Euskaltel Taldeak 23 milioi euroko irabazi garbiarekin itxi du urteko lehen seihilekoa

  • Taldearen bide-orri berria onetsi ondorengo lehen emaitzek adierazten dute joera-aldaketa bat izan dela negozioaren bilakaeran bigarren hiruhilekoan; alde batetik, errentagarritasuna eta bezero-zorroa hazi egin dira (Ebitda % 4 igo da eta marjina gordina, berriz, % 2), eta, bestetik, etxeko eta enpresetako bezero baliotsuak ere ugaritu egin dira zerbitzu guztietan: banda zabala, ordainpeko telebista, telefonia mugikorra eta telefonia finkoa.
  • Taldearen diru-sarrerak 171,1 milioi eurora iritsi dira urteko bigarren hiruhilekoan, merkatu masiboan % 1,3ko hazkundea izan baitu, lurralde berrietara hedatzeko planaren arrakastari esker. Diru-sarrerak 342,8 milioi eurokoak izan dira seihilekoan.
  • Ustiapen-irabazi gordina (Ebitda) % 4 hazi da aurreko hiruhilekokoaren aldean, eta 84,4 milioi eurora iritsi da, diru-sarrerekiko % 49,4ko marjina lortuta. Hala, azken bost hiruhilekoetako maximo historikora iritsi da, eta 210 oinarri-puntu hazi da hiruhileko honetan. Guztira, 165,5 milioi eurora iritsi da seihilekoan.
  • Cash Flow operatiboa 46,1 milioi eurokoa izan da bigarren hiruhilekoan; diru-sarrerekiko % 27ko marjina esan nahi du horrek, eta sektoreko erreferente gisa nabarmentzen du Euskaltel Taldea. Seihileko osoan, 92,6 milioi euro.
  • Merkatu masiboko bezero-zorroak 4.000 erabiltzaile berri gehiago lortu ditu, urteko bigarren hiruhilekoan 772.000 bezero izateraino; beraz, hazteko joera nagusitu da berriro ere.
  • Bestalde, 2,8 milioi produktutik gora dauzkate kontratatuta Euskaltel, R eta Telecableren bezeroek; alegia, azken hiruhilekoan, 43.000 kontratu berritik gora egin dira.
  • Balio handiko bezeroen kopuruak gora egin du urteko bigarren hiruhilekoan:

    o Ondoren ordaintzeko 24.000 linea mugikor berri; guztira 1,15 milioi linea baino gehiago.

    o Banda zabaleko 7.000 zerbitzu berri; guztira, 587.000.

    o Ordainpeko telebistak 10.000 zerbitzu berri gehiago ematen ditu orain; guztira, 465.000 zerbitzutik gora ematen ditu, eta bezeroen % 60k baino gehiagok du.

    o Ahots finkoko zerbitzuak ere 3.000 gehiago dira; guztira, 621.000 dira orain.

  • Balio erantsi handiko bezeroen -hots, 3-4 produktu kontratatuak dituztenen- kopuruak handitzen segitzen du, eta sektoreko kopururik handienen artean gaude, erabiltzaile bakoitzak batez beste 3,66 produktu baitauzka kontratatuta; inoizko kopururik handiena.
  • Enpresen merkatuko bezeroen hazkundeak izan duen bilakaerak berretsi egiten du ekitaldi honetako goranzko joera; ETE-entzako produktuen merkaturatzea eta FTTH sareko zerbitzu aurreratua ditu oinarri hazkunde horrek.
  • Enpresaren bide-orri berria onetsi eta abian jarri ondorengo lehen emaitzak dira hauek; hazkunde errentagarria izatea eta akziodunentzat balioa sortzea du helburu bide-orri berriak.

Bilbon, 2019ko uztailaren 26an. Euskaltel Taldeak -Euskaltel, R eta Telecablek osatua- 2019ko bigarren hiruhilekoko datuak aurkeztu ditu gaur goizean, José Miguel García Taldeko kontseilari delegatu berriak aurkeztutako enpresaren bide-orri berria onetsi eta abian jarriz geroztik egin den emaitzen lehen jendaurreko aurkezpenean; hazkunde errentagarria izatea eta akziodunentzat balioa sortzea du helburu bide-orri berriak.

