiluko idazkaria, Nerea Lupardo, Erakunde Harremanetako zuzendaria eta Eloy López-Para, Euskalteleko Presidentziako staff-aren arduraduna. Gainera, ekitaldia baliatu da, alde batetik, Euskateli aitorpena egiteko Institutuaren bultzatzaile izategatik eta, beste aldetik, Orkestrarekiko lankidetza esperientziaren balio handieneko alderdiak indartzeko.

Bide horretan, Orkestrako arduradunen helburuetako bat da hurrengo urteetan Institutuaren jarduera bultzatzeko erakunde publiko eta pribatuekin itun berriak bilatzea, guztion artean Euskadiren lehiakortasuna garatzeko eta herritarren ongizatea areagotzeko. Orkestrak, 10. urteurren honetarako, Manifestu bat prestatu du, Euskadik etorkizun hurbilean aurrean dituen 10 erronka nagusiak identifikatuz. Erronka handi horietako bat da, hain zuzen ere, ekonomia digitala garatzea.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com