Euskaltel Taldeak 800 milioi fakturatuko ditu 2022an, eta ebitda 400 milioikoa izango du

  • Negozio-planean, konpainiak aurreikusi du datozen lau urteetan fakturazioaren igoera nabarmena izango duela zabaltzen ari den merkatuetan, eta 2022rako bere diru-sarreren % 8 izatea espero da.
  • Kutxako fluxu operatiboari salmenten % 30etik gora eutsi ahal izango zaio 2020tik aurrera, eta horrek areagotu egiten du sektorean lider den talde honen ahalmena.
  • Operadoreak aurreikusten du bi digitukoa izango dela dibidendua eta hazi egingo dela planak iraungo duen urteetan.
  • Sektorean ia 20 urteko eskarmentua du Charo Lacalek, eta Euskaltel Taldean sartu da, Operazio eta Eraldaketa Zuzendaritza berriko lider izateko.

Bilbo/Madril, 2019ko urtarrilaren 15a. Madrilen ospatu den Spain Investors Day ekitaldiaren barruan, 2022ra arteko negozio-planaren aurreikuspenak aurreratu ditu gaur Euskaltel Taldeak. Plan hori urriaren 3an onartu zen aho batez, Administrazio Kontseiluak egindako bileran. Planak, konpainiaren hedapen- eta hazkunde-neurriekin bat etorriz, 2022. urterako aurreikuspenetan 800 milioi euroko fakturazioa izatea jasotzen du, hau da, 2017ko ekitaldian baino % 28,6 gehiago, eta ebitda 400 milioi eurokoa izatea aurreikusten du, 2017an baino % 30,3 gehiago.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuak hau adierazi du: "Taldeak uste du, kudeatzeko duen gaitasunari esker, hedatzen ari diren merkatuen diru-sarrerak nabarmen handituko direla datozen urteetan, eta, 2022ko ekitaldiaren itxieran, merkatu horrek diru-sarreren guztizkoaren % 8 hartuko duela". Telekomunikazio-taldeak 700 langile ditu eta zeharkako 4.200 lanpostu sortzen ditu, eta, aurreko astean iragarritako garapen-planaren arabera, 2019an bost merkatu berritan sartuko da: Nafarroa, Leon, Kantabria, Errioxa eta Katalunia; horri esker, beste milioi bat etxetara baino gehiagotara iritsiko da.

Planaren aurreikuspenetan jasotzen denez, kutxako fluxu operazionalari (ebitda-capex) salmenten % 30etik gora eutsi ahal izango zaio 2020tik aurrera, eta horrek are gehiago handitzen du kutxako fluxu operatiboan Europako operadoreen artean liderra den talde honen ahalmena. Euskaltel Taldeak aurreikusten du bi digitukoa izango dela dibidendua, eta haziz joango dela, planak iraungo duen urteetan. Palanka-efektuaren ratioari dagokionez, finantza-zor garbia Ebitda 3,5 biderren azpira jaitsiko da 2022. urterako, eta ez da inoiz gaindituko 4,5 biderreko maila.

Hurrengo ekitaldietarako, Euskaltel Taldearen negozio-planak aurreikusten du eutsi egingo diola bere ohiko merkatuetako bezero-oinarriari. Izan ere, operadoreak alta garbi positiboak izan ditu 2018an, eta hazi egin da urteko lau hiruhilekoetatik hirutan. Laugarren hiruhilekoa bereziki esanguratsua izan da, 2.000 alta garbi baino gehiago ekarri baititu. Horrez gain, planean zehar erabiltzaile bakoitzeko diru-sarreren batezbestekoa (ARPU) handitzen jarraitzea espero du konpainiak, eskaintza bikainari eta edukien eraginkortasunari eta balioari esker.

Planaren oinarri estrategikoak

Artechek, Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuak, adierazi du operadorea lanean ari dela bezero-esperientzia hobetzeko, eta, horri esker, etxeko eta enpresako eremuan lider izaten jarraituko duela. Planak hainbat oinarri aurreikusten ditu, datozen urteetan Taldearen lehiakortasuna bultzatuko dutenak, hala nola B2B segmentuan (enpresa-segmentua) berriro hazten hastea, estrategia komertzial bateratu bati, produktu eta zerbitzu berriei, transformazio digitalari, aliantza estrategikoei eta irismen globalari esker. Helduleku horiei eutsiko die Taldeak aurrean dituen erronka nagusiei heltzeko; besteak beste, 4K teknologia hedatzea, dagoeneko zerbitzua ematen ari den etxeetan WiFi-a ikuskatzea eta ematen dituen edukiak kalitatezkoak izatea.

Helburu horiek kontuan hartuta, Euskaltel Taldea abangoardian dago berrikuntza eta eraldaketa digitaleko proiektuetan, eta aliatu nagusia da enpresa, erakunde eta partikularrei beren erronka teknologiko berrietan laguntzen. Horretarako, konpainiak hainbat zerbitzu garatu ditu: Internet, telefonia finkoa, telefonia mugikorra, telebista digitala eta banda zabala; bai eta transformazio digitalerako prozesuak, IOT irtenbideak (Gauzen Internet), Smart Cities eta Industria 4.0rako teknologia ere. Gainera, apustu sendoa egin du jada oso emaitza onak ematen ari zaion barne- eta kanpo-eredua optimizatzearen alde.

Taldea eraldatzea

Era berean, Euskaltel Taldea eraldatze- eta sinplifikatze-plan batean murgilduta dago, eta horrek ekarriko du, prestatutako neurri guztiak erabat martxan jartzen direnean, konpainiaren optimizazioa, produktuen hobekuntza eta efizientzia, eta, ondorioz, kostuak nabarmen murriztea, urtean 40-45 milioi euro aurreztuko baititu.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak honela esan du: "Oso modu bizian ari gara lantzen taldearen eraldaketa digitala, bai eta Euskaltel, R eta Telecable-ren aktibo fisikoak eta gure plataformak, CRMak eta gure bezeroek erabiltzen dituzten aplikazioak bateratzeko ere". Eta hau erantsi du: "Garatzen ari garen sistemen integrazioak gure eraginkortasun operatiboa hobetuko du, eta ahalbidetuko du bezeroaren esperientzia eta gure merkataritza-prozesuak hobeak izatea. Horrela, lehiakorragoak izango gara kostuetan, eta azkarragoak merkatuan gure berrikuntzak sartzen; horrela, eredu kolaboratibo, digitalizatu eta pertsonalizatuago bat sortuko dugu".

Operadoreak, gainera, aukera berriak identifikatu ditu teknologia, hornidura, finantza eta marketing arloetan aurrezteko, eraginkortasuna hobetzea aurreikusten duten ekimenei gehitzen zaizkienak eta taldearen errendimendua eta jarduera bultzatuko dutenak, hala nola churn iragarpenerako tresna bateratua edo erreklamazioen arretarako eredua berrikustea. 2018an, konpainiak bere Eraldatze Programaren hainbat mugarri gauzatu ditu; adibidez, PEPA Systems-ekin CRMaren proiektuaren garapena, Contact Center berria eta langileentzako lankidetza-tresnen inplementazioa.

Zerbitzu hobea eskaintzeko, bezero-esperientzia hobetzen hasi da taldea. Euskaltel Taldeak PEGA Systems-ekin lan egingo du, Customer Decision Hub tresna bat ezartzeko. Tresna horren bidez, bezeroa prozesuaren erdigunean jarriko litzateke, eta harekin harreman eraginkorragoa edukiko litzateke. "Prozesu horiekin guztiekin, Euskaltel Taldea konpainia bakar bat izango da baina tokiko marka asko dituena, eta Euskadirekin, Galiziarekin eta Asturiasekin duen konpromisoari eutsiko dio", azaldu du Artechek.

Operazio eta Eraldaketa Zuzendaritza Berria

Taldea sinplifikatzeari dagokionez, Charo Lacal izango da sortu berria den Operazio eta Transformazio Zuzendaritzaren buru. Alor hauek hartuko ditu zuzendaritza berriak: Bezeroarentzako Arreta eta Kudeaketa, Hornidura eta Gorabeherak eta Eraldaketa Proiektuak. Ekonomia Zientzietan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta MBA Executive du IEk emana. Ia 20 urte daramatza telekomunikazio-konpainietan, zenbait lanpostutan, bai korporazio-karguetan bai negoziokoetan, eta esperientzia handia du estatuan eta nazioartean.

Eraldaketa-proiektuen kudeaketan duen ibilbide luzeari esker, Lacalek ziurtatuko du taldearen arlo funtzionalak merkatuaren egoera berrira egokituko direla. Proiektu horiek barne lan-prozesuei ere eragiten diete, dinamika askoz arinagoak eta malguagoak sortzen baitituzte eta sailen arteko talde-lana sustatzen baitute.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak hauxe nabarmendu du:"Operazio eta Eraldaketa Zuzendaritza berria Transformazio Bulegoaren buru izango da, Sinplifikazio Planaren eta definitutako eraginkortasun-helburuen arabera, eta horiei gehituko zaie azelerazio digitalaren eta industrializazioaren bidez taldearen eragiketak eraldatzeko erronka".

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com