Ehun bat euskal enpresak hausnartu dute zibersegurtasunari eta 4.0 industriari buruz, eta beren esperientzia partekatu dute

  • Euskalduna Jauregian egin den jardunaldiaren abiapuntua izan da Euskaltelek konpromisoa hartu duela enpresa bezeroei laguntzeko gaur egungo ekonomia konektatu eta sentsorizatu honetan dituzten erronka berrietan.
  • Zibersegurtasuna izan da hizketagaietako bat, datuen eta enpresa-prozesuen babesean funtsezkoa baita.
  • Sektore askotan, ezinbestean erabili behar dira IoT, Big Data eta adimen artifiziala teknologiak bezeroen esperientzia eta industria-prozesuen automatizazioa hobetzeko gaur egungo ekosistema teknologikoan.
  • Bihar Donostian egingo da enpresen topaketa. Gaur elkartu diren zibersegurtasuneko eta 4.0 Industriako adituekin batera, Ziur Fundazioko zuzendari nagusia ere egongo da.

Bilbo, 2018ko urriaren 22a. Euskal enpresetako 100 bat ordezkarik transformazio digitalari buruzko beren esperientziak partekatu dituzte gaur goizean Bilbon, Euskaltelek antolatutako topaketan. Edukiei modu erabat praktikoan heldu zaie: operadorearen partner eta bezero nagusiek gauzatutako proiektu jakin batzuk aipatu dituzte adibide gisa. Besteak beste, S21 SEC/NEXTEL, BBK, Dominion, ECOMT, FVEM eta Basque Cibersecurity Center erakundeen lekukotzak entzun ditugu.

Ongietorri-mezuan, Koldo Unanue Euskaltelen zuzendari nagusiak esan du telekomunikazio-konpainiak apustu argia egiten duela enpresei laguntzeko beren transformazio digitalean. "Jardunaldi honen helburua da partekatzea nola heldu dioten enpresek transformazio horri eta nola lagundu diezagukeen haien esperientziak. Gure aldetik, gure bezero diren enpresentzako soluzioak merkaturatzeaz eta bilatzeaz gain, konpainia gisa gu ere transformazio digitalean murgilduta gaude, alor guztietan". Egokitzapen digital horren adibide gisa azaldu du ezen, algoritmo matematiko batzuk erabilita, bezero-zorroa kudeatzeaz gain, "laguntza eman diezaiokegula bezeroari: bezeroaren ondoan egon gaitezke, eta haien esperientzia hobetu, zerbitzuetan gerta daitezkeen gorabeherei aurre hartuta". Pertsonen eremuan,"gure transformazioak eraman gaitu matematiketan adituak diren gazteak hartzera, prozesu guztietan algoritmoak aplikatu ahal izateko. Bestalde, hiru enpresa gara, hiru lurraldetakoak, eta horrek behartzen gaitu gure pentsamoldea aldatzera kokapen ugariko lan-taldeetara". Amaitzeko, Koldo Unanuek esan du "euskal enpresok aurrerapausoak ematen ari garela, baina transformazioa ezinezkoa izango dela ez badugu elkarrekin lan egiten eta ez baditugu beste enpresekin aliantzak sortzen".

Zibersegurtasuna, beharrezkoa

Jardunaldiaren lehenengo zatiak zibersegurtasuna izan du ardatz, nahitaez integratu behar baita erakundean, prozesu eta negozio guztiak babesteko. Alfonso Encina Euskaltel Taldearen Segurtasun Zerbitzuaren arduradunak nabarmendu ditu zein diren zibersegurtasunaren ezaugarri nagusiak transformazio digitalari buruz ari garenean. Profesional honen ustez, transformazioa ez da gauza abstraktu bat; pertsonei eta prozesuei buruz ari gara. Beraz, oso garrantzitsua da zerbitzuek bermatzea segurtasuna eta araudia beteko dutela, enpresa konektatuen erronka berrien aurrean.

