Euskaltel Taldeak estatuko iparraldeko kable-operadore nagusia sortu du

Euskaltel Taldeak Telecable erostea hitzartu du Zegonarekin

  • Hitzarmenari esker, Espainiako iparraldeko telekomunikazio-talde liderra sortu da, eta erreferentziazko taldea estatu osoan eta Europan.
  • Euskaltelek Telecableren kontrola hartuko du, haren kapital sozialaren % 100a erosiz Zegona Limited akzio guztien sozietate titularrari.
  • 686 milioi euroko balioa du Telecablek, hitzarmena sinatu dutenen kalkuluen arabera, 2017ko ekainaren 30eko datarekin zenbatetsitako 245 milioiko zorra barne, zeina Euskaltelek birfinantzatuko baitu.
  • Euskaltel Taldeko akziodun bihurtuko da Zegona, eta haren kapitalaren % 15 izango du; postu bat edukiko du Kontseiluan, eta sektore horretan duen eskarmentu handia Taldearen zerbitzura jarriko du.
  • Operazioa aho batez onartu du Euskaltelen Administrazio Kontseiluak. Prozesua burutzeko. Taldeko Akziodunen hurrengo Batzarrak berretsi behar du lehenengo, eta lehia-erakundeek gero.
  • Euskaltel Taldeak 6 milioi laguneko merkatuari eskainiko dizkie zerbitzuak aurrerantzean, 2,4 milioi zerbitzu eskainiko dizkie egunero 800.000 bezerori baino gehiagori eta lortuko ditu 711 milioi euroko diru-sarrera bateratuak, 346 milioi euroko EBITDA eta 224 milioiko cash flowa.
  • Talde berriak bere horretan eutsiko die Euskaltelen R-ren eta Telecableren tokiko izaerei, hau da, bakoitzak bere marka, egitura eta talde profesionala izango ditu aurrerantzean ere Euskadin, Galizian eta Asturiasen.
  • Euskaltel, R eta Telecable liderrak dira zuntz optikoan (Banda Zabala, telefonia eta ordainpeko telebista) eta komunikazio finko eta mugikorren zerbitzu bateratuetan Euskadin, Galizian eta Asturiasen.

Bilbo, 2017ko maiatzaren 16a. Euskaltel Taldeak eta Zegonak gaur izenpetu duten hitzarmenari esker, Euskaltel Taldeak Asturiaseko operadore lider den Telecableren % 100 erosiko du, eta, hala, Espainiako iparraldeko telekomunikazio-talde liderra osatuko. Aho batez onartu du operazio hori Euskaltelen Administrazio Kontseiluak, eta Taldearen Akziodunen hurrengo Batzar Orokorrak eta lehia-erakundeek berresten dutenean burutuko da.

Aurrerapauso garrantzitsua da operazio hori konpainia horien eta sektorearen historian, estatuko telekomunikazioen merkatuan iparraldeko zuntz optikoko operadore bateratu nagusiaren sorrera ekarri baitu. Sendotasun, eraginkortasun eta hazteko gaitasun handiagoa emango dio operazio horrek Euskaltel Taldeari, bai eta hura osatzen duten marka guztiei ere, lehia hain handia den telekomunikazioen sektorean.

Euskaltelen eta R-ren bategite-hitzarmenetik urte eta erdira, Telecablek ere bat egin du Espainiako iparraldeko telekomunikazio-talde nagusiarekin. Hemendik aurrera, sei milioi laguneko merkatu bati eskainiko dizkie zerbitzuak Taldeak, eta , % 20 haziko da haren merkatua; 2,4 milioi zerbitzu eskainiko dizkie egunero 800.000 bezerori baino gehiagori, eta 3 edo 4 produktu kontratatuak dituzten bezeroen ratio handia izango du (% 67).

Espainiako estatuko herritarren % 12,76 bizi da taldeak diharduen hiru merkatu horietan (Euskadin, Galizia eta Asturias), eta BPGaren % 13,34 sortzen da.

Finantzei dagokienez, 711 milioi eurokoak izan dira Taldearen emaitza bateratuak (+% 24); EBITDA, berriz, 346 milioikoa (+% 23), eta cash flowa, azkenik, 224 milioi eurokoa (+% 21). Honenbestez, Europan sektoreak duen kutxa-horniduraren ratio handienetako bat dauka taldeak.

Talde berriak bere horretan eutsiko die Euskaltelen, R-ren eta Telecableren tokiko izaerei Euskadin, Galizian eta Asturiasen, hau da, bakoitzak bere marka, egitura eta talde profesionala izango ditu aurrerantzean ere.

Hitzarmenaren ezaugarri nagusiak

Sinatutako hitzarmenaren arabera, Euskaltelek Telecableren kontrola bereganatuko du, haren kapital sozialaren % 100 erosita Zegona Limited-i, hots, Telecableren akzioen % 100aren sozietate titularrari.

