Ekoiztetxeek egia ezkutatu dutela, jokabide desleiala izan dutela eta iruzurrezko ez-egitea egin dutela uste du

Euskaltelek bere bezeroen alde salaketa jarri du Kontsumobideren aurrean hiru ekoiztetxeren aurka

  • Kontsumobideren aurrean jarritako salaketa honez gainera, Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren aurrean ere jarria zuen salaketa aurretik, ekoiztetxeek datuak babesteko legedia urratu dutelakoan.
  • Euskaltelen ustez, ekoiztetxeek informazioa ezkutatu diete bezeroei, haiek uste izateko jabetza intelektualeko arau-hauste bat egin dutela, eta, hala, diru-kantitate bat ordain dezaten lortzeko.
  • Euskaltelek bere salaketan adierazi duenez, "ekoiztetxeek egia ezkutatzea jokabide desleiala da, eta iruzurrezko ez-egitetzat jo daiteke".
  • Bezeroak jasotzen ari diren gutunak ezagutu ahala, legezko akzioak hartzen ari da Euskaltel, eta erakunde eskudunen aurrean salaketak jartzen, bere bezeroen eskubideak babesteko.
  • Euskaltelek azpimarratu duenez, "gure bezeroen legezko eskubideak zaintzeko lanean jarraitzeko konpromisoa dugu".

Derion, 2019ko uztailaren 9an. Bere bezeroen alde beste pauso bat eman, eta Kontsumobideren aurrean salaketa jarri du Euskaltelek Reliance Entertainment Productions LLC., Venice PI, LLC eta Wind River Productions LLC ekoiztetxeen kontra. Izan ere, ekoiztetxe horiek dirua eskatuz gutunak bidali dizkiete Euskaltelen bezero batzuei, esanez ordaintzen ez badute bide judiziala hasiko dutela ustez ekoiztetxeen edukiak, zuzenean edo zeharka, partekatzeagatik, eta, hala, Jabetza Intelektualaren Legea urratzeagatik.

Euskaltelek bezeroek jasotako gutunak aztertu, eta egiaztatu du gertaerak ez direla behar bezala kontatzen, eta, beraz, iruzur-egintza desleialtzat hartu behar direla. Lehenik eta behin, Euskaltelek bere salaketan adierazi duenez, ekoiztetxeek bezeroei bidalitako idatzian esaten da Bilboko 1. Merkataritza Epaitegiak bezeroen datuak eskatu zituela "XXXX fitxategia XXXX IPtik, zuzenean edo zeharka, zabaldu duen (eta, beraz, arau-hauste hori egin duen) IParen titularra delako, eta, ekintza horren bidez, Jabetza Intelektualaren Legea urratu duelako". Euskaltelen ustez "gezurra da guztiz agerraldiaren aktan edo atariko eginbideetako beste ezein prozeduratan agertu denik Euskaltelek arau-haustea egin duen IParen titularra identifikatu behar duela fitxategi jakin bat eskura jartzeagatik edo, zuzenean edo zeharka, zabaltzeagatik".

Euskaltelek azaldu duenez, "iruzur-egintzak dira, Lehia Desleialaren 3/1991 legeko 5. artikuluaren arabera" eta, gainera, "gutunak egintza desleialak dira, iruzurrezko ez-egiteak, lege horren beraren 7. artikuluaren arabera". Kontsumobideren aurrean jarritako salaketa arrazoitzeko, lege-testuak erantsi ditu Euskaltelek, azaltzeko zer diren iruzur-egintzak, batetik, eta iruzurrezko ez-egiteak, bestetik.

Euskaltelek dio, faltsutze horrekin, ekoiztetxeek hartzailea nahasi nahi dutela eta haren portaera ekonomikoa aldatu jabetza intelektualeko eskubidea ordainaraziz. "Erabiltzaileari bidalitako gutunean -azaldu du Euskaltelek salaketan-, ez da esaten eta ezkutatu egiten da hartzaileak gauzen berri aski jakinda erabaki bat hartzeko behar duen informazioa". Atariko eginbideen eskaera bat betetzeko baino ez den merkataritza-epaitegi batek aurrez esku hartu izana baliatzen du ekoiztetxeak itxura emateko jabetza intelektualaren alorrean arau-hauste baten erantzukizuna aitortu zaiola. "Egia ezkutatze hori -eta egia bakarra da inork ez duela ezeren erantzule aitortu- jokabide desegokia da eta iruzurrezko ez-egitetzat jo daiteke".

Argudio horiekin, Euskaltelek salaketa bana jarri ditu Kontsumobiden ekoiztetxeek egindako jarduera irregularren ondorioz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kalterako baitira. Argudiatu du portaera desegoki horrek eta prozedura judizial bat oker erabiltzeak kezka handia sortu duela Euskaltelen bezeroengan, eta baita Euskaltelengan ere.

Euskaltelek Datuak Babesteko Agentzian ere salaketa aurkeztu zuen

Kontsumobideko salaketa beste salaketa bat gehiago da, Euskaltelek maiatzean Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren aurrean (AEPD) hiru salaketa aurkeztu baitzituen bere ustez aipatutako hiru ekoiztetxeak datuak babesteko araudia urratzen ari zirelako. Euskaltelen ustez, aurrekoan erabilitako bide desegoki berak erabiltzen ari dira orain ekoiztetxeak. AEPD dagoeneko ari da gertaerak ikertzen. Euskaltelek Venice PI LLC zinema-ekoiztetxea salatu zuen lehenik, maiatzaren 20an, ustez datuak babesteko araudia urratu zuelako, Euskaltelen bezeroen datuak erabilita. Gero, ekainaren 7an, Reliance Entertainment Productions LLC ekoiztetxea salatu zuen AEPDren aurrean, eta, hiru egun geroago, ekainaren 10ean, Wind River Productions LLC; kasu guztietan, erabiltzaileen datuak erabiltzeagatik.

Euskaltel neurriak hartzen ari da erakunde eskudunen aurrean, gertaeren berri izan ahala eta bezeroak jasotzen ari diren gutunen edukia ezagutu ahala. Hori horrela, salaketak jartzen ari da erakunde eskudunen aurrean, eta bere bezeroen eskubideak babesteko hartu beharreko neurriak hartzen.

Beste operadore batzuei eragiten die

Azken hilabeteetan, Euskaltelen bezero batzuek zinema-ekoiztetxe batzuen mezu elektronikoak jaso dituzte beren helbide elektroniko partikularretan. Mezu horietan, zenbait euro ordaintzeko eskatzen zaie bezeroei: "bide judiziala hastea saihestu nahi bada, ekoiztetxeak horretarako eskubidea du eta"

Beste epaitegi batzuek beste operadore batzuen antzeko eskaerak jaso dituzte. Zinema-ekoiztetxeek Internet bidezko film-deskargak direla-eta demanda aurkezte horrek berdin-berdin eragin diezaieke estatuko beste telekomunikazio-operadoreen erabiltzaileei ere. Auzitegi batzuek ebazpen judizialak eman dituzte telekomunikazio-operadoreak behartuz (Euskaltel, kasurako) IP jakin batzuen datuak ematera, zinema-ekoiztetxeek hala eskatuta.

Euskaltelen bezeroak izan dira lehen erasanak; izan ere, euskal operadorearen egoitza Bilbon dago, eta Bilboko epaitegiak izan dira estatuko lehenak halako demandei erantzuten lanaren kudeaketa eta banaketa dela eta. Madrilgo epaitegiak, berriz, prozesuaren aurretiko fasean daude oraindik, egoitza estatuko hiriburuan duten operadoreen bezeroen demandak aztertu behar baitituzte.

Euskaltel behartu egin zuten datuak epaitegiei ematera

Euskalteli dagokionez, Bilboko merkataritza-arloko epaitegiek behartu egin dute operadorea IP batzuen titularren datuak jakinaraztera; zehazki esanda, ekoiztetxeek aipatutako filmak P2P bidez ustez partekatu zituzten IPen datuak ematera.

Operadoreak behin eta berriz uko egin zion Epaitegiari datuak emateari, baina Euskaltelek datuak ez emateko egindako alegazioak ezetsi egin ziren, eta, horrenbestez, informazio hori epaitegian ematea beste aukerarik ez du izan Euskaltelek. Beraz, epaitegiak behartu egin zuen Euskaltel bezeroen datuak ematera, helegitea jartzeko aukerarik utzi gabe, eta, epaitegiak ekoiztetxearen esku utzi zituen datuok.

Ondoren, epaitegiek helarazitako helbideak jaso ondoren, ekoiztetxeek gutunak bidali zizkieten erabiltzaileei filmak deskargatzeagatik ordaintzeko eskatuz. Gertaera horiek salatu ditu Euskaltelek, AEPDren aurrean, bere ustez legea urratu delako erabiltzaileen datuak erabiltzean, eta, orain, Kontsumobideren aurrean salatu ditu portaera desegokiagatik eta iruzurrezko ez-egiteagatik. Azpimarratu behar da Euskaltel taldeak ez dituela inola ere arau-urratzailetzat hartzen IP helbide horien titularrak, ez duela baloraziorik egiten erabiltzaileen jardunaren zilegitasunari edo zilegitasun-ezari buruz eta ekoiztetxeei ez dizkiela bidali bezeroen datuak.

Euskaltelek erabiltzaileei bidalitako jakinarazpena

Euskaltelek erabiltzaileei aholkatzen die ezen, zinema-ekoiztetxe baten mezu elektroniko bat edo gutun bat jasotzen badute jabetza intelektualaren eskubideak direla-eta diru-kopuru bat eskatuz, AEPDri jakinaraz diezaiotela; izan ere, baliteke eskubide-urraketa bat izatea. Jakinarazpen hori egiteko, webgune honetan ezarritako erreklamazio-prozedura erabil daiteke: https://sedeagpd.gob.es/sede-electronica-web/vistas/formNuevaReclamacion/reclamacion.jsf

Gainera, Euskaltelek https://www.euskaltel.com/eu/euskaltelen-erantzuna, helbidea jarri du bere webgunean, bezeroek gai horri buruz dituzten ohiko galderen erantzunak aurkitzeko. Halaber, euskaltelenerantzuna@euskaltel.eus, helbide elektronikoa jarri du bezeroen eskura, horri buruzko zalantzak argitzeko edo argibide gehiago emateko.

Azkenik, Euskaltelek azpimarratu duenez, "gure bezeroen legezko eskubideak zaintzeko lanean jarraitzeko konpromisoarekin jarraituko dugu".

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com