Euskaltelen Administrazio Kontseiluak José Miguel García izendatu du Taldeko kontseilari delegatu, aho batez

  • Kontseiluaren ustez, Taldearen iraunkortasuneko, hazkundeko eta balio-sorrerako estrategiaren lider izateko profesional egokia da José Miguel García.
  • Telekomunikazio-taldeak indartu egin nahi du konpainiarentzako balioa sortzeko eta akziodunentzako itzulkina lortzeko helburua, eta merkatuko lidergo teknologikoa sendotu nahi du, bere marken errotze-mailari eutsiz.
  • José Miguel Garcíak oso ondo ezagutzen du telekomunikazioen sektorea, eta, azken 30 urteetan, CEO gisa aritu da hainbat enpresatan; besteak beste, hauetan: Jazztel, Orange, Millicon Group, Cable & Wireless eta Case Technology.

Bilbon, 2019ko ekainaren 5ean. Gaur goizean bildu da Euskaltel Taldeko Administrazio Kontseilua, eta José Miguel García izendatu du, aho batez, Taldeko kontseilari delegatu berria, Izendapen eta Ordainketen Batzordeak aldeko txostena eman ondoren.

Kontseiluaren ustez, José Miguel García profesional egokia da datozen urteetan Euskaltel Taldearen Negozio eta Ekintza Plana eguneratzeko eta dinamizatzeko, bai eta Taldearen lidergoa indartzeko ere. Izan ere, sektoreak egoera zaila bizi du Europan eta Espainian, eta bultzagarriak behar ditu helburu estrategikoak lortzeko, Taldea hazkunde jasangarriko proiektu bat izan dadin, gaur egungo negozioaren iraunkortasunean eta hazkundearen azelerazioan oinarritua.

Era berean, Administrazio Kontseiluak gaur egungo kontseilari delegatuarekin, Francisco Artecherekin, kontratu-harremana amaitzea erabaki du, azken 3 urteetan Taldean egindako lana berariaz aintzatetsita: "Berak zuzendu du, ongi zuzendu ere, telekomunikazio-operadorearen eraldatze-prozesua, zeinaren bidez zerbitzu digitalen operadore eta ekonomia digitalaren trakzio-elementu bihurtu baita telekomunikazio-operadorea".

Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak uste du, konpainiaren eraldaketa digitaleko etapa hori gaindituta, fase berri bati ekin behar diola operadoreak, zeinaren ezaugarri nagusia telekomunikazio-sektoreko lehia handia izango baita. "Iritsi da unea Euskaltel Taldeak jasangarritasuna, hazkundea eta balioa sortzeko finkatutako estrategiari abiadura eta bultzada emateko".

Administrazio Kontseiluaren ustez, Euskaltel Taldearen funtsa dira, batetik, bere jarduna garatzen duen herrialdeekiko lotura estua, eta, bestetik, interes-talde guztientzako balioa sortzeko eta herrialde horietako garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko duen asmoa. Gainera, denboran iraungo duen enpresa-talde arduratsua izatea du azken helburutzat Taldeak.

Horretarako, Administrazio Kontseiluak José Miguel Garcia izendatu du kontseilari delegatu: "Telekomunikazio-sektorea ongi ezagutzen du, eta horrek lagunduko dio Taldeari gaur egungo merkatuaren baldintza zailetan aurrera egiten, eta gure akziodunei estrategia sortzaile, erakargarri eta baliotsua eskaintzen".

Kontseilari delegatu berriarekin, telekomunikazio-taldeak indartu egin nahi du konpainiarentzako balioa sortzeko eta akziodunentzako itzulkina lortzeko helburua; eta, horrez gain, merkatuko lidergo teknologikoa sendotu nahi du, bezeroarekiko orientazioa indartu, enpresa eta partikularrentzako komunikazio-soluzio espezifikoak garatu, sinergiak maximizatu, eta, beraz, Taldearen emaitza hobetu, betiere Euskaltelen, Telecableren eta R-ren errotze-mailari eutsiz eta Taldearen barruko koherentzia eta Taldeko kultura bermatuz.