Telecableren balio hitzartua 686 milioi eurokoa da, barne direla kalkuluen arabera enpresa horrek 2017ko ekainaren 30ean izango duen zorraren 245 milioi euroak (Euskaltelek birfinantzatuko du zor hori); kontraprestazioa, berriz, hau izango da: 186,5 milioi euro dirutan, eta 26,8 milioi jalkiko diren akzio arrunt berritan. Zegonak harpidetuko ditu akzio horiek, bakoitzeko 9,5 euroko prezioan (254,6 milioi euro). Euskaltelen kapital sozialaren % 15 izango da zenbateko hori kapital-handitzearen ostean, zeina akziodunen hurrengo Batzar orokorrak onartu behar baitu.

Sinergia osteko EBITDA halako 8,5 da balorazio horren zenbatekoa. Berretsi egiten du datu horrek lagungarria izan dela dela operazioa akziodunentzako balioa sortzeko.

Operazio hori eta gero, 4,5x da EBITDArekiko zor-ratioa (sinergiak ere barne direla); hori dela eta, merkatuari jakinarazitako baldintzen araberako ordainsaria emango dio Taldeak akziodunari. Halaber, 2018aren amaierarako ratio hori EBITDA halako lau izatera jaitsiko dela aurreikusten du Euskaltelek, sinergiak ere barne direla, eta hala jakinarazi zion merkatuari.

Kapital-handitzearen ondoren, akzioen % 21,3 Kutxabankena izango da, eta Corporación Financiera Albarena % 9,35. Bestalde, Euskaltel Taldeak bere lurraldearekiko duen atxikimenduarekin bat datozela adierazi dute elkarrizketan akziodun nagusiek, Zegona ere barne zela.

Kutxabank eta Alba (Euskaltelen akziodun nagusietakoak, eta haren Administrazio Kontseiluan ordezkaritza dutenak biak) Telecable erostearen alde azaldu dira, eta ongi iritzi diote Zegona Euskaltelen akziodun nagusien multzoan sartzeari.

"Estatuko iparraldeko kable bidezko operadoreen sendotze behin-betikoa ekarri du operazio horrek"

Hitzarmena sinatuta amaitu dira, beraz, Euskaltelen eta Zegonaren arteko elkarrizketak, zeinen berri martxoaren 14an eman zitzaion CNMV erakundeari.

Euskaltel Taldearen presidentea, Alberto García Erauzkin, pozik azaldu da, "estatuko iparraldeko kable bidezko operadoreen sendotze behin-betikoa ekarri baitu operazio horrek. Euskaltel, R eta Telecable, hirurok gara liderrak geure merkatuetan; estatuko iparraldeko hiru operadore nagusiok bat eginda, berriz, estatu osoan gara liderrak. Konpainia bakoitzaren balioei eustea da gure asmoa (markei eta pertsonen talentuari, besteak beste), horiek baitituzte arrakastaren giltzarri. Gure interes-taldeentzat balioa sortzea du xede gure enpresa-proiektuak: akziodunentzat, langileentzat, bezeroentzat, bai eta jarduera-eremu ditugun Euskadi, Galizia eta, orain, Asturiasko gizarteentzat ere".

García Erauzkinek adierazi duenez, "gure merkatuetako lider izatea eta lidergo hori sendotzea, hori da gure estrategia, zeina bateragarria baita hiru lurralde horietan ditugun sustraiei eta haiekiko konpromisoari eustearekin. Telecable Euskaltel Taldean sartzeak, gainera, berekin dakar Zegona eta enpresa horrek sektorean duen esperientzia luzea gureganatzea ere".

Taldearen kontseilari delegatuak ere, Francisco Artechek, oso balorazio positiboa egin du Telecableren erosketaz, "handitu egiten baititu gure merkatua, gure lantaldea eta gure telekomunikazio-sarea, zerbitzu aurreratu berriak diseinatzeko behar duguna alegia. Gaitasun-batura horri esker, ahalmen handia izango du taldeak hazteko eta Euskadiko, Galiziako eta Asturiasko gizarteei digitalizazioaren bidean aurrera eragiteko".

Artecheren iritzian, "bezeroei, langileei eta hornitzaileei egingo die mesede batasun horrek, bat baikatoz hiru enpresok bezeroarekiko hurbiltasunari, kalitateari, eta produktu eta zerbitzuen berrikuntzari dagokienez".

Zegonako presidente eta zuzendari nagusi Eamonn O'Harek, berriz, pozarren hartu du Espainiako iparraldean Euskaltelek darabilen sendotze-estrategia: "Telecable erosi genuenean, 2015ean, balioa sortzeko ahalmen izugarria ikusi genion Espainiako iparraldeko kable bidezko hiru operadore independenteen bat egiteari. Transakzio horrek hezurmamitu egin du ikuspen hura, eta balioa areagotzeko beste aukera bat eskaintzen digu, sinergia handiak adostu daitezkeelako eta negozio konbinatua are sendoagoa izango delako. Espainiako operadore erregional nagusia den aldetik, oso hurbiltzat ditu Euskaltelek Asturiasko tokiko premiak; hori dela eta, behar duten laguntza eskain diezaieke Telecableri eta haren lantaldeari. Euskaltelen Kontseiluarekin eta lantaldearekin elkarlanean jarduteko irrikaz gaude, Euskaltel Taldearen eta Telecableren hazkundearen hurrengo kapituluan parte hartzeko gogo biziz".

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com