Euskaltel Taldeak kudeaketa adimenduneko zerbitzua eskainiko die Ecolaundryren zentroei

  • Telekomunikazio-taldeak aplikazio berezi bat garatuko du garbitegien erabiltzaileentzat, Euskaltel Liferen eta Ecolaundryren funtzioak bateratuko dituena.
  • Konpainiak erabaki du B2B sektorean hazten jarraitzea, bere negozio-planaren ardatz nagusitzat jotzen baitu. Lan egiten duen merkatuetan, % 60tik gorako kuota du dagoeneko ETEetan, bulego txikietan eta etxeko bulegoetan.

Bilbon, 2019ko otsailaren 19an. Euskaltel Taldea Ecolaundry konpainiaren hornitzaile teknologikoa izango da. Operadoreak Gauzen Interneten oinarritutako soluzio bat garatuko du Ecolaundryk Espainia osoan dituen 150 zentroetarako, eta, hari esker, urrutitik kudeatu ahal izango dira garbitegiak, mugikorreko aplikazio baten bidez; gainera, sentsoreak jarriko ditu Euskaltel Taldeak zentrootan errendimendua eta segurtasuna areagotzeko.

Euskaltel Life plataformaren bidez, zeinak aukera ematen baitu lokal bateko hainbat gailu integratzeko eta beste batzuekin konektatzeko (esaterako, mugikorrak, smartwatchak, eta abar), garbitegietako erabiltzaileek eta kudeatzaileek negozioa monitorizatzeko eta kontrolatzeko aukera izango dute une oro, operadoreak garbitegietan instalatuko dituen sentsore ugariri esker: mugimendua eta soinua hautematen duten sentsoreak, zaintza-kamerak, entxufe adimendunak eta makinen urrutiko kontrola.

Pauso horren bidez, Ecolaundryk Euskaltel Taldea aukeratu du bere lan-prozesuak digitalizatzeko eta giza baliabideak kudeatzeko; hala, saldu osteko denbora-epeak eta frankizien arreta hobetuko ditu, eta abantaila nabarmen bat izango du lehiakideen aurrean.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak honela dio: "Euskaltel taldea abangoardian dago, eta berrikuntza- eta eraldaketa-proiektu ugari garatzen ditu konpainia eta erakunde askorentzat. Ecolaundryrekin egin dugun aliantzari esker, adimen domotikoz hornituko ditugu bere garbitegiak, hala negozio-eredua optimizatzeko eta erronka teknologiko berrietarako soluzio egokiak eskaintzeko".

Ramón González Ecolaundryko zuzendari nagusiaren arabera: "Gure eraldaketa-prozesu digitalak helburu garbia du: establezimenduen kudeaketa integrala urrunetik egitea Gauzen Internet (IoT) teknologiaren bidez, online ordaintzeko plataforma bat martxan jartzea eta bezeroei esperientzia ezin hobea eskaintzea. Soluzio horri esker, Euskaltel Taldea gure bidaide aditua bihurtu da, eta balio erantsi bat ematen digu frankizia gisa, gainerakoetatik bereizten laguntzen diguna. Soluzio berriak, gainera, gure lehiakortasuna hobetzen lagunduko digun informazio ugari eskainiko digu"

Hazkuntza B2B merkatuan

Euskaltel Taldeak, bere negozio-ereduan, konpainia txiki, ertain zein handien partner nagusi bihurtu nahi du soluzio teknologikoak eskaintzeko. Era horretan, konpainia B2B merkatuko liderra da enpresa txiki eta ertainetan, bulego txikietan eta etxeko bulegoetan, % 60tik gorako kuota duela lan egiten duen merkatuetan.

Era berean, jakitun izanik zer bilakaera teknologiko gertatzen ari den konpainien negozio-ereduetan eta erabiltzaileen kontsumo-ohituretan, Euskaltel taldea pauso bat aurrera egitera doa bezeroari eskaintzen ari zaien zerbitzuetan, enpresa, erakunde eta partikularren aliatu nagusia izan nahian erronka teknologiko berrietan aurreratzeko. Horretarako, konpainiak enpresa-sektorean haztea jarri du egungo negozio-planaren ardatz nagusien artean.

"Gure eskaintza eta aukera hobetzeko konpromisoaren bitartez, hazi egin gara hala enpresa txiki eta ertainetan nola kontu handietan, eta horrek negozio-aukera berriak ireki dizkigu esparru horretan. Gure xedea da segmentu horretan hazten jarraitzea, produktu eta teknologia berriak garatuz, bezeroei bizitza errazago egiteko", dio Artechek.

Gainera, alor eta produktu berriak garatzeari dagokionez, gai hauekin lotutako teknologiak indartzen ari da Euskaltel Taldea: WiFia eta mugikortasuna, adimen artifiziala (AI), gauzen Internet (IoT), 4.0 industria, aplikazioak, eta, oro har, teknologia berria, ezin konta ahala negozio-aukera ireki baitituzte. Alor horietan posizionamendu garbi bat lortuta, konpainiak abiapuntu sendo bat hartzen du ez bakarrik hazkundean jarraitzeko baizik eta IKT-soluzioen hornitzaile gisa duen eskaintza zabaltzeko eta merkatu-segmentu berrietara iristeko gaitasuna handitzeko.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com