" Euskaltel: hazkunde errentagarriko proiektu bat"

José Miguel García Euskaltel Taldeko kontseilari delegatu berriak hau adierazi du izendapenaren ondoren: "Sinesten dut Euskaltel Taldeak ahalmen handia duela Espainiako telekomunikazio-merkatuko erreferentzia baliotsua izateko. Eta ikusi dut hauek direla arrakasta horren oinarriak: batetik, indargune estrategikoa, eta, bestetik, Taldearen hiru markak merkatuan sendo errotuta egotea; horrek guztiak Euskaltel Taldearen eta haren interes-taldeen arteko lotura sendotzen du, bai eta Taldeko pertsonekiko konpromisoa ere".

José Miguel Garcíaren hitzetan, Euskaltel Taldea "hazkunde errentagarriko proiektu bat da, balioa sortzeko behar diren aktibo guztiak dituena", eta sei zutabetan hartzen du oinarri Taldearen etorkizuneko arrakastak: antolakuntza sendo, erraz eta eraginkorra, esperientzia handiko talde batek gidatua;produktu indartsu bat, eskaintza homogeneo eta baliotsua osatzen duena; marka sendoak, tokiko eta estatuko merkatuen aukerei erantzuteko gai izango direnak, horiek baitira arrakasta bermatuko duten aktiboak; ondo bideratutako estrategia komertziala, ?best practice?an oinarritua; faktoria bakar bat, estrategia komertzialari lagunduko dion eta eraginkortasuna bultzatuko duen sistema-, sare- eta eragiketa-azpiegitura sendo batekin; eta hazkunderako aukera handia ematen duen merkatu bat.

Eskarmentu profesional handia

José Miguel Garcíak eskarmentu profesional handia du. Elektrizitate eta Elektronikako lizentziaduna da, eta Komunikazio Digitaletako master bat egina du Melbourneko Monash Unibertsitatean. Telekomunikazio- eta teknologia-aholkulari gisa hasi zen lanean Lincoln Scott International-en (Australia). Azken 30 urteetan CEO gisa osatu du bere lan-ibilbidearen parte bat 16 herrialdetan, Australia, Europa, Latinoamerika eta Estatu Batuetan. 2018an, arrakastaz hartu zuen parte Amazonek eta Canonek SQRRL eta Briefcam, hurrenez hurren, eskuratzeko prozesuetan. 2016an eta 2017an, Millicon Group-en Kontseiluko kide eta lehendakariorde izan zen, eta Orange Group-eko aholkulari estrategikoa Fix-Mobile konbergentziaren Europako negozio-unitateen transformaziorako.

Jazztel Espainiako telekomunikazio-enpresaren CEOa izan zen 2006tik 2015era bitartean, eta Espainiako telekomunikazio-merkatuan azkarren hazi zen operadorea izan zen Jazztel urte haietan. 2006an Jazztel-era jo aurretik, José Miguel García jaunak nagusiki Cable & Wireless-en lan egin zuen; han, kargu hauek izan zituen: Espainiako eta Portugalgo CEOa, Europako lehendakariorde exekutiboa, CEOa Panaman, eta zuzendari nagusia Erresuma Batuan eta Irlandan. Aurretik, lehendakari exekutibo eta CEO gisa aritu zen, Espainian eta Portugalen, berak sortutako Case Technology konpainian; gero, berak zuzendu zuen Cable & Wireless, Plc. konpainiak Case Technology erosteko prozesua 2000. urtean. Halaber, inbertitzaile estrategiko eta munduko zenbait start-upen Kontseiluko aholkulari izan da azken 25 urteotan.