Taldearen bide-orri berria onetsi ondorengo lehen emaitzek adierazten dute joera-aldaketa bat izan dela negozioaren bilakaeran bigarren hiruhilekoan; alde batetik, errentagarritasuna eta bezero-zorroa hazi egin dira (Ebitda % 4 igo da eta marjina gordina, berriz, % 2), eta, bestetik, etxeko eta enpresetako bezero baliotsuak ere ugaritu egin dira zerbitzu guztietan: banda zabala, ordainpeko telebista, telefonia mugikorra eta telefonia finkoa.

Bigarren hiruhilekoko diru-sarreren kalitateari eta kostu-kontrolaren kudeaketari esker, 23 milioi euroko irabazi garbia eta 342,8 milioi euroko diru-sarrerak izatera iritsi da Euskaltel Taldea 2019ko ekainaren 30ean.

Ustiapen-irabazi gordina (Ebitda) 84,4 milioi eurora iritsi da -165,5 milioi eurora, seihilekoan-; beraz, % 4 hazi da aurreko hiruhilekoaren aldean, diru-sarrerekiko % 49,4ko marjina lortuta. Hala, enpresaren azken bost hiruhilekoetako maximo historikora iritsi da, eta 21 oinarri-puntu hazi da aurreko hiruhilekotik. Bigarren hiruhilekoan Ebitda hazteko arrazoi nagusia izan da diru-sarrerekiko marjina gordina hazi egin dela, % 73,6koa izan baita -aurreko hiruhilekoan, berriz, % 71,1ekoa-, diru-sarrerak kalitate handiagokoak izan direlako eta kostuak kontrolatzeko neurri egokiak hartu direlako.

Cash Flow operatiboa (Ebitdaren eta inbertsioen arteko aldea) 46,1 milioi eurokoa izan da bigarren hiruhilekoan -92,6 milioikoa seihilekoan-; diru-sarrerekiko % 27ko marjina esan nahi du horrek, eta telekomunikazioen sektoreko erreferente gisa nabarmentzen du Euskaltel Taldea.

Enpresaren kutxa-hornitze sendoa dela eta, 55 milioi euroko dibidendua banatu du -25 milioi konturako dibidendu gisa, joan den otsailaren 7an, eta 30 milioi dibidendu osagarri gisa, uztailaren 9an-. Horrek esan nahi du % 4,2ko errentagarritasuna izan dela, 2018ko akzioaren batez besteko prezioarekiko haztatuta, eta duela urtebete ordaindutakoa baino % 11,5 gehiago ordaindu dela aurten.

Enpresaren emaitza onekin batera, urteko bigarren hiruhilekoan bada nabarmentzeko beste zerbait: Taldearen bezero-kopuruaren hazkundea sendotu egin da. Hala, hazkundearen joera aldatu egin da azken hiru hilabete hauetan, merkatu masiboan 4.000 alta baino gehiago izan baitira (guztira, 772.000 bezero ditu). Taldea bere merkatu naturaletatik kanpo -hots, Nafarroan, Errioxan, Leonen, Kantabrian eta, RACCekin batera, baita Katalunian ere- ezartzen ari den hedatze-planaren emaitzak dira hori gertatzeko arrazoi nagusia.

Hazi egin da balio handiko bezeroen zorroa

Taldearen balio handiko bezeroen zorroak hazten jarraitu du bigarren hiruhilekoan. Hiruhileko honetako balantzean, nabarmendu behar da Euskaltel, R eta Telecable-ren bezeroek produktu eta zerbitzu gehiago kontratatu dituztela negozio guztietan; 43.000 kontratu berri erregistratu dira, eta 2,8 milioi produktu kontratatu baino gehiago izatera iritsi gara. Horri dagokionez, aipatzekoa da 3 eta 4 produktuko kontratuak dituzten balio handiko bezeroen zorroak hazten jarraitzen duela sektoreko mailarik altuenetara, eta erabiltzaile bakoitzak 3,66 produktu kontratatu dituela.