Francisco Luis de Andrések, S21 SEC/Nextelen ordezkariak, IoT inguruneak dituen segurtasun-erronkak aztertu ditu, eta teknologia hori modu masiboan erabiltzen dutenek zer soluzio aurkitu dituzten aztertu du. Zibersegurtasun-estrategiako aholkulari teknikoak sareko iruzurrezko jardueren adibideak jarri ditu. Horrez gain, ohartarazi du gailuak sarean denbora gehiegiz edukitzen ditugula eta enpresen sistemak ahulak direla. Ziberkrimenari buruz ere aritu da, eta bai eraso txikien bai masiboen aurrean defendatzeko soluzioen eta zerbitzuen berri eman du.

Adonai Gómez BBK-ko Antolakuntza zuzendariak beste alor bateko segurtasunari buruz hitz egin du; izan ere, Informazioaren tratamendua eta datu pertsonalen pribatutasuna oso zorrotz arautzen diren ingurune batez aritu zaigu. Segurtasun-arazoen kudeaketak dedikazio ekonomiko gehiago ekartzen du erakundean, eta, gainera, eragina du markaren izenean. BBK-k, fundazio gisa segurtasunari heltzeko garaian, hainbat arlo hartzen ditu oinarri: dauden arriskuen analisia, segurtasunaren zaintza proaktiboa, etengabeko ikuskaritzak eta pertsonen trebakuntza, etengabe aldatzen diren ziberarriskuak gutxitzeko.

Iratxe Martín Soriano, Basque Cibersecurity Center-eko ICT Infraestructure-ko buruak topaketa baliatu du zentroa aurkezteko; urtebete darama martxan. Zentroak bi helburu ditu sortu zenetik, konpetentzia digital aurreratuak dituen gaur egungo gizartean zibersegurtasunaren kultura sustatzea, eta euskal industriaren jarduera ekonomiko eta berritzailea dinamitzatzea. BCSCk zerbitzu erreaktibo, proaktibo eta balio erantsikoak ematen ditu zibersegurtasunaren alorrean.

Adituen mahaia Zibersegurtasunari buruzko topagunea Euskadin

Jardunaldiaren lehen zatiari amaiera emateko, hizlari guztiak mahai-inguruan elkartu ditugu, eta Euskadik zibersegurtasun-alorrean duen kokapenari buruz hitz egin dute, besteak beste. Iratxe Martínen ustez "enpresa handiek ikuskera irekia dute, eta soluzioak bilatzen dituzten beren prozesuetan integratzeko, datuak garrantzitsuak baitira; enpresa txikien kasuan, berriz, baliabide ekonomiko gutxiago dituzte, eta ez dute zibersegurtasunean trebatutako jenderik. Estatuarekin alderatuta, ondo kokatuta gaude kontzientziazioan. Zibersegurtasuna funtsezko pieza da, eta gure artean geratzeko etorri da".

Bestalde, argi geratu da enpresak kontziente izan behar duela zer aktibo babestu nahi duen, bere negozioan zer eragin duen, horren arabera erabaki ahal izateko zibersegurtasunean zenbat inbertituko duen. Euskaltel lanean ari da, enpresa bakoitzaren tamaina edozein dela ere, behar jakinetara egokitutako neurri jakinak ezartzeko. Enpresa txikientzat ere (gai horiek kudeatzeko langilerik ez duten enpresentzat) zerbitzu eskuragarria eskaintzea da helburua.

S21 SEC konpainiak nabarmendu du garrantzitsua dela aztertzea bezeroak zer informazio duen sarean, hartara detektatu ahal izateko non dituen ahulguneak eta gerta daitezkeen erasoak detektatzeko tresna egokiak egin ahal izateko. Azkenik, aipatu du zibersegurtasunean egiten den gastua lasaitasunerako inbertsio bat dela.

Zerbitzu digitalen aldeko apustua

"Inoizko ekosistemarik handienean gaude. Ezer ez egitea ez da aukera bat". Alberto Díaz Euskaltel Taldearen Zerbitzu Digitalen eta Sektorekako Soluzioen arduradunak azaldu zuen ezinbestekoa dela digitalizazio-proiektu bat edukitzea. Gailu guztiak konektatzen dituzten zerbitzuetan oinarritutako proiektuak. Lan horri dagokionez, Euskaltelek plataforma bat sortu du, bezeroei IoT, Big Data eta analitika aurreratua zerbitzu gisa eskaintzeko. Horrek aukera ematen dio edozein erakunderi erraz eta bizkor edukitzeko eskura teknologia horiek, transformazio digitalaren erronkari aurre egin ahal izateko. Euskaltelek bezero diren enpresei eskaintzen dizkien zerbitzu eta produktuak aipatu ditu, haiek informazio guztia denbora errealean integra dezaten.

Ignacio Urigüen Dominion-eko Datu-analisien zuzendariak aipagai izan du 4.0 Industria, industriako hiru sektoretako hiru kasuren bidez. Industria-erakundeek antolatzeko eta balio-katea kontrolatzeko behar duten eredu berria da 4.0 industria, eta informazioaren teknologiak eta kudeaketa aurreratua ditu oinarri.

Pedro Pérez ECOMTeko kontseilari delegatuak IoT-etan duen esperientziari buruz hitz egin du. Enpresa honek azpiegituren kudeaketa-soluzioak eta -zerbitzuak ematen dizkie, besteak beste, Inditex, NH, Gadis, Abanca eta Sfera enpresei. Enpresako kontseilari delegatuak beren soluzioak garatzeko erabiltzen duten egitura azaldu du, bezeroaren behar eta eskaera konkretuetara iristeko kanpoko geruzetatik hasi eta hodeian jartzen duten arte. Horrez gain, energia eta mantentze-lanetako kostuak aurreztearen ondorioz eta ikuskaritza- eta kontrol-txostenetako hobekuntzen ondorioz izaten dituzten etekinen berri eman zuen.

IoT-en esperientziei buruzko adituen mahaian, Adolfo Rey ere egon zen, FVEMen zuzendari kudeatzailea. Bizkaiko enpresen ezaugarriak direla eta (gehienak ETEak), aipatu du transformazio-prozesuaren osagai nagusia pertsonak direla, haiek bideratzen baitituzte prozesuak. "Pertsonen profila nola aldatu pentsatu behar dugu, paradigma teknologiko berri baterantz, datu masiboak tratatzen dituzten teknologia horietarantz".

Jokin Ruiz Euskaltelen Enpresa sektoreko zuzendariak eman dio amaiera Jardunaldi Teknologikoari, eta azken ideia gisa aipatu du zein garrantzitsua den teknologia horiek guztiak enpresetan inplementatzea eta negozioen zerbitzu eta produktuetara egokitzea. Enpresei 'laguntzeko' ideia nabarmendu du, eta, hasteko, bezeroengana eta negozioetara hurbildu behar dugula. Hortik dator 2018ko Jardunaldi Teknologikoetarako hautatutako izenburua: "Zure enpresa digitalizatzen lagunduko dizugu".

Laguntza digitalizazio-prozesuan

Euskalduna Jauregian egin den jardunaldiaren abiapuntua izan da Euskaltelek konpromisoa hartu duela enpresa bezeroei laguntzeko gaur egungo ekonomia konektatu eta sentsorizatu honetan dituzten erronka berrietan.

2017an, enpresekin egiten dugun hausnarketa teknologiko partekatuaren ardatza izan ziren IoT, Big Data, RPA eta adimen artifiziala teknologiak. "Zure enpresa digitalizatzen lagunduko dizugu" leloa abiapuntu hartuta, 2018an aurrerapauso bat eman dugu; jakintzaren alorrei eutsi diegu, baina, oraingo honetan, eduki erabat praktikoa eman diogu, enpresetan transformazio digitalaren erronkaren lider izan behar duten arduradunek esperientzia are gehiago aprobetxa dezaten.

Bilboko jardunaldiaren ondoren, bihar Donostiaren txanda izango da. Carlos Abad Ziur Fundazioren Zuzendari nagusiak ere parte hartuko du gaurko hizlariekin batera, eta zibersegurtasunak alderdi instituzionaletik duen ikuspegia erantsiko du.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com