Ondo ezagutzen ditu Euskadiko azpiegitura teknologikoak eta industria-sarea

1990etik 1995era bitartean Case Technologyko kontseilari delegatu zelarik, José Miguel Garcíak, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, EAEko hiru lurraldeetara zabaltzeko zuntz optikoko sare-azpiegituren mapa baten proiektua diseinatu zuen; gerora sortuko zen Euskalneten ernamuina izan zen hura. Urte haietan Euskadin garatu ziren proiektu askotarikoek aukera eman zioten hiru lurraldeetako azpiegitura teknologikoak eta haien arteko enpresa- eta industria-bilbea ezagutzeko, garai hartan martxan hasi berriak ziren tokiko industrialde eta parke teknologikoen bidez (izan ere, José Miguel Garcíaren enpresak diseinatu eta prestatu zituen Bizkaiko Parke Teknologikoko eta Guretzetako ospitaleko zuntz optikoko lehenengo azpiegiturak). Halaber, EAEko erakunde guztiekin harremanetan jartzeko aukera ere izan zuen garai hartan: autonomia-, foru- eta toki-erakundeekin.

Kontseilari berriak

Gainera, Euskaltel Taldeko Administrazio Kontseiluak, kooptazio bidez, Kontseiluko kide izendatu du Eamonn O?Hare, Izendapen eta Ordainketen Batzordeak aldeko txostena eman ondoren. Kontseilari ahalduna izango da, eta Zegona Communications PLC ordezkatuko du.

Eamonn O'Harek ingeniaritza aeroespaziala ikasi zuen Queeneko Unibertsitatean, Belfasten, eta MBA egin zuen London Business Schoolen. Hogei urte baino gehiago daramatza mundu osoan gehien hazten ari diren enpresa teknologiko eta kontsumoko enpresa batzuetan lanean, kontseilari gisa edo zuzendaritzako karguetan. Gaur egun, Zegona Communications Plc-ko lehendakari eta kontseilari delegatua da. Telekomunikazioko, komunikabideetako eta teknologiako (TMT) konpainia bat da, eta Londresko Burtsan kotizatzen du.

2009tik 2013ra, Virgin Mediako finantza-zuzendaria eta Administrazio Kontseiluko kidea izan da (entretenimenduaren eta komunikazioaren arloko Britainia Handiko konpainia nagusia da Virgin Media). Halaber, kontseilari ez-exekutiboa da Dialog Semiconductor Plc enpresako administrazio-kontseiluan (kontsumoko teknologian liderra da enpresa hori, eta funtsezko osagaiak eskaintzen dizkie munduko mugikor-marka arrakastatsuenei). 2014-2015ean, enpresa horretako Auditoretza Batzordeko lehendakaria izan zen. Eta, azkenik, Tele 2ko Administrazio Kontseiluko eta Auditoretza Batzordeko kontseilari exekutiboa ere izan zen (Eskandinaviako eta Baltikoko herrialdeetako telekomunikazioen konpainia garrantzitsua da Tele 2).

Akziodunen Batzar Nagusirako deialdia

Bestalde, Administrazio Kontseiluak Akziodunen Ohiz Kanpoko Batzar Orokorra deitzea erabaki du: uztailaren 10ean egingo da, konpainiaren egoitzan. Akziodunen Batzar Orokorrak bi erabaki hartu beharko ditu: batetik, aurrerantzean 13 kontseilarik osatzea Euskaltelen Administrazio Kontseilua (12 ziren orain arte), eta, bestetik, Robert Samuelson kontseilari ahaldun izendatzea.

Halaber, Batzar Orokorrak bi izendapen berrestea aurreikusi du: batetik, José Miguel García Fernándezen kooptazio bidezko izendapena, kontseilari exekutiboko kargurako, estatutuek agintzen duten 4 urteko eperako, eta, bestetik, Eamonn O'Hareren izendapena, kooptazio bidez hura ere, kontseilari ahaldun kargurako.

Euskaltel SAren Administrazio Kontseiluko kideak

Euskaltel Taldeko Administrazio Kontseiluak gaurko bileran hartutako erabakien ondoren, honela gelditu da osatua Kontseilua:

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com