Segmentu eta negozio guztien bilakaera ona izan du oinarri urteko bigarren hiruhilekoko hazkundeak. Telefonia mugikorrean, sendotu egin da gure nagusitasuna: 24.000 linea berri ditugu; guztira, ondoren ordaintzeko 1,15 milioi mugikor-linea baino gehiago.

Ordainpeko telebistari dagokionez, hiru hilabete hauetan 10.000 zerbitzu berri erregistratu ditu Taldeak, eta 465.000 baino gehiago izatera iritsi da; hots, konpainiaren bezeroen % 60k baino gehiagok du zerbitzu hau.

7.000 baino gehiago hazi dira Banda Zabaleko zerbitzu kontratatuak, eta 587.000ra iritsi dira; ahots finkoko erabiltzaileen artean, 3.000 zerbitzu berri baino gehiago lortu dira, eta 621.000 baino gehiago izatera iritsi dira hiruhilekoaren amaieran.

Balio handiko bezeroen hazkunde horren ondorioz, merkatu masiboko diru-sarrerek % 1,3 egin dute gora bigarren hiruhilekoan, eta 136,9 milioi euroko diru-sarrerak izan dira. Gorakada horrek inflexio-puntu bat adierazten du aurreko hiruhilekoekiko; nagusiki, lurralde berrietan hedatzeko planak izandako arrakastaren ondorioz.

Enpresen merkatuari dagokionez, azpimarratu behar da bezeroen hazkundearen bilakaerak berretsi egiten duela ekitaldi honen joera positiboa, eta hazkunde horren oinarrian ETE-etarako produktuen merkaturatzea eta FTTH sarearen gaineko zerbitzu aurreratuak daudela.

Azpimarratzekoa da joera-aldaketa nabarmena ari dela gertatzen Taldearen guztizko diru-sarreren hazkundean -merkatu masiboa gehi enpresen merkatua-, eta hazkunde positibotik hurbil dela urteko lehen seihileko honetan.

Bide-orria betetzea

José Miguel García taldeko kontseilari delegatu berriak aurkeztu eta Euskaltel Taldeko Administrazio Kontseiluak aho batez onartu zuen bide-orri berria abian jarri izanaren emaitzak erakusten hasi dira 2019ko bigarren hiruhilekoko datuak. Bide-orri horrek, hain zuzen, hazkunde errentagarria duen proiektu bat egitea eta akziodunentzat balioa sortzea du helburu.

Bide-orri berri hori martxan jartzeko, denbora errekorrean, antolamendu-egitura berri bat ezarri da hiru marketarako, sinplifikatua, integratua, erabat operatiboa eta merkatuko jardunbide onenetan oinarritzen dena. Konpainiaren baliabide operatibo guztiak bi negozio-unitateren inguruan antolatu dira: merkatu masiboa (etxebizitzak + SOHO) eta enpresen merkatua (ETEak eta kontu handiak). Eta fabrika teknologiko bakarra eta integratua ezarri da hiru markentzat, konpainiaren merkataritza-estrategia babesteko eta bezeroei eskaintza homogeneo eta baliotsua egiteko.

Hain zuzen ere, lehen aste hauetan, Taldearen historian lehen aldiz, eskaintza baliotsu eta homogeneo bat merkaturatu da hiru markentzat, Karlos Arguiñano sukaldari ospetsu eta telebistako erreferenteak parte hartu duen kanpaina baten bidez.

Taldearen estrategia haren markek -Euskaltel, R eta Telecable- beren merkatuetan duten sendotasunean oinarritzen da, eta markak zein bere lurraldean are gehiago errotzea du helburu.

Taldeak indar hartu du bere merkatu naturaletan, eta hiru marketarako eredu operatibo bakarra inplementatu du; orain, Taldeko markak beren lurraldeetan lider izatera eta merkatu naturaletatik hurbileko eskualdeetara zabaltzen hasi eta arrakasta lortzera eraman dituen bezeroentzako proposamen baliozkoak oinarri hartuta, estatuan hedatzeari ekingo dio Euskaltel Taldeak; hala, oraindik sartu ez den lurralde baten merkatuaren % 85era begira hasiko da lanean, eta hazteko eta errentagarritasuna lortzeko aukera bikaina izango du